Albistea entzun

Komunikazioa

Goizeko ordu tartea indartuko du Euskadi Irratiko programazioak

Maite Artolak eta Manu Etxezortuk 'Faktoria' gidatuko dute; irratsaioak goiz osoa hartuko du
Manu Etxezortu eta Maite Artola, <em>Faktoria</em> tarteko gidariak.
Manu Etxezortu eta Maite Artola, Faktoria tarteko gidariak. EITB

Adrian Garcia -

2013ko irailak 7 - Donostia

«Entzulearengatik gertu gaude, eta hortik dator irratiaren arrakasta». Jone Larrañaga Euskadi Irratiko programazio buruak dioenez, hizkuntzarekiko identifikazioak eta gaiekiko gertutasunak milaka entzuleren gustuko hedabide egiten du irratia. Astelehenean hasiko dute denboraldi berria, «orain arteko ibilbidea sendotzeko» asmoz. Ordu tarteak bateratu egingo dituzte, «atomizatuegiak» baitzeuden orain arte. Horrela, saio tematikoak asteburuetan entzungo dira, eta aste barruan egunez egun programazioa berdina izango da.

Uda sasoiaren ondoren, indarberrituta ekingo diote. Izan ere, murrizketek gogor jo dute euskarazko irratia; %20ko murrizketa jasan dute apiriletik aurrerako aurrekontuek, eta udako programazioan nabaritu da neurri hori. «Udan, baliabide gutxiagorekin lan egin behar izan dugu», onartu du Larrañagak. Indar guztiak denboraldi berrirako gorde dituzte. Bide horretan, etxeko profesionaletan jarriko dute indarra: «Etxeko onenak entzule gehien dauden tarteetara eramango ditugu».

Goizeko ordu tartea indartuko dute bereziki, irratiko prime-time-a. Faktoria irratsaioak hartuko du goiz osoa, bi zatitan banatuta. 07:00etatik aurrerakoa Maite Artolak gidatuko du. Haren ardura izango da entzuleei gaur egungo klabe nagusiak ematea, analisirako bidea zabaltzea eta iritzia eskatzea. «Ikuspegi zabala izango du, askotariko gaiak jorratuko dituzte, modu kritikoan», dio Larrañagak. Kolaboratzaile talde «indartsua» izango du Artolak, Euskal Herrian «erreferentziazkoak diren» iritziak: Juan Ignacio Perez Iglesias, Mikel Aramendi, Xabier Alkorta, Andu Lertxundi, Hedoi Etxarte, Maialen Lujanbio, eta Jesus Egiguren, besteak beste.

10:00etan Manu Etxezortuk hartuko du Artolaren lekukoa. Magazineak 13:00ak bitartean iraungo du. «Aurreko urteetako lanarekin jarraituko dugu, gaur-gaurko gaiei atzekoz aurrera begira». Testigantzei leku berezia egingo diete, eta umorea eta sormenaren bidez entretenimendua eskaini. Zeregin horretan hainbat kolaboratzaile izango ditu Etxezortuk bidelagun: besteak beste, Aritz Galarraga kazetaria, Mitxel Murua idazlea, Santi Leone historialaria, eta Irati Anda eskalatzailea.

Albistegiei dagokionez, «klasikoak diren erreferentziazko ordutegiak» finkatuko dituzte. «Informazioa asko kontsumitzen da», dio Larrañagak. Albistegiek 24 orduz egingo dute lan, eta orduz ordu azken berriak eskainiko dituzte aurrerantzean ere. 10:00ak arteko tartean «bizi eta sakon» landuko dute informazioa.

Albistegiak

Eguerdiko albistegia 13:00etan hasiko da, eta Pilar Goiak gidatuko du. Gertuko informazioari eta kirolei tartea egingo diete; Kirol Legez-ek Joxe Mari Apaolazaren esku jarraituko du. Horrez gain, Arantxa Iturbek kultur saioa aurkeztuko du, egungo gaiei buruzko ikuspegia osatuko duena. Larrañagak azaldu duenez, kulturak «trataera transbertsala» izango du, eta leiho bat baino gehiago zabalduko diote. Iturbe berak sortzaileei lekua egingo die Arratsean, 20:00etan. 23:00etan emango dute azken albiste bilduma.

Itziar Alduntzinek Kantu Kontari saioa gidatuko du bazkalostean, 15:00etan. Kantuak eta kontakizunak bilduko ditu. Fermin Etxegoienen Musikatea saioa iluntzera aldatu dute: 21:00etatik 22:00etarako tartea hartuko du.

Berrikuntzetako bat da Hiri Gorrian arratsaldeko magazin «urbanoa». Maider Segurolak eta Xabi Larrazabalek aurkeztuko dute, 16:00etatik 18:00etara. «Hiri ikuspegitik irratiaren kutsua hautsiko du», azaldu du Larrañagak. Time out kontzeptua irratira ekarriko dute; kaleko giroa eta testigantzak bilduko dituzte. Euskal Herritik mundura begira jarriko dira. Espainiako Vuelta amaitzean hasiko dira saioarekin.

Mezularia saioak kutsu informatiboagoa izango du. Ainhoa Etxebestek gidatuko du, eta arratsaldeko erreferentziako informazio saioa izango da. 18:00etan hasiko da, eta bi zati nagusi izango ditu. Lehenengo orduan etxeko kolaboratzaile eta berriemaileek eguneko gertakizunen berri emango dute. Bestalde, Tokikomeko kideekin batera landutako tokian tokiko informazioari buruzko mahai ingurua egingo dute. Bigarren orduan, betiko albistegiari helduko dio Jon Aizpuruak.

Bestalde, Dani Arizalak jarraituko du goizean goizeko iratzargailua izaten; 05:00etan hasiko da Asko Gara saioa.

Ugalde, asteburuetan

Larunbat eta igandeko Goiz kronika eta eguerdiko Egunak Gaur albistegia Joxe Juan Ugaldek egingo ditu. Nagore Telleriak, berriz, Amarauna goizeko magazina gidatuko du. Txetxu Urbietak Hiru Erregeen Mahaia kirol magazina aurkeztuko du asteburu arratsaldetan. Iluntzeko musika saioa, berriz, Asier Leozek gidatuko du: Portobello. Saio tematiko guztiak asteburuan emango dituzte; larunbatean Landaberri, Norteko Ferrokarrila, eta Lizardiren baratza. Igandean, berriz, Ekosfera, Bidaldi eta @.

Oilategia umore saioak ez du jarraituko, eta ez da egongo, beraz, berariazko umore saiorik. «Umorea saioetan txertatuko dugu». Entzule kopuruari eustea da irratiaren erronka nagusia: «100.000 entzule ditugu; ahalik eta irratirik hoberena egin nahi dugu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.