Lurpeko erreka da altxorra

Zazpi espeleologo jaitsiko dira bihar Turtziozko Torca La Jeriza kobara, han ibairik ba ote dagoen ikusteko asmozLeizearen sarrerak 90 metroko diametroa du, eta Europako bigarrena da tamaina aldetik

Toki ikusgarriak baina heltzeko zailtasun handikoak dira Turtzioz inguruko kobazuloak. BURNIA ESPELEOLOGIA TALDEA.
Turtzioz
2012ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Kobazuloak beti izan dira leku misteriotsuak. Horien inguruko istorioak eta mitoak ugaritu dira lurreko erraietara sarbide ilunen bat duten herri guztietan. Manuel Gonzalez espeleologoak azaldu duenez, Turtziozen (Bizkaia) Torca La Jeriza leizeak zeresan ugari eman du belaunaldiz belaunaldi: «Herrian askotan kontatzen dira Torcaren inguruko istorioak; esaterako, itsasoan bukatzen dela». Bihar, Gonzalezek eta beste sei espeleologok kondaira guztiak bukatzeko aukera izango dute,orain arte arakatu ez den haitzuloaren gunera sartuko baitira, 220 metroko sakontasunean errekarik ba ote dagoen ikusteko asmoz.

Hala, ez da izango aditu talde batek Torca La Jeriza miatuko duen lehen aldia. «Maila bateraino miaketa eginda dago», jakinarazi du Gonzalezek. «Bizkaiko espeleologia taldea 200 metroko sakontasunera heldu zen, eta gero Barakaldoko Esparta taldea pixka bat beherago. Orain, Esparta eta Burnia taldekoak jaitsiko gara». Azken elkarte horretakoa da Gonzalez.

Kobazuloko sarrera Europako handienetako bat da, bigarrena;90 metroko diametroa du. Espeleologoak dio toki «ikusgarria» dela baina horraino heltzea «zaila» dela: «Herritik noranahiko ibilgailua uzten den tokiraino ordubeteko bidea dago, eta handik kobazuloaren ahoraino, oinez, beste horrenbeste. Sarbidea ez da batere erraza». Hala ere, haitzuloaren oparotasun geologiko zein biologikoa bidaia luzeari atarramentua ateratzeko lagungarri dela uste du Gonzalezek. «Horma guztiak zuhaitzez beteta daude. Hor behean, mikroklima bat dago. Botanikari dagokionez, oso kobazulo aberatsa da. Argia 200 metroraino sartzen denez, txorien habiak daude, eta, noski, saguzarrak ere badaude».

Ondo baino hobeto ezagutzen ditu Gonzalezek Torca La Jerizako fauna eta landareria. Izan ere, espeleologoek jaitsierak baliatzen dituzte haitzuloen ezaugarri guztiak aztertzeko. «Zerbait aurkitzen badugu», zehaztu du, «askotan ez dugulako deus topatzen». Oraingoz, leizera eroritako animalien hezurrak baino ez dituzte ikusi Turtziozen, baina bihar zerbait gehiago aurkitzeko itxaropena du. «Inoiz ez dakigu zer topatuko dugun».

Segurtasuna lehentasun

Arriskutsua izan daiteke espeleologia; kontuz ibiltzeko modukoa da. Ondorioz, Gonzalezek eta haren taldeko kideek jaitsieretan segurtasuna bermatu nahi dute beste edozeren aurretik: «Hau zaletasun bat da, baina ahalik eta modurik profesionalenean egiten saiatzen gara», azaldu du. Espeleologoaren ustez, gaur egun «jende gehiegi» joaten da mendira. «Inoiz ez da hainbeste erreskaterik egin behar izan». Espeleolaguntzan ere aritzen da Gonzalez, hots, salbamenduetan parte hartzen du, bere borondatez. «Arriskuak saihestu behar dira, horrelako egoerarik sor ez dadin».

Espeleologian aritzen den turtzioztar «bakarra» izateak Torca La Jerizarekiko jakin-mina piztu zion Gonzalezi. Orain, herriko adinekoei kobako argazkiak erakutsi nahiko lizkieke. «Hemen, artzaintza zen lanbide nagusietako bat. Artzainak leizera joaten ziren, harri bat botatzen zuten eta hotsa atera arte igarotako segundoen arabera kalkulatzen zuten zenbat metroko sakonera edukiko zuen. Garai horretan ez zegoen hara jaisteko aukerarik, eta hor behean dagoena erakustea gustatuko litzaidake». Bestalde, leizean zenbait arrakala identifikatu dituzte espeleologoek, eta ostendutako ibaia pitzadura horietatik gertu egon daitekeela «susmatzen» dute. «Gero, zortea izan dezakegu edo hor eten daiteke bidea. Hala bada, atsekabeturik itzuliko gara eta beste lekuren batean saiatuko gara». Gonzalezek, behintzat, ez du hain erraz amorerik emango. «Bilatzea da gakoa, setatia izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.