Entzierroa zuri-beltzean

60ko urteetan entzierroen argazkiak egin zituzten Zubietak eta Retegik; orduan haien dendako erakusleihoan ziren ikusgai, orain Iruñeko Konestable jauregian jarri dituzte.

Bi pertsona Iruñeko Konestable jauregian, entzierroari buruzko argazki erakusketa ikusten. LANDER FDZ. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2011ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Ezagunen bila doaz batzuk, jakin- mina asetzera besteak, eta bada garai zaharrak gogora ekarri nahi dituenik ere. «Nire aitaren bila nabil», esan dio batek besteari. «Ni 60ko urteetan hasi nintzen korrika, 16 urte nituelarik», beste batek. «Aitatxik hesia kentzen zuen, argazkietan ager daiteke», amak alabari. Konestable jauregian daude denak, Azkar! 60ko hamarkadako entzierroak erakusketan, irailaren 2ra bitarte. Francisco Zubieta eta Andres Retegiren bildumatik 308 argazki digitalizatu dituzte horretarako.

Espartinak jantzi, eta goizeko zazpietan abiatzen ziren entzierroan korrika egiten zutenak. Horren lekuko isila dira Konestableko argazkiak. Bideoak ere badira, argazkietako batzuetan orduko bideokamerak azaltzen baitira entzierroa grabatzen ari direlarik. Oro har, irudi ikusgarriak daude erakusketan.

Mugimendu bizikoak dira batzuk, eta ongi landuriko argi kontrasteak dituzte besteek. Adibidez, 1969ko argazki batean ageri denak hegan egiten duen zezena dirudi. Iruindarren janzkerak ere ordukoak. Argazkietan ikus daitekeenez, ikusleek gabardina luzeak janzten zituzten, eta korrikalari batzuek, deserosoak diruditen jakak. Ilea mozteko gisa ere egungoaren arras ezberdina. Beraz, 60ko urteetako modaren lekuko ere badira argazki hauek.

Dena den, egungo argazkien antzekoak ere aurki daitezke. Jendez mukuru ageri dira hesiaren atzeko aldeak, sanferminetako entzierroek beti piztu baitute ikusmin handia. Niza tabernaren aitzinean eta Udaletxe plazan jendetza ageri da, eta edozein leku hartzen dute entzierroa ikusteko: eraikinen paretetan, leihoetatik zintzilik... Mercadereseko bihurgunean zezenak erortzen ziren orduan ere, eta horri aurre egiteko, harea botatzen zuten lurrera.

Espoz y Minako denda famatua

1940an ireki zuten argazki estudioa Zubietak eta Retegik. Espoz y Mina karrikan paratu zuten; leku estrategikoa oso. Entzierroetako argazkiek entzutetsu bihurtu zuten negozio hura. Lasterketa akitu eta berehala paratzen zituzten argazkiak dendako erakusleihoan. Korrikalari aunitz hurbiltzen zen irudiak ikusi eta erosteko. Baita herritarrak ere, orain bezala, ezagunik ote zen jakiteko.

Sanferminetan goizean goiz hasten zen Zubieta eta Retegiren lana, baita haien laguntzaileena ere. Izan ere, hamabi argazkilarik egiten zuten lan haiekin. Entzierroaren ondotik, errebelatzeko tenorea ailegatzen zen. Eskuzko lan nekeza eta luzea. Aitzitik, emaitzak merezi zuen.

Estudio horretan errebelaturiko argazkiak Iruñeko Udalaren esku daude egun. 2009an Retegi-Ruiz de Azagra familiak Iruñeko Udal Artxiboari eman zizkion. Zubieta eta Retegiren argazkiekin antolaturiko bigarren erakusketa da hau. Joan den urtean 1950eko hamarkadan iruindarrei egindako erretratuak paratu zituzten Konestable jauregian.

Sanferminak bitarte, astelehenetik ostiralera goiz eta arratsaldez bisitatu daiteke erakusketa: 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Abuztuan, eta sanferminetan goizez bakarrik. Gaurko hitzaldi bat prestatu dute Konestablen, 19:30ean. XX. mendean entzierroez eman den irudiaz mintzatuko dira hainbat kazetari eta argazkilari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.