Albistea entzun

Komunikazioa

Vicent Partal: «Komunitateak gorpuzten du betekizun soziala»

Vilaweb atariko arduradunaren iritziz, irakurlea proiektuaren parte egitea da ordaintze eredurik zentzuzkoena
Vicent Partal kazetariak hitzaldia eman zuen atzo Andoaingo Martin Ugalde parkean.
Vicent Partal kazetariak hitzaldia eman zuen atzo Andoaingo Martin Ugalde parkean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Urtzi Urkizu -

2012ko maiatzak 25 - Andoain

«Komunikabideek ezinbestekoa dute komunitatearen zentzuaz jabetzea. Halaber, hedabideek duten helburu eta garrantzi sozialaz ohartarazi behar da gizartea, eta komunitateari azaldu, era berean, babesa erakutsi behar zaiola balio sozialak zabaltzen dituen hedabideari». Hausnarketa hori egin zuen atzo Andoainen Vilawebeko arduradun Vicent Partalek (Betera, Herrialde Katalanak, 1960). Komunitatea eta parte hartzea: egunkaria eta prentsa berriz asmatzen hitzaldia eman zuen Partalek Martin Ugalde parkean, Kazetaritza eta hedabideak berriz asmatzen hitzaldi zikloari amaiera emanez. Berria Fundazioak eta Innobasquek antolatu dute zikloa, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismo Sailak lagundu du.

«Helburu ekonomikoak bakarrik badira zutabeak, kazetaritzaren esentzia desagertu egiten da», iruditzen zaio Vilaweb-eko sortzaileari. «Betekizun soziala ezinbestekoa dute hedabideetako enpresek. Eta betekizun sozial horren oinarria komunitatea da, komunitateak gorpuzten duelako betekizun sozial hori». Komunikabideek egin beharreko apustua «komunitatea fokuratu eta zerbitzu ona ematea da». Ez zaio iruditzen egunkarietako edizio digitalak irakurtzeko ordaindu egin behar denik. «Irakurleak komunitatearen eta proiektuaren parte egitea da ordainketa eredu zentzuzko bakarra».

Paperaren etorkizunaren inguruan zalantza asko daude egun. «Baina eztabaida bat da paperezko egunkariek zentzua duten edo ez, eta beste bat, zer den egunkari bat, nola aldatu diren prentsa definitzen duten elementuak».

Denbora gutxian, sakelako telefonoek aldaketak eragin dituzte kontsumo ereduetan, eta gehiago eragingo dituzte. «Telefonoari 24 orduz lotuta gaude, beti gainean daramagulako. Gainera, beste komunikazio eredu guztiak biltzen ditu: irratia, telebista eta egunkari tradizionala». Beste horien kontsumoa, berriz, unean unekoa da: paperezko egunkaria, goiz-goizean; irratia, bereziki autoan; eta telebista, gauean. Sakelako telefono berriekin bestelako ohitura batzuk iritsiko dira kontsumoan. «Pertsona bakoitzak kiosko bat du poltsikoan».

Telebistaren mundua ere aldatzen ari da, eta horren barruan kokatu behar da Smart TV izenekoa, Interneteko edukiak telebistan ikusteko aukera ematen duena. Arlo horretan ere lanean ari da Vilaweb.

Diru sarrerak lortzeko azkenaldian sortzen ari diren eredu batzuk bitxiak dira: CNN katea kafetegiak zabaltzen hasi da; egunkari batzuek erredakzioa kafetegi bihurtu dute; eta Byliner atariak egunero 15-20 orriko liburuxkak jartzen ditu salgai, merke, gailu eramangarrietarako.

Testuingurua hori dela ikusirik, zer da egunkari bat? «Aplikazio multzo bat. Paperezko euskarria ere aplikazio bat da. Beste aplikazio bat gailu eramangarrientzat litzateke, beste bat telebistarentzat... Aplikazioek bi baldintza dituzte: marka bera eta eduki batzuk. Eduki horiek ahalik eta pantaila gehienetan egokitu eta biderkatu behar dira. Eta, bestetik, sare sozialak daude. Gaur egun egunkari bat Twitter eta Facebook gabe ez da existitzen». Partalen ustetan, kazetarien erantzukizuna irakurleak bilatzea da: «Sare sozialak erabili behar dira atentzioa erakartzeko».

Paperezko egunkariak egitea jada ez da negozioa, publizitatearen eta salmenten jaitsiera dela eta. «Zenbait aberatsek erosi dituzte egunkari batzuk, eragina izateko. Nabarmenkeria moduko bat da». Horiek horrela, aukera bakarra komunitatea da, Partalen ustetan. «Komunikabideak komunitateko kideari azaldu behar dio egun denek eman dezaketela informazioa, baina informazio onena eta orekatuena berak eskainiko diola. Rol hori gizartearentzat onuragarria da, eta hartzailea ados badago, inplika dadila». Komunitateko kidearen eta erredakzioaren arteko harremana indartsuago egiteko bideak aurkitzeko lanean ari da azkenaldian Vilaweb. «Gure herrialdeetan komunitate zentzua indartsua da, zorionez, eta, alor horretan, lan handia dugu egiteko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.