Albistea entzun

Sagardoa hobeto ezagutu

Gipuzkoako zazpi sagardotegik bisita gidatuak antolatu dituzte; sagastitik hasita, edalontzira iritsi arte, sagardoak egiten duen prozesu osoa bezeroei erakusteko.
Astigarrako Petritegi sagardotegiaren kanpoaldea; bisita gidatuak egiteko eskaera ugari jaso dituzte.
Astigarrako Petritegi sagardotegiaren kanpoaldea; bisita gidatuak egiteko eskaera ugari jaso dituzte. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Iñaki Lasa Etura -

2012ko urriak 26 - Astigarraga

Txotx egin. Kupeletik, edalontzira, eta edalontzitik, zurrut batean zintzurretik behera. Hori da sagardoaren ibilbide ezaguna, sagardotegi denboraldian behin eta berriz errepikatzen den liturgia. Baina, aurretik, askoz bide luzeagoa egiten du sagardoak: sagastitik hasita, kupelera bitartekoa. Askorentzat, erabat ezezaguna.

Itzalpean geratu den alderdi hori argitaratzeko asmoz, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak turismo enogastronomikoan «aurrerapausoa» ematea erabaki du. Bisita gidatuak eta pakete turistikoak eskaini dituzte hainbat eskualdetako sagardotegietan. Orotara, zazpi sagardotegik bat egin dute ekimenarekin oraingoz: Petritegik eta Bereziartuak (Astigarraga), Oihartek (Zerain), Olak (Irun), Aburuzak (Aduna), Iparragirrek (Hernani) eta Satxotak (Aia). Horietako batzuek urte osoan eskaintzen dituzte bisitak, besteek, berriz, txotx garaian soilik. Unai Agirre Gipuzkoako Sagardogileen elkarteko kudeatzaileak azaldu duenez, oraingo zazpiei beste zenbait sagardotegi gehituko zaizkie laster.

Sagardotegi bakoitzak kudeatzen ditu bisitak, eta desberdintasun nabarmenak daude batzuen eta besteen artean. Oiharteren eskaintzen artean, adibidez, asteburu-pasa egiteko aukera dago, bai bikotean, baita taldean ere. Nekazaritza etxean bi gau igaro, sagardoa egiteko prozesua eta sagardotegiko azpiegiturak ezagutu eta sagardotegiko menua dasta dezakete bezeroek. Gainontzeko sagardotegietan ere eskaintza oparoa dago: dastatze komentatuak, bisitak sagasti eta dolareetan, sagardotegi zein haurrentzako menuak...

500 urteko tradizioa

Petritegi baserriak harreman estua eduki du betidanik sagardoarekin. Eraikinak 500 urte inguru ditu, baina gaur egun sagardotegia daraman familiak ehun bat urte daramatza Petritegin. Hirugarren, laugarren eta bosgarren belaunaldiak dabiltza lanean, eta, aurki, seigarrena hasiko da.

Ekainean hasi ziren bisita gidatuak egiten, eta urte osoan eutsiko diote eskaintzari. Euskaraz, gazteleraz, frantsesez edo ingelesez egiten dituzte. Ainara Otaño sagardotegiko kidea «pozik» agertu da orain arte izandako harrerarekin. Kanpoko jende asko etortzen dela azaldu du, eta «harrituta» geratu da Internet bidez jasotako erreserba kopuruarekin. Euskal Herriko biztanle gehiago erakarri nahi ditu Otañok. Izan ere, «askok ez dute ezagutzen nolakoa den sagardoa egiteko prozesua».

Sei gunetan banatzen da Petritegirako bisita. Lehenik eta behin, sagastiak erakusten dituzte. Gero, sagarraren bilketa nolakoa den azaldu, eta sagardoa ekoizteko orduan loreek eta erleek zer garrantzi duten azaltzen diete bisitariei. Hirugarren gunean, sagarra prentsatu eta zukua ateratzeko makineria ikus daiteke, eta ikus-entzunezko baten bitartez, azken 300 urteetako bilakaera laburbiltzen dute. Ondoren, baserriaren historiaz labur aritu, eta upelategia erakusten dute. Dastatze batekin amaitzen da bisita gidatua. Hiru bisita posible daude: oinarrizkoa (8 euro); Gourmet bisita —dastatze oparoagoarekin (12 euro)— eta Premium bisita —oinarrizko bisita gehi sagardotegiko menua (35 euro)—.

Bisita gidatuen berri izateko, jo webgune honetara: www.sagardotegiak.com/turismoa/esperientziak

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Olatu sinkronizatua

Berria

Bi urte barru Europako kultur hiribirua izateko bidean, bosgarren Olatu Talka lehertu da asteburu honetan Donostian, 250etik gora proposamen sinkronizatu eskainita parte hartu nahi duen orori. Sormena, kirola argazkian, Easo igeriketa taldeko kideen atzoko erakustaldia, aldarrikapena eta elkartasuna nahastu dira egitarauan. Donostiatik kanpo ere zabaldu da aurten eskaintza, gainera.

Alarmak piztuta

Berria

Nafarroan, berezko arraza batzuk galzorian

60 urteko gaztea

Berria

Fender Stratocaster gitarra elektrikoa, 1954tik doinuka

Hemen da Olentzero

Berria

Gaur kalez kale eta etxez etxe ibiliko da, haurren begiradapean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...