Sanferminen lehen notak

Jarri dituzte Iruñeko sanferminetan entzierroko ibilbidea ixten duten hesien lehen zatiak, Santo Domingoko aldapan, eta hasia da hiria festarako prestatzen.

Inigo Astiz
Iruñea
2011ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Gorri eta nabarmen. Hala daude Etxauriko gereziak Iruñeko Alde Zaharreko kaleetako dendetan. Kasu honetan, baina, beste zerbaiten mezulari dira. Eman dituzte sanferminek lehen pausoak. Izan ere, entzierroko hesiak jartzen hasteko sasoia ere bada gerezi sasoia. Atzo jarri zituzten zurginek lehen zutoinak Santo Domingoko ukuiluetan, eta ibilbide osoa egingo dute uztailaren 6a heltzerako. Kalean jadanik sumatzen denaren egiaztapena dira lehen egurrak; urrats txikiz oraindik, baina onduz doaz sanferminak ere hirian. Gero eta gorriago eta nabarmenago haiek ere.

Garesko Aldaz Anaiak zurgindegiko nagusietariko bat da Iñigo Aldaz, eta urtero sanferminetako hesiak jartzen aritzen diren langileetariko bat. Iaz jarritakoak dira aurten jartzen ari diren zutoinetariko asko. «Hamar, hamabi edo hogei urte ere badituzte hauetako batzuek. Apurtzen direnean aldatzen ditugu. Ordura arte ez». Tramitea da muntaketa lana haientzat; Aldazek dioenez, «lan bat gehiago, besterik ez». Kamioitik zutoin bat hartu, jaitsi eta lurrean dagokion lekuan sartu. Hori izango da behin eta berriz egin beharreko lana. Mekanika hutsa. 900 bat zutoin, 2.700 taula, hesitegi mordoa, ateak... «Jarri eta kendu, honek ez du beste misteriorik».

Sinbolo bat da, ordea, iruindar askorentzat, Aldazentzat mekanika dena. Esanahi argiko zeinua. «Hasi da hasiera». Santo Domingoko aldapan egiten du lan Marcela Abarzuzak, Abarzuza liburu dendan zehazki. Barru-barrutik ezagutzen ditu festak, eta entzierroak, bereziki. Haren dendan uzten dituzte korrikalariek sakeletan dituztenak korrikaldia baino lehen. «Hesiekin hasten direnean, igartzen da, bai, giro berezi bat. Nafarroako Museo inguruko hesiak jartzen hastean sumatzen da, batez ere, giro hori».

Eta giro horretan lanean aritu behar Abarzuzak. Gustuz, halere. «Gustatzen zaigu saltsa», dio. «Zoragarria da. Mundua bukatuko dela dirudi egunotan. Hesia hurbiltzen ikusi ahala, nik neuk ere pentsatzen dut sanferminak heltzeko gero eta gutxiago falta dela eta lan mordoa dudala bukatzeko. Zer lanak, eta zer gogoak! Bi sentipenak aldi berean».

«Hilabete eta erdi behar izaten dute hesia jartzeko. Eta gero, sanferminak bukatzean, egun bakarrean kentzen dituzte denak», dio Jose Mari Sanjuan iruindarrak. Ez da oso sanfermin zalea, aitortzen du. «Adina», argudiatu da.Puri Canok, ordea, sanfermin aurreko giroa asko gustatzen zaiola dio. «Gogoa pizten dute hesiek. Oraindik goiz da sanferminez mintzatzeko, baina igartzen da zerbait jadanik».

Entzierroaren ibilbideko hormetan turistentzat jarritako afixa informatiboek ematen dute gero gertatuko denaren aurrerapena orain. Aldapa hasieran dagoenak entzierroko abestiaren hitzak erakusten ditu, gazteleraz. Itsasgarri batekin itsatsi dituzte euskarazkoak gainean. «Entzun arren, San Fermin / zu zaitugu patroi...». Isilik dago kalea, baina sumatzen da sanferminen musikaren zantzurik. Tauki, tauki, tauki, aditzen dira Alde Zaharrean Aldaz eta haren lankideen muntaketa lanak. Kolpeka dabiltza zutoin bakoitzarekin; behin haiek sartzez bukatzean, ordea, kolpean lehertuko da festa. Hauek lehen notak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.