Itxierak

Krisian itxitako enpresak

Krisiak eztanda egin zuenetik, Euskal Herriko ehunka enpresak itxi dituzte ateak, eta milaka langile kalean utzi. Horietako asko garrantzi eta historia handiko enpresak izan dira.

2012ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Krisiak eztanda egin zuenetik ehunka enpresek itxi dituzte ateak Euskal Herrian. Horietako asko garrantzi eta historia handikoak, Ramon Vizcaino kasu. Lantegietarako hotz industrialeko sistemak fabrikatzen zituen Oiartzungo enpresak bukaera luze eta dramatikoa izan. 2010ko urtarriletik 2011ra, 400 langileak egunero egunero joan ziren lanera, baina zentimorik kobratu gabe. AIAC inbertsio talde estatubatuarrarengan jarri zituzten itxaropen guztiak, enpresa salbatzera zetorrelakoan, baina hilabete gutxiren buruan, etorrita bezala alde egin zuen, arrastorik utzi gabe. Administrazioei laguntza eskatzeko egindako hamaika mobilizazioek ezer gutxitarako balio izan zien langileei. 2011ko urtarrilean kale gorrian geratu ziren guztiak.

Ekipamendu ondasunak ekoizten zituen Trapagarango Babcock Power izan da krisiak lurperatu duen beste mitikoetako bat. Sasoirik onenean 5.500 langile izatera ere iritsi zen, baina 2011ko irailean 392 langilerekin itxi zituen ateak. Amaiera luzea izan zuen hark ere. Azken jabeak, Austriako A-Tec enpresak, 2010a bukatzerako iragarri zuen bere asmoa, baina langileek azkenera arte eutsi zioten inbertsiogile berri bat topatzeko esperantzari. 94 urteko historiaren ostean, duela urte erdi pasatxo itxi zituen ateak.

Are urte gehiago zeramatzaten BH bizikleta ekoizleak Gasteizen eta Tavex ehungintza enpresak Bergaran; batak ehun eta besteak 164, baina haiek ere historia dira dagoeneko. 2010eko azaroan iragarri zuten Euskal Herriko lantegiak itxi eta ekoizpena kanpora zeramatela. BHk 47 langile utzi zituen kalean eta beste 68 Tavexek. Mugerreko Salines gatzagak ere, 93 urte eta gero, 2010eko urrian erabaki zuen ekoizteari behin betiko lagatzea. 65 lagun utzi zituen kalean.

Beste historikoetako batek ere, Arabako Ceplastikek, dena pikutara bidaltzea erabaki zuen 2010eko abenduan. 40 urte baino gehiago zermatzan Jundizko industrigunean material plastikoak ekoizten, batez ere eraikuntzarako. Eskarien jaitsierari aurre egin ezinik, enpresa likidatzeko baimena eskatu zion epaileari. 119 langile geratu ziren kalean.

Zoritxarrez, Cesplastik adibide soil bat baino ez da, azken hiruzpalau urteotan askoz enpresa gehiago hondoratu baititu eraikuntza sektorearen gain beherarak. Irungo Egoki altzarientzako heldulekuen ekoizlea —Europako handienetakoa— izan zen erori zen aurrena, krisiak eztanda egin eta berehala, 2008ko udazkenean bertan. Langile batzuk kaleratzeko erregulazioa izan behar zuena, enpresa ixteko dosier batengatik ordezkatu, eta 200 lagun utzi zituen kalean. Urtebetera, artean atzeratutako soldatak —lau hilebetekoak— eta kalte ordainak jasotzeke jarraitzen zuten Egokiko langile izandakoek.

Gruas Jasok gauza bera egin zuen Olaberriko lantegiarekin. 161 langile kaleratuko zituela iragarri zuen 2009ko irailean, garabien ekoizpena %97 eta bere fakturazioa %76 amildu zelako azken hiru urteetan.

Zorte txar bera izan zuten Altsasukoko Arfe eta Isphording Hispaniak, Gasteizko Kemenek eta Mugerreko Bois et Chiffons enpresetako langileek ere. Arfen kutxa gotorrak eta buzoiak egiten zituzten; 46 urte eta gero, iazko apirilean itxi zituen ateak 157 langile kalean utzita. Isphordingen sukaldeko txorrotetarako balbulak eta etxetresna elektrikoetarako osagai txikiak farbikatzen zituzten, 2010eko urtarrilera arte; 95 lagun utzi zituen kalean. Bois eta Chiffons altzari denden kateak, berriz, Iparraldeko saltoki guztiak itxi eta 39 lagun utzi zituen lanik gabe joan den urteko abuztuan.

Hilabete hartan bertan iragarri zuen Daewook Gasteizko lantegia itxiko zuela, han ekoizten zuen hozkailu eredua aurki desagertuko zela argudiatuta. Zikin jokatu zuen Hego Koreako multinazionalak, batetik, Euskal Herrira etortzean diru laguntza publikoak jasotzeko egindako promesak sekula ez zituelako bete; eta bestetik, 147 lanpostuak desusezteko eskaera langileak oporretan zirela egin zuelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.