Garazi Kamio Anduaga.
Uda mudan

31

2013ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Iritsi da amildegiaren muga, beste behin. Egutegiari buelta emateko eguna; orrialdea kentzekoa; urtea hasi aurretik erosi genuen orri-sorta mardul hura ederki findu dela ikustekoa. Uda gaur amaitzen dela ere badakizu; irailaren 21ean akitzen dela esaten zuen hura eskola garaiko gezur txikia delako. Jarri diozu muga udari.

Ondo dakizu gaur amaitzen dela dena, amildegiaren ertza ukitzen ari zarela. Bihar igandea da, baina igandeek astelehen usaina dute; eta biharkoak itzuleraren itxura du, gainera.

Ez da Biriatuko ilara, ezta ArmiƱongoa ere. Geure baitan sortu dugun ordainsaria da: 31 zenbakiaren forma duena.

Urteak bi urtezahar egun ospatzen ditu gure buru ttikietan: abenduko azken egunean, urte berriaren lurreratze-pista amaigabea ikusten dugunean. Eta bestea, irailaren 1a hesiaren beste aldean dagoenean. Urteberri egunaren bezperatan sortzen ditugun planak errepikatzen dira baita ere gaurko egunez.

Datak errepikatu egiten ditugulako, kaleko moda bezalaxe. Etorri ziren berriz 70eko hamarraldiko praka haiek, hogei urte geroago ezagutu genituen kolore biziak. Lehengo pitxiak ditugu maite. Dena itzultzen delako berriz.

Siriatik eta Egiptotik sarraskiak etorri zaizkigu. Gerra hotsak entzuten dira. Tira, orain arte ere gerra oihartzuna besterik ez zaigu iritsi; baina AEB eta Europako herrialdeak tartean direla beste itxura bat hartzen du filmak. Gertakariak errepikatzen direlako. Duela berrehun urte Euskal Herrian gertatu entzungo dugulako.

Donostia Al Kairo izan daitekeelako; edo Arbizu Damasko. Haiek ere aurtengo uda oroituko dutelako, nahiz eta berrehun urteko aldeaz izan. Haiei ere abuztuaren 31k zerbait ekarriko die burura, amildegiaren hasiera, beharbada.

Jarraituko dute irailaren lehen egunetik ere irudiak eskaintzen. Esango digute zibilak hil dituztela, haurrak daudela hilotzen artean. Emakumeak ere bortxatuko dituzte, Donostian idatzi ziren kroniketan irakurri dugun bezala. Baina bortxaketak oraindik isilak dira, negarrak itoak baitira. Eta itoek ez dute sekula ezer esaten.

Urrun gertatzen denak min gutxiago ematen du, nahikoa lan dugulako egutegiaren iraungitze data begiratzearekin. Iritsiko zaie haiei ere Jean Grenet berri bat. Esango diete emakumeei ez ibiltzeko bakarrik kaleetan zehar. Errua haiena izango da, noski. Donostian ere beste horrenbeste gertatuko zen, ziur. Errua neskona, beste behin.

Akordatuko gara azken hilabeteak ziztu bizian pasatu direla eta irailean argaldu beharko garela. 31 zenbakiak zerbait oroitarazten digu beti, mugarri txikia delako gure baitan.

Piztuko dira kandelak Donostian; botako dugu uda berri bat bizkar gainera. Beste 31 bat zakura.

Hara, neu ere 31. lerrora iritsi naiz ordenagailuan, oharkabean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.