Kutsu gazia duen altxorra

Plentziako badiako ur azpian egon diren 5.500 ardo botila atera dituzte hilabete honetan. Aurtengo uztan itsasoak izan duen eragina nabarmena izan dela diote adituek.

Abenduaren 9an eta 10ean atera zituzten itsaso azpitik Crusoe Treasure ardo botilak. BERRIA.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2013ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Zaporez leuna, usainez indar handikoa, kolorez urdinxeagoa, eta hori guztia gatz zapore kutsu batekin nahastuta. Horrelakoa da aurten Plentziako (Bizkaia) badiako ur azpitik atera duten ardo uzta. Urtebete egin dute itsas azpian 5.500 ardo botilak, 18 metroko sakontasunean atseden hartzen. 365 egunez, arrain eta bestelako itsas bizidunen gordeleku izan dira. Baina luxuzko mahaietan zabalduko dituzte laster.

Abenduaren 9an eta 10ean atera zituzten botilak ur azpitik, eta orain goi mailako jatetxeetara bidaliko dituzte. Bajoelagua Factory enpresako zuzendaria da Borja Sancho: «Behin ardoaren goi mailako joskintza egiten genuela esan ziguten». Crusoe Treasure izena du Plentziatik ateratzen duten ardoak. Altxortzat dute botila barruko edaria, «esklusiboa». Hala definitu du Sanchok: «Bildumagileentzako produktua da». Aurtengo ardo uzta egiteko, Ribera del Duero eskualdeko (Burgos, Espainia) mahatsak erabili dituzte. «Amerikako merkatuari begira dago egina gehienbat». Antonio Palacios enologorekin ari dira elkarlanean. Hasieratik apustu egin zuen ardo mota horrengatik.

«Itsasoak ekarpen handia egin dio aurtengo ardoari», dio Sanchok, eta itsasoak eragindako aldaketa kimikoa sumatzen dela. Taninoa aipatu du. Ardoa dastatzean nabaritzen den lazgune eta lehorgarri sentsazioa da taninoa. Dastatze horretan itsas azpian egondako ardoa leunagoa dela dio. Usainari dagokionez, irekitzen den unetik usain indartsua nabaritzen zaiola adierazi du: «Usain handia du, lurrean utzitakoak baino handiagoa». Ardoaren mineraltasuna ere oso handia dela dio. «Gatz ukitua du», nabarmendu du Sanchok. Probatu ez duenarentzat, hitzez deskribatzea ez omen da erraza. Kimikoki ez ezik, zaporean eta usainean ere lurrean izaten den ardotik bereizten da. Hala uste du Sanchok: «Enologoek gauza bera diote».

Aurtengo uztako botila bakoitzak 185 euroko salneurria du. Baina gutxi dira Euskal Herriko mahaietan zabalduko direnak. Gehienek Errusia eta Alemaniarako bidea hartuko dute. Sanchok aitortu du oso ardo gutxi saltzen dutela hemen. Ekoizten duten ardo gehiena atzerrira bidaltzen dute. Crusoe Treasure markaren kontsumitzaile fidelenak Asiakoak direla dio: «Asko estimatzen dituzte ezohikoak diren produktuak, bitxiak direnak».

Ikerketatik ikerketara

Duela bost urte hasi ziren ardoa ur azpian gordetzea aztertzen. Itsasontzi hondoratuetan aurkitutako alkohol botiletatik hartu zuten ideia. «Itsasontzi hondoratuetatik berreskuratutako ardo botilen enkanteak izugarrizko arrakasta zuen». Hori ikusita abiarazi zuten itsas azpian egindako upategiaren proiektua. Plentziako itsasoko urak aukeratu zituzten; «bizia da, eta tenperatura ondo gordetzen du». Itsaslasterrek era berezi batean eragiten diote edariari. «Hasieran, zorotzat gintuzten», dio Sanchok. Hainbat ikerketa egin ondoren, ardoan adituak direnek ere nabaritu zituzten aldaketak. Denbora tarte berean lurreko upategian edo itsas azpian egondako ardo mota berak oso zapore ezberdina hartzen zuela antzeman zuten. Ardoarekin izandako arrakasta ikusita, cava eta garagardoarekin ikerketak egiten ari dira orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.