Burdin labe ezezagunak

Erdi Aroko euskal laberik handiena aurkitu dute Galdakaon. EHUko ikertzaile talde bat ari da Euskal Herrian dauden haizeola berezi horiek aztertzen.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2013ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Burdinari oso lotua dago Euskal Herriko historia, eta Industria Iraultzako labe garaiak izan ohi dira horren sinbolo nagusi. Baina burdina lortzeko bestelako labe mota batzuk izan dira antzinatik. Agorrolak edo haizeolak dira horren adibide. Primitiboenak dira. Uraren indarraz baliatzen ziren burdinolen aurrekoak, hain zuzen ere. Lan guztia giza indarrez egiten zen haietan, baina zaila da horiek identifikatzea lehen begiratuan, mendi hegaletan egindako zuloak direlako. Xabier Orue-Etxebarria horiek aurkitzen eta ikertzen ari da. EHUko Zientzia eta Teknologia fakultateko Paleontologia eta Estratigrafia Sailean ari da lanean, eta duela 10 urte hasi zen haizeolak ikertzen. Ordutik 300 indusketa egin ditu. Azken aurkikuntza Galdakaoko labea izan da (Bizkaia), Europako Erdi Aroko handiena.

Orue-Etxebarriak aitortu du Euskal Herriko haizeolak oso bereziak direla: «Ez dago gisa honetakorik Europa osoan». Ezaugarri bereziak dituzte. Horrek ekarri du euskal labea deitzea eta hala ezagutzea. Ezberdintasunik «nabarmenena» tamainan dago. Haren esanetan, Euskal Herriko haizeolen tamainek ez dute zer ikusirik garai berean Europan zeudenekin. Galdakaoko Eitzaga auzoan aurkitutakoa, orain arte induskatu dituzten labeen artean handiena da.

EHUko kideak adierazi du burdina erreduzitzeko erabiltzen zirela euskal labeak. Burdina mineral forman agertzen da normalean Euskal Herrian, ez egoera puruan. «Mineralak banatu eta burdina garbia ateratzeko erabiltzen ziren labeak». Mineralak eta ikatza labean sartu, eta 1.200 gradutan lortzen zen banatzea. «Haizeoletan, guztia eskuz egiten zen». Goitik behera, zulo bertikal bat eginez eraiki zituzten. «Batzuetan zuhaitzen enbor ustelek utzitako zuloaz baliatzen ziren». Guztira, 4-6 metro zabal eta 6 metro luze dira Euskal Herrian aurkitutakoak. Dena den, burdinola horiei buruz oraindik oso gutxi ezagutzen dela aitortu du Orue-Etxebarriak. «Aurkitzen ari garen haizeola guztiekin interpretazio bateratu bat egiten ari gara». Galdakaoko haizeola garrantzitsutzat jo du lan horretarako.

Ez da erraza haizeola hauen arrastoekin topo egitea, 300 urte badirelako erabiltzen ez direla. Auzo eta herrietako -ola toponimiak lagun dezake haiek aurkitzen. Baina ikertzaileak adierazi du zulo gehienak estalita daudela. «300 aurkitu ditugu, eta Euskal Herrian dauden labeen lagin oso txiki bat da».

Ziurra da X. mendetik XIV. mendera bitarte erabili zituztela labe horiek. Baina noiz hasi ziren erabiltzen eta noiz utzi zioten erabiltzeari, ordea, ez dago batere argi. Labe hidraulikoak agertuta haizeolak desagertu zirela ere ez dago batere argi. «Hainbat idatzitan gordeta dago XVII-XVIII. mendeetan horiek erabiltzen jarraitzen zutela». Hortaz, historia luzea idatzi dute haizeolek. Historia zati hori berreskuratzeko ari dira lanean EHUko Zientzia eta Komunikazioko hainbat ikertzaile. Haizeolek izan duten garrantzia ezagutarazi nahi dute. «Burdinaren iraultza Industria Iraultzaren aurretik gertatzen da», azaldu du Orue-Etxebarriak. Aro Modernoko labe garaien iloba ezezagunak dira haizeolak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.