Antton Iturbe.
Bi ahotsetara

Inoiz itzaliko ez den argia

2014ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Nire belaunaldiko beste hainbat musikazalek bezala, The Smithsek bizitza aldatu zidatela esango nuke. 1987an The Queen is Dead diskoaren doinu eta hitzak une hartan neuzkan kezka, ezinegon guztien isla zirela iruditu zitzaidan eta, gainera, modu ezin ederragoan adierazten zituztela. Urteak aurrera joan ahala beste milaka musikari berri aurkitu ditudan heinean, sarritan Smithsen diskoak apalaren hondoan izan ditut ahaztuta. Baina berreskuratu ditudan aldi oro beti bezain fresko, bizi eta maitagarri azaldu zaizkit, baita oraingoan ere Morrissey abeslariaren autobiografiaren irakurketaren lagun izatean.

Penguin Classics sail ospetsuan azaltzearen polemikaz eta bere ego puztua eta ahozabalkeriak sorrarazten duten ikusminaz inguratuta plazaratu da liburua. Nolabait biei erantzun emanez,Manchester goibelean bere haurtzaro eta gaztaroko oroitzapenak dotorezia handiz kontatzen ditu, eta berarekin gurutzatu diren hainbat pertsonaiak jipoi literario galantak jasotzen dituzte.

Kontuak kontu, 80ko hamarkadako musika industriaren irudia da benetan txunditu nauena. Lehen diskoa plazaratu bezain pronto, bere motibazio poetiko eta estetikoei buruzkoak alde batera utzi eta kontratu esplotatzaile, disko salmenta kopuru, promozio lan etengabe, konpetibitate, susmo txar eta inbidiaz betetako jario beldurgarri bezain aspergarria bihurtzen da liburua. Arazo eta konponezin pertsonalen gainetik pop historiako talde miresgarriena benetan akabatu zuena industriaren zekenkeria izan zela ematen du aditzera azken batean.

Egun, gustukoen ditudan talde eta diskoen atzean diskoetxe aske txikiak edota autoekoizpena ikusten ditut. Salmentak askoz xumeagoak izan arren, errespetua, duintasuna eta artista/entzule identifikazio zintzoagoa sentitzen dut. 1987tik Smiths laukotea ez da berriz elkartu, ezta kontzertu bat emateko ere. Pertsonalki ez dut mitoa erabat apurtuko lukeen itzulerarik ikusi nahi, ez taldearena, ezta gutxiago ere garai hartako industria nazkagarriarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.