Plaza giro

Bertso Korrika, indartsu

Euskara ikasleak bertsolaritzara hurbiltzea du helburu Bertso Korrikak. Euskal Herriko 25 herritan egingo dute, eta, oraingoz, arrakastatsua ari da izaten.

Goian, euskara ikasleak adi-adi. Behean, Amaia Agirre azalpenak ematen. A. CANELLADA / ARP.
jon eskudero
Andoain
2013ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Haur txikiak gauza berri bati begira nola, euskara ikasleak Bertso Korrikari begira hala. Ahotik euli bat sartzeko moduan jarraitzen dituzte bertsolaritzaren inguruko azalpenak euskara ikasleek. Adi-adi eta isil-isilik. Kuriosoa egiten zaie bertsolarien gaitasuna. Kuriosoa eta bati baino gehiagori, sinestezina ere bai. «Ez da posible hain azkar eta hain ongi inprobisatzea!», atera zaio barrutik ikasle bati. Euskarak beste ate aberats bat zabaltzeko aukera ematen duela ohartzen dira. Atea irekitzeko, baina, euskara da giltza, eta horretan ari dira egunero buru-belarri: giltza lortu nahian. Ilusioa nabari zaie begietan, eta ikasteko grina hitzetan. Grina eta ahalegina. Pentsaeran beste hizkuntza bat izanagatik, euskara baitute mingainean. Hitz batean, euskara darabilte kalean. Oraingoz, ulertzearekin eta apur bat hitz egitearekin konforme dira. Ordea, noizbait bertsotan egiteko ametsa ere badute askok. Bertso Korrikak piztu die ametsa.

Bertso eskolek, AEK-k eta Bertsozale Elkarteak ate-joka ari den Korrikari begira sortutako egitasmoa da Bertso Korrika. Lasterketa erraldoiarekin batera joango den bertso zirkuitua, alegia, nahiz eta herri askotatik igaro den dagoeneko. Andoaindik (Gipuzkoa), esate batera. 30 bat euskara ikasle elkartu ziren herenegun herriko elkarte batean, eta azalpenak entzuteaz gain, parte ere hartu zuten saioan. Bertso Korrikaren helburu nagusia euskara ikasleak bertsolaritzara hurbiltzea da. Bada, hurbildu bakarrik ez, bertso mundura sartu ere egiten dira euskaltegietako ikasleak. Ia-ia bertsolari sentitzeraino. Ezin esan daiteke egitasmoaren helburuak betetzen ari ez direnik.

Euskalduna izateko lehenengo araua bikain betetzen dute, behintzat, euskara ikasleek, azalpen teorikoak entzun bitartean jan-edanik ez baitute falta izaten mahai gainean. Sagardoa eta garagardoa dute gehienek praktikarako inspirazio iturri. Denen artean bertso bat osatzeko ezin inspiraziorik falta. Errimak lantzeko garaian hasten dira komeriatan. Bukatu eta amaitu hitzek esanahi bera dute, bai, baina errima osatzeko ez dira baliokideak. Hasieran zail egiten zaie hori ulertzea; gerora, ez. Gustua hartzen diete jolasari. Neurriak eta doinuak buruhauste gutxiago sortzen dizkiete. Baita gaiak ere. Andoainen osteguna izanda, ezin beste gairik aukeratu: pintxo poteoa. Hamar minuturen buruan, bertso txukuna osatu dute: «Lagun artean gaude, jan eta edan gaurkoan / lehenik sagardoan eta, bukatu ardoan / tragoa ordaindu eta, jatekoa doan / gu poz-pozik gabiltza, pintxo poteoan».

Ikasle batzuk lehenago trebatzen dira besteak baino. Dena den, guztiak agertzen dira esker oneko irakaslearekin zein bertsolariekin. Kasu honetan, Amaia Agirre, Unai Mendizabal eta Haritz Mujikarekin. 25 bertso eskolek dute euren herrian saioa antolatzeko ardura. Ehun bertsolari inguru ari dira parte hartzen, eta hogei gai-jartzaile. Garrantzitsuena, baina, euskara ikasleen kopurua da. Kopurua eta presentzia. Ikasleek behar dute euskara, baina euskarak ere behar du euren bultzada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.