Andaluziak mila milioi euroren laguntza eskatu dio Espainiari

Erkidegoen Likideziarako Funtsaren baldintzak jakiteko zain dago, erabiliko duen edo ez erabakitzeko

Erredakzioa
2012ko irailaren 4a
00:00
Entzun
«Espainiako Gobernuak Erkidegoen Likideziarako Funtsaren baldintzak zeintzuk diren erabakitzen duen bitartean», Andaluziak mila milioi euroren «aurrerapena» eskatu dio Espainiako Gobernuari. Hala iragarri zuen atzo Susana Diaz Andaluziako gobernuko bozeramaileak. Hark adierazi duenez, momentu honetan likidezia behar dute, eta beste erkidego batzuek laguntza eskatu dutela ikusita, Andaluziak ere bide beretik jo duela. Valentzia jarri du adibidetzat Diazek, baita Katalunia ere. Kopuru hori « zenbait kolektiborekin dituzten konpromisoei aurre egiteko» erabiliko dutela jakinarazi du Diazek. Haren iritziz, kolektibo horiek diru horren esperoan daude «kezkatzen dituzten ordainketak» egin ahal izateko.

Diazek argudiatu du besteek bezala eurek ere «eskubidea» dutela diru hori jasotzeko, eta Espainiak eskaerari baiezkoa emango diolakoan dago, Valentziako eta Kataluniako kasuetan gertatu den bezala. Gobernuko bozeramaileak zehaztu du Andaluziak ez duela «inongo momentuan» baztertu Erkidegoen Likideziarako Funtsera jotzea, eta hori egingo balute ere, argi utzi nahi izan du funts hori ez dela «erreskaterako funts bat». Diazen ustetan, erkidegoek likidezia funts hori eskatzen dute finantza sistema «guztiz itxita» dagoelako; hala ere, ohartarazi du tresna horrek ezin dituela erkidegoen eskumenak mugatu. «Likidezia Funtsa ez da ez lasterketa bat, ezta enkante bat ere. Ez da posible lehena nor eta azkena nor sartzen den begiratzen egotea». Defizit mugaren inguruan Andaluzia Espainiako Gobernuko ordezkariekin izaten ari den elkarrizketei buruz adierazi du «garapenean» daudela, baina «zuhurtzia eta elkarlana» eskatu ditu emaitza positiboa izan dadin.

Valentziako Gobernuak 4.500 milioi euro baino gehiagoko laguntza eskatu dio Erkidegoen Likideziarako Funtsari —hasiera batean 3.500 milioi euro eskatu behar zizkion—. Kataluniak 5.023 milioi euro galdegin ditu «zor publikoari» eta «aurten amaituko diren hainbat zorri» aurre egin ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.