Mugimendu politiko iraunkorra bilakatuko da EH Bai hilabeteotan

Mugimendu abertzaleak dio mugarri bat ezarri duela herriko bozetan egiazko alternatiba bihurtuz

EH Bai koalizioko ordezkariak, atzo, Baionan. SYLVAIN SENCRISTO.
Aitor Renteria.
Baiona
2014ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Herriko bozen emaitzak eskuan, ondoko aste eta hilabeteetan mugimendu politiko iraunkorra bilakatzeko prozesua abian ezarriko duela jakinarazi du EH Baik. Orain artean, EAk, ABk eta Sortuk osatzen zuten koalizioa. Hiru alderdietako militanteak ez ezik, alderdietako karta ez duten militante abertzaleak deitu dituzte prozesuan parte hartzera. «Prozesu irekia bultzatu nahi dugu, herrietan oinarritua, parte hartzailea eta irekia» erran du Alain Iriartek EH Bairen izenean. Siglak eta erakundeak berez ez direla helburu azaldu du Xabi Larraldek, eta mugimendua trinkotzea funtsezkoa dela erran du, etorkizunean abertzaleen pisu politikoa sendotu ahal izateko. Ororen buru, abertzaleek 25 auzapez inguru lortu dituzte, eta, mila biztanlez gorako herrietan, ehun hautetsi baino gehiago.

Erabakia herriko bozetan lortutako emaitza onen ondotik jakinarazi dute. «Pozik dago EH Bai, lehen itzulitik bigarrenera ere, boz kopurua emendatzea lortu baitugu», azaldu du Peio Etxeberri-Aintzartek. Orain artean zituzten auzapez abertzaleei eustea lortu zuten lehen itzulian, horien artean, Alain Iriarti Hiriburun eta Daniel Oltzomendiri Izuran. Baigorrin ere, Herriko Etxea eskuratu zuten lehen itzulian. Bozen laurdena lortu zuten lehen itzulian Kanbon, Ziburun, Urruñan, Donibane Lohizunen edota Hazparnen. Donibane Garazin bozen herena erdietsi zuten lehen itzulitik. Baionako bigarren itzulian presente egotea lortu zuten, eta bozen %10 gainditu.

Lehen itzuliko joerak indartu dira bigarren itzulian, Etxeberri-Aintzarten arabera. Abertzalea da Uztaritzeko auzapeza, eta abertzaleei esker eskuratu du Kotte Ezenarrok Hendaiako Herriko Etxea

Jarrera irekia

Lehen itzulira begira, abertzaleek jarrera irekia hobetsi zuten, alegia, EH Bai izenarekin aurkeztu ordez, ezkerreko eta ingurumenaren aldeko militanteei irekitzea zerrendak. Herri gehienetan hautu hori egin zuten, eta emaitzak erabaki egokia izan zela frogatu du, EH Bairen iritziz. Izan dira, hala ere, puntu beltzak eta horien artean Miarritzeko kasua aipatu dute. Izan ere, han abertzaleak Michel Veunac zentristaren zerrendan sartu ziren lehen itzulitik, abertzaleen mezua lausotuz.

Bigarren itzulian ere, jarrera ireki hori atxiki nahi izan dute abertzaleek, berretsiz herri eta hiriak kudeatzeko duten borondatea. Zenbait kasutan, hala nola Hendaian, Urruñan, Ziburun edota Ahetzen, sozialistekin akordioak lortu zituzten. Bil Gaiten taldearen hobespenari jarraikiz, abertzaleek Lurralde Elkargoaren eta euskararen aldeko aldarria atxiki zituzten ardatz gisa. «Sozialistek jarrera irekia ukan duten herrietan posible izan da akordioa; jarrera itxia zuten tokietan, ez» erran du Etxeberri Aintzart Baionako kasua aipatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.