Gernikak 15-29 galdu du Atleticoren aurka, eta agur esan dio sasoiari

Ordiziak El Salvadorren zelaian jokatuko du gaur, eta Hernanik mailari eusteko partidaren itzulerakoa

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Gernikak agur esan dio sasoiari. 15-29 galdu zuen atzo Atletico Madrilen aurka, Urbietan jokaturiko titulurako final-laurdenean. Partida desorekatua zen, atzerritarrek taldea utzi zutenetik taldearen mailak behera egin duelako, baina hala ere bizkaitarrek adorea sobera dutela erakutsi zuten. Lehen zatia 8-14 galtzen bukatu ondoren, azken unean eginiko entsegu bati esker, bigarrenean aurrea hartzea lortu zuten (15-14, 50. min). Errenta gordetzea, baina, ezinezkoa izan zen, eta nekea pilatuaz bat Atleticok gora egin, eta beste bi entsegu lortu zituen.

Ampo Ordiziak gaur jokatuko du final-laurdena, Cetransa El Salvadorren aurka, Valladoliden (12:30). Etxetik kanpo jokatu arren, Ordiziak garaipena lortzeko aukerak ditu. Kanporaketako irabazleak VRACen aurka jokatuko du finalerdietan. Hernanik ere gaur jokatuko du mailari eusteko kanporaketako itzulerako partida, Alcobendasen aurka, Landaren (12:00). Hernanik eskura du salbazioa, etxetik kanpo 11-31 irabazi baitzuen. Atzo hainbat partida ziren jokatzekoak Hernaniko zelaian, baina euriaren erruz urak estali zuenez, tokiz aldatu behar izan zituzten. Gaur jokatu ahal izango den ikusi beharko. Taldeko zuzendaritzak hirugarren zati herrikoia antolatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.