Jeanne Holm. NASAko ezagutzaren arkitektoa

«Datuetan sakonduz jakin daiteke gobernuaren tituluak egia ote diren»

Datu baseak ezinbesteko tresna bihurtzen ari direla dio Holmek, baina kontuz ibili behar dela ohartarazi du. Informazioari erabilera ezegokia emateko arriskua badagoela onartu du.

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2011ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Datu baseak, informazio trukea, gobernu irekia, e-demokrazia eta antzeko kontzeptuez hitz egin zuten atzo Bilbao Web Summit jardunaldietan. NASAko ezagutzaren arkitekto Jeanne Holmek espazio agentziak berak etaAEBetako administrazioak dituzten datu baseen nondik norakoak azaldu ditu. Informazio horrek uste baino erabilgarritasun handiagoa duela dio: «Negozioetarako pizgarri ere izan daiteke».

Zein da ezagutzaren arkitekto baten lana?

Agentziaren sail eta alde ezberdinetan sortzen den informazioa bilatzen eta biltzen saiatzen naiz; informazio hori NASAko zientzialari eta beharginen artean partekatzen dut gero, baita publikoarekin ere. Askotan gertatzen da espazio egitasmo garrantzitsu batean lanean ari garela, egundokoa den zerbaitetan, eta parte hartzen duten guztiek partekatzen dute informazio hori. Baina gero ez dute motibaziorik egingo den hurrengo proiektuarekin partekatzeko. Esan nahi dut, aurretik ibili direnek ikasi dutena ez dute hurrengoan ibiliko direnek ezagutzen, eta maiz bigarrenez asmatu behar da NASAk aurretik bazekien zerbait. Ziurtatu nahi dugu proiektu bakoitzetik zerbait ikasi dugula, eta pertsona bakoitzaren ezagutza guztiena izatea. Informazio transmisio horretan Internetek erabateko garrantzia du.

Gizarteak ere eskura al du?

Noski. NASAk bere informazioa publiko egiten du. Bada zati txiki bat, oso-oso txikia, ezagutzera ematen ez dena. Adibidez, bukatu gabe dauden proiektuen informazioa gorde egiten da. Baina behin burututakoan ezagutzera emango da, noski. Informazio pribatuarekin ere egiten dugu lan, eta hori gorde egiten da. Baita segurtasunarekin lotuta egon daitekeena ere. Espaziontziak kontrolatzeko erabiltzen den informazioa misilak kontrolatzeko ere erabiltzen da. Eta hori, noski, ezin da publiko egin. Segurtasun nazionala da.

Partekatzen duzuen horretan zer aurki daiteke?

Beste planeta batzuei buruzko informazio zabala dago: irudiak, atmosfera, mapak... Baina baita gure planetari buruzkoa ere. Klima aldaketa behatzen dugu, poloetako izotza, ozeanoetako kontuak, olatuak... Une honetan, kasurako, Nazio Batuen Erakundearekin elkarlanean Afrika behatzen ari gara espaziotik. Ura non dagoen eta zenbat jakin dezakegun, dela lur azalean dela lurpean. Informazio hori oso erabilgarria da, Afrikan ur gabeziarekin arazo larriak baitituzte. Hegaztien migrazioa ere gertutik aztertzen dugu, eta informazio hori erabilgarria da aire nabigaziorako. Horri lotuta, Europako Batasunean, adibidez, Fly save izeneko programa batean ari gara, eta aire nabigazioan asko gutxitu dira hegaztiekin izaten dituzten istripuak.

Aipatu dituzun kasuei erreparatuz gero, badirudi NASAk publiko egiten duen informazio hori gobernuei, administrazioei, enpresei eta halakoei zuzenduta dagoela. Zer ekarpen egiten zaio, bada, sareko erabiltzaile arruntari? Ustez gizartearentzat den zerbitzu horri zer erabilera eman diezaioke?

NASAren webguneakdituen bisitarien %70 kuriositatez gerturatzen dira guregana. Hau edo beste jakin nahi dutelako, albisteetan zerbait entzun dutelako eta gehiago jakin nahi dutelako. Jakin-min horri erantzuteko hainbat bitarteko ditugu denen eskuragarri: bideoak, infografiak, azalpenak... Facebooken ere eztabaidarako eta informazio trukaketarako aukera ematen zaie. Alegia, gure jarraitzaile gehienak ez dira zientzia kontuetan adituak, ez eta erakunde handiak ere. Herritar arruntak dira. Adibidez, lehen aipatu dut itsasoak eta ozeanoak behatzen ditugula. Horri buruzko informazioa, demagun olatuei buruzkoa, oso erabilgarria izan daiteke nabigazioa gustuko duen batentzat. Meteorologia datuak ematen ditugu. Gaur egun, sakelako telefono guztiek ematen dute eguraldiaren berri.

NASAk ez ezik, AEBetako Gobernu Federalak ere badu datu basea. Informazioa eskuragarri egotea ona da, baina den-dena ere ezingo da zabaldu ala?

Publiko egin aurretik gainbegiratzen dugu informazioa. Eta mosaiko efektua deitzen duguna ere zaintzen dugu. Adibidez, nik NASAren informazioa zabal dezaket. Primeran. Eta Aireko Armadak ezagutzera eman dezakeela uste duen informazioa zabaltzen du. Oso ondo hori ere. Baina bi informazioak batuz, segurtasun nazionala arriskuan jar dezakeena sor daiteke. Halakoak saihesten dira.

Herritarrei buruzko informazioaz galdetzen nizun gehiago.

Oso informazio pertsonal gutxi zabaltzen da. Zerga zerbitzuaketa Gizarte Segurantzak baditu daturen batzuk, baina gainontzekoan pribatutasuna zaintzen da.

Gobernu eta administrazio guztiek informazioa publiko egin beharko luketela diozu, demokratikoagoa litzatekeelako. Baina herritarrak nola daki politikarien benetako datuak direla argitara atera direnak?

Horretarako dira datu baseak. Obama presidenteak kargua hartu zuenean datu guzti-guztiak, baita bigarren eta hirugarren mailakoak ere, ezagutzera emateko agindu zuen. Hala, herritarrek eta kazetariek informazio guztia dute eskura, eta datuotan sakon begiratuz gero jakin dezakete titulu handietan gobernuak saldu duena egia den edo ez. Informazioa zenbat eta zabalagoa izan, orduan eta fidagarriagoa izango da.

Herritarrek ere datu baseak osatzen lagun dezaketela diozu, edo eurenak sortu, baina beldurragatik ez dutela gehiegi egiten.

Norberak sarean jartzen duena denen eskura egoteak erreparo handia sortzen du. Baina azken batean argitara daitekeen informazioaz ari gara, eta jendeak hori argi izan behar du. Bai beldurra dutenek, bai edozer publikatzen dutenek. AEBetako datu basean herritarrek zerbait jartzen dutenean zertan ari diren ohartarazten dugu, eta hori egin nahi dutela ziur dauden galdetzen diegu.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.