Komunikazioa

Titularren atzeko gatazka

Munduko hainbat hedabide Googleren aurka altxatu dira eta, egile eskubideak aldarri, dirua eskatzen diote, albisteekin etekinak lortzen dituelako. Belgikan, aldiz, elkarlanari ekin diote.

Googlek ez die dirurik eman nahi hedabideei, haietara trafikoa bideratzea aski mesedegarri zaiela argudiaturik. Z / BERRIA.
Donostia
2012ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Interneten garapenarekin, paperezko egunkarien gainbehera hasi zen eta, halabeharrez, hedabideek sarean jarri dute arreta. Aro digitalean irabaziak nola lortu asmatu ezinik dabiltza mundu osoko komunikabideak eta, artean, euren albisteak erabiliz dirua jaso nahi duten hainbat esku agertu dira. Beti ere, doako sarbide mugagebearen izenean. Eta, noski, etekin gehiena nork lortzen duen zehazterakoan gatazka piztu da. Zenbait hedabidek ez dute begi onez ikusten euren edukiekin beste batzuek irabaziak lortzeko ideia eta, egile eskubideen afera mahai gainean jarri dute, berriro ere. Hain zuzen, Google News herramintaren izaera dago ezbaian.

Boikota edo 'Google zerga'

Brasil izan da Kaliforniako enpresari planto egiten lehenengoa: egunkari nagusien %90ek —hots, 145 egunkari inguruk— Google Newsetik alde egin dute, Googlek kazeta horiei dirurik ez ordaintzea erabaki ostean. Multinazionalak ez die sosik ordaindu nahi, iruditzen zaiolako bere bilatzailetik egunkarien webguneetara trafiko asko iristen dela eta horrek mesede egiten diela. Hain zuzen ere, Googlek dio hilean 4.000 milioi erabiltzaile bideratzen dituela, horietatik 1.000 milioi Google News bidez. «Egunkariek trafiko horri errentagarritasuna ateratzen asmatu beharko dute». Baina zenbaiten ustez halako plataformak hedabideen lehiakide zuzenak dira eta, irakurleek ez dute egunkarira jotzen berria osotasunean irakurtzeko.

Bitartean, Alemanian, hedabideen eskaerak legez arautzeari ekin diote. Ministro Kontseiluak argi berdea eman dio berriki Copyright eredu berezia jasotzen duen lege proiektuari: editoreek lizentziak kobratzeko eskubidea izanen dute eduki informatiboen erabileragatik. Hala, Googlek ordaindu egin beharko die Alemaniako komunikabideei, berrien bilaketa emaitzetan euren edukiak erakusteagatik.

Alemaniarrek hasitako bidea beste herrialde batzuetara zabalduko den beldur dira Googleko arduradunak eta, ohartarazi dute halako ideiek Interneten garapena oztopatu, informazio askatasuna gutxitu eta ekonomia kaltetuko dutela. Erabiltzaile ugari multinazionalaren alde agertu dira, Interneten informazio askatasuna bermatzen duelakoan.Kontrako aldean posizionatu da Frantzia. Googlek herrialdean zerga gehiago ordaintzea nahi du. Ondorioz, François Hollanderen gobernuak ere, jabego intelektual digitalaren gaineko eskubidea bermatu nahi du; Google tasa. Gatazkaren erdian, publizitarearen afera ere azaldu da. Editoreek diote webgunera Google News bidez iristen diren erabiltzaileak zuzenean albistera doazela, azala bisitatu gabe, eta, horrek, publizitatean ere eragin negatiboa duela. Eztabaida ez da berria. Google Newsen sorrerarekin bat AEBtako hedabide talde handienek gogor egin zuten haren aurka. Alferrik. Hedabideek onartu zuten Googlek albisteak txertatzea baino okerragoa zela ez txertatzea; alegia, bilatzailean presentzia galtzea. Hori da, hain zuzen, Googlek darabilen mehatxua: produktua bilaketa emaitzetatik kanpo uztea.

Elkarlana aterabide

Hala egon dira Belgikako hedabideak azken sei urteetan, bart, erdibideko akordio bat lortu duten arte. Googlek jakinarazi du bilaketa emaitzetan sartuko dituela berriro, baina, ez diela dirurik emango. Trukean, Googlek, bere publizitate herraminta guztiak haien eskura jarriko ditu, irabaziak handitu ditzaten. Egile eskubideen defentsa sutsu horretan, hedabideek ezin dute ahaztu dependentzia handia dutela bilatzailearekiko. Hala, lehenik, aztertu beharko dituzte pare bat gauza: zer da errentagarriagoa, Googleri dirua kentzea edota bilatzaileetan posizio abantailatsua izatea? Aterabide egokiena bi aldeen arteko elkarlana dela erakutsi duBelgikako kasuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.