Astelehenean irekiko dute Gillenen Etxea hotel soziala

Aterpe gabekoentzako egitura Miarritzen egonen da, eta 30 pertsona hartzeko lekua ukanen du

Jean Daniel Eliziri Atherbea elkarteko zuzendari orokorra. BERRIA.
Aitor Renteria.
Angelu
2012ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Gillenen Etxeak irekiko dute heldu den astelehenean Miarritzen, Lapurdin. Aterperik gabeko pertsonentzako Ipar Euskal Herrian irekiko den lehen egitura iraunkorra izanen da. 30 pertsona aterpetzeko lekua ukanen du, eta irekirik egonen egun osoan, urte osoan. Hogei gela ditu; hamalau, bakarrik dauden pertsonak hartzeko (gizon zein emazte), eta bertze seiak, familientzat. Aterperik gabeko pertsonak laguntzen diharduten gizarte eragileek duela hamar urte egin zuten eskaria. Azkenean, xedea gauzatuko da. «Xede hau lurralde osoan mobilizatu diren eragile eta erakunde guztien emaitza da, urteetako lanaren emaitza baikorra», erran du Jean Daniel Elizirik, Atherbea elkarteko zuzendari orokorrak.

Atherbea elkarteak lagundutako aterperik gabeko pertsona bat izan zen Gillen. Alkoholaren menpekotasuna gainditu zuen elkarteari esker, eta Atherbea elkartean hasi zen lanean. Joan den udan zendu zen, eta gizarte hotelari haren izena ezarri diote omenaldi gisa. Xedeak 500.000 euroko aurrekontua du urtean. Estatuak ordainduko du erdia, Kontseilu Nagusiak %40 eta Aturri-Euskal Kostaldea herriarteko sindikatuak %10. Orotara, zortzi laguntzaile arituko dira bertan lanean. Bost gizarte langile eta gainerako hirurak, sukaldaritza eta garbiketa lanetan.

Elkarteen xedea

Erakunde publikoak engaiatu dira xedea diruztatzen. Alta, xedearen oinarrian diren elkarteak boluntario gisa arituko dira, bereziki arratsalde bukaeretan, heldu diren pertsonei harrera egiteko. Aterperik gabeko pertsonek hilabete batez balia dezakete zerbitzua. Horretarako, aski dute 115 telefono zenbakira deitzea. Deia urririk da. Bertan, gizarte zerbitzuek bertze egitura batzuetara bideratuko dituzte egonaldiko epea bukaturik. Gisa horretako bertze bi egitura iraunkor eskas direla dio Elizirik: bata Lapurdi hegoan dago, eta bertzea, barnealdean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.