Komunikazioa

Kukurrukurik ez irratian

Ilaski Serranok, Mikel Pagadizabalek eta Jon Iraolak gidatzen duten 'Oilategia' umore saioaren azken emanaldia izango da bihar; udazkenean ez dute jarraituko. Asko «gozatu» dute saioa egiten.

Jon Iraola, Ilaski Serrano eta Mikel Pagadizabal, atzo, EITBren Donostiako egoitzan, Miramonen. ADRIAN GARCIA.
Adrian Garcia.
Donostia
2013ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Euskadi Irratiko azkeneko kukurrukuak bihar entzungo dira. Ilaski Serranok, Mikel Pagadizabalek eta Jon Iraolak gidatzen duten irratiko umore saioak entzuleak agurtuko ditu, betiko legez, txantxa eta algara artean. Oilategia saiotik igarotako pertsonaiek zein Pagadizabalek eta Iraolak imitatzen dituztenek biharko eguna jarraitzaileak agurtzeko baliatuko dute. «Ekainean amaituko genuela jakin genuen, eta azken asteetan agurra prestatzen ibili gara», azaldu du Serranok.

Murrizketen eragina ere iritsi da irratira: uda ostean Oilategia saioa ez da itzuliko Euskadi Irratira. Irratiko programazioa aldatu, eta saioak luzatuko dituzte irailean. EITB barruko langileak erabiliko dituzte programazioa osatzeko.

Ez da umore saiorik entzungo Euskadi Irratian aurrerantzean. «Ez dakit Faktoria-n txisteak kontatzen hasiko diren», dio ironiaz Pagadizabalek. Umorea egiten jende eta baliabide asko behar direla dio Serranok. «Hurrengo urteetan, agian, beste euskarri batzuetan lan egiteko joera nagusituko da, talde txikiagoekin, horrenbeste jende lanean ez edukitzeko».

Xabier Lasa zutabegileak honelaxe azaldu zuen iragan igandean saioaren bertuterik preziatuena: «Euskadi Irratiari maiz darion herabe, xalo, inozo, santujale ukitu hori galtzeko premiari erantzun dio». Azken finean, eguerdietan ordu erdiz irratia «oilategi» bihurtzen dute, Serranoren hitzetan.

Saio apurtzailea

Euskadi Irratian arrastoa utziko du saioak, orain arte ez baita horrelakorik ekoitzi. «Alde horretatik, berritzailea izan da, eta jende gaztea hurbildu zaigula nabaritu dugu», dio Serranok. «Nire ustez, aurrerantzean horrelako zerbait egiten kostatuko da». Serranoren aurretik, Anjel Alkainek osatzen zuen hirukotea, Pagadizabal eta Iraolarekin.

Asko gozatu du hirukoteak irratian umorea egiten, askatasun osoa izan baitute lan egiteko. «Geuk sortutako gauza bat izan da, eta hori izan da onena», azaldu du Serranok. Pagadizabalen arabera, telebistan baino erosoagoa da irratian umorea egitea: «Gidoia idazten duzu, eta zuzenean egiten duzu». Irratirako ez dute atrezzoen eta makillajearen beharrik. «Bota eta, aurrenekoan doa, ez dago atzera bueltarik eta errepikatu beharrik», azaldu du Iraolak. Saioetarako gidoiak eurek prestatzen dituzte. «Inprobisaziorako leku handirik ez dugu uzten. Lauzpabost puntu jarri, eta gero bakoitzak bere esperientziaren araberako ekarpenak egiten ditu, baina gehiena gidoi baten pean egiten dugu», dio Pagadizabalek. Halere, Serranok dio egunaren arabera gidoitik kanpoko «barne txantxak» egiten dituztela. «Pagadirekin haserretzen banaiz, berak gero mezu subliminal bat bidaltzen dit. Hiruron artean oso harreman ona dago».

Oilategia-k umore saio gisa beste euskarrietan ere ongi funtziona dezakeela uste du hirukoteak. Lan egiteko orduan hiruren artean energia berezi bat sortzen da. «Elkar laguntzen dugu, elkar ezagutzen dugu... energia horrekin euskarriak molda daitezke». Pagadizabalek ere uste du saioa beste euskarrietan ere funtziona dezakeela: «Garrantzitsuena saioaren espiritua da, estilo hori eta sortzen den giroa ere telebistan egin daiteke».

Haserrealdi eta larrialdiak airean sartu baino lehen etortzen dira. «Ordu erdi horretan erlaxatu egiten zara, eta ondo pasatzen duzu», dio Pagadizabalek. «Zuzeneko emanaldiak adrenalina puntu hori ematen du». Hiru urte eman dituzte Euskadi Irratiko eguerdiak alaitzen, eta saioa betiko amaituko dela zabaldutakoan jende asko harrituta gerturatu zaie. «'Orain zer entzun behar dugu?', esaten digute». Asko gozatu dute irratian umorea eginez. «Entzuleen laurdenek ondo pasatu badute, pozik geratuko gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.