Hilero beharrean, bi hilean behin pagatu beharko da argindarraren faktura

Konpainiek ez dute kalkulurik egin beharko; erabiltzaileek kontsumitutakoagatik bakarrik pagatuko dute

2012ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Atzera berriz sistema zaharrera ohitu beharko dute argindar erabiltzaileek: faktura hilero pagatu beharrean, bi hilean behin pagatzera. Espainiako Industria Ministerioak uste du herritarrek kontsumitzen dutena besterik ez luketela pagatu behar eta egungo sistemarekin ez dela hala gertatzen. Argindar konpainiek bi hilean behin irakurtzen dituzte kontagailuak, hilero irakurtzeko baliabiderik ez daukatela arrazoituta. Hala, hilabete batean kontsumitutakoaren araberako faktura zehatza igortzen diete erabiltzaileei, baina hurrengoan ez: konpainiek egindako kalkulua ordaintzen dute erabiltzaileek.

2008ko irailera arte, Hego Euskal Herriko erabiltzaileek bi hilean behin jasotzen zuten argindarraren faktura, konpainiek kontagailuak irakurtzen zituzten maiztasun berarekin beraz. Aurreko gobernu taldeak sistema aldatzea erabaki zuen, faktura hilero ordainduta erabiltzaileak kontsumoaren zenbatekoaz hobeto jabetuko zirela esanda. Baina aldaketak inor gutxi konbentzitu zuen. Argindarraren prezio igoerak ezkutatzeko trikimailu bat besterik ez zela zioten kritikoenek. Kontsumitzaileen elkarteek ere herritarren kexa ugari jaso dituzte hiru urteotan, kontsumoaren inguruko kalkuluak egiterakoan argindar konpainiek egindako hanka sartzeengatik. Badira sistemaren zilegitasuna auzitan jarri duten adituak ere.

Horren guztiaren jakitun, Industria Ministerioak, kalkuluen kontua alde batera utzi, eta kontsumoaren araberako fakturen sistemara itzultzeko errege dekretuaren proiektua prestatu du, eta CNE Energia Batzordeari igorri dio, azter dezan.

Kontsumitzaileak, pozik

Kontsumitzaileen elkarte guztiek txalotu dute gobernuaren erabakia, «kontsumitzaileek eskubidea dutelako zenbat kontsumitzen duten eta zenbat pagatu beharko duten jakiteko», OCUren arabera. «Hileroko fakturaren sistema helburu batekin sortu zuten: erabiltzaileak kontsumoaz kontzientziatzea. Ez da gauza izan helburu hura lortzeko; beraz, lehengora itzultzea da onena», CECUren arabera ere.

Dena dela, faktura hilero jasotzen eta ordaintzen jarraitu nahi dutenek izango dute horretarako aukera. Hileroko faktura sistemarekin jarraitu nahi duten erabiltzaileei zerbitzu hori emateko betebeharra izango dute argindar konpainiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.