Komunikazioa

Agur 20 urteko isiluneari

Txinan, adierazpen askatasunaren aldarriak indarra hartu du azkenaldian, aldizkari bateko langileek zentsura salatzeko greba hasi ostean. Gobernuak protestak debekatu ditu.

Donostia
2013ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Txinako gizartean ugaritzen ari dira azken hilabeteetan prentsa eta adierazpen askatasunaren aldeko mobilizazioak. Oihartzun handiena Nanfang Zhoumo —Hegoaldeko astekaria— aldizkariko langileen lanuzteak izan du. Erredakzio osoa greban da, bere eskualdeko agintariek hedabideko artikuluei eta sare sozialei zentsura ezartzen dietela argudiatuta. Salatu dutenez, urteko lehen editorialean aldaketak egin zituzten agintariek: zati batzuk ezabatu egin zituzten eta, argitaratu zen idatzian, Txinako Gobernuaren aldeko laudorioak agertu ziren. Gobernuaren «presioak» gaitzetsi dituzte kazetariek. Sare sozialetan bolo-bolo zabaldu da gertakaria, baita zentsuraren aurkako mezuak eta greban dauden langileekiko elkartasun hitzak ere. Ez da gutxiagorako. Azken hogei urteetan lehen aldia da tamaina horretako hedabide batek mobilizazioetara jotzen duela zentsura salatzeko. Txinan gehien saltzen den astekaria da.

Txinpartak Kanton eremuan

Kanton eremuko hedabideak aspalditik dira Txinako kazetaritza independentearen ikur eta adierazpen askatasunaren aitzindari. Bertako Nanfang Zhoumo aldizkariko langileen grebakzeresana eman du egunotan. Baina, urteak daramatzate gobernuaren sekretu ilunenak aireratzen. Nanfang Dushibao —Hegoaldeko metropolia— kazetak, esaterako, ikerketa eta erreportaje ugari egin ditu. Southern Media Group taldea indartsuarenak dira hedabideok. Hamabi kazeta, bi aldizkari eta argitaletxe baten jabe da taldea. Alderdi Komunistari lotuta dago, Kanton eremuko adarrari. Bertako kazetariek, ordea, Txinan ohikoa ez den independentzia erakusten dute botere ekonomiko eta politikoekiko. Jarrera ausartak. Hong Kong eskualdetik oso hurbil egoteak ematen dio halako askatasuna Kanton eremuko prentsari, hein handi batean. Gogoratu Hong Kongek autonomia handia mantentzen duela, beste eskualde batzuekin alderatuta. Hori dela eta, zentsuraren esku-beltzak ez dira horrenbeste zabaldu Kanton hirian. Kazetarien arabera, ordea, azkeneko urtebetean zentsura areagotu egin da. Eta eremu berezi horretan, langileak ez daude zentsuraren aurrean momifikatuta gelditzeko prest.

Sarean, haserrea gora

Txinako Gobernuak, baina, urteetako isiluneari eutsi nahi dio. Mendean estu hartuta mantendu nahi ditu hedabideak. Hala, protesten aurrean erantzuna zein izango den argi du: debekua. Debekatu egin ditu adierazpen askatasunaren aldeko protesta guztiak. Gainera, Pekinen arabera, «Txinan, oraingoz, ez dago prentsa askea babestuko duen egitura sozialik; atzerriko indarren esku hartzea dago mobilizazioen atzean». Hala, hedabideen eraldaketa herrialdearen garapenaren eskutik joango dela nabarmendu du alderdiak. Eta ezinezko aldaketa gauzatu bitartean: «gogoratu Txinako Gobernuak duela prentsaren gaineko kontrol osoa». Nola ahaztu Great Firewall delakoa —Harresi Informatiko Handia—. Nola pasatu oharkabean 10.000 ziberpolizien lana. Sarean nabigatzen duten erabiltzaileek uneoro dute gogoan Pekinek ezartzen duen zentsura: ezin sartu Facebooken,ez Twitterren, YouTube, Google Docs, Blogger, Wordpress, Hotmail, Flickr eta Bing zerbitzuetan ere. Ez, behintzat, enpresa erraldoi horiek zirrikituren bat bilatzen duten arte. Izan ere, gobernuari gehiegitan ahazten zaio Txinak munduko Internet erabiltzaile kopuru handiena duela: 500 milioitik gora. Enpresek merkatu horretan jokatu nahi dute, eta herritarrek ere bai. Alderdi Komunistaren XVIII. Kongresuan kalean izandako protestek erakutsi zuten aldaketa hasi dela. «Egitura soziala» sarean dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.