Buesa eta Diez gogoratu dituzte Gasteizen, hamalaugarren urteurrenean

Eusko Legebiltzarrak beste ekitaldi bat egingo du gaur, Buesa eta Diez ez ezik Enrique Casas ere omentzeko

Erredakzioa
2014ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Gaur hamalau urte ETAk Fernando Buesa legebiltzarkide ohia eta haren bizkartzain Jorge Diez hil zituztela gogora ekartzeko ekitaldia egin zuen atzo Buesa fundazioak, Balio demokratikoen inguruko adotasunerantz izenburupean. Ekitaldian parte hartu zuten Natividad Rodriguez eta Sara Buesak, Josu Jon Imazek, Miren Ortubaik eta Santi Bengoak. Horiez gain, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko zigor aretoko epailea ere Gasteizko Artium museoan egindako ekitaldian izan zen.

Beste ekitaldi bat ere iragarri du Buesa fundazioak. Lore eskaintza egingo dute Buesa eta Diezen aldeko oroitarria dagoen lorategian, bihar, 12:00etan.

Omenaldia legebiltzarrean

Eusko Legebiltzarrak beste omenaldi bat egingo du gaur, egoitzaren kanpoaldean; Iñigo Urkullu lehendakaria ere han izango da. Ekitaldi horretan Fernando Buesa eta Jorge Diez ez ezik, Enrique Casas ere gogoratuko dute. Etzi beteko dira 30 urte Komando Autonomo Antikapitalistek hil zutela.

Lau legebiltzarkideren omenezko ekitaldiak urtero egitea adostu zuten asteartean Eusko Legebiltzarrean. Haien hilketaren egunetik hurbilen deitutako osoko bilkurarekin bat egingo dituzte ekitaldiok. Casas eta Buesaz gain, Santi Brouard —GALek 1984ko azaroaren 20an hil zuen—eta Gregorio Ordoñez —ETAk 1995ko urtarrilaren 23an hil zuen— dira urtero omenduko dituzten beste biak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.