Bengoetxea VI.a 22. Jaunarena 10

Ez zion den-dena irakatsi

Oinatz Bengoetxeak sake-errematea bikain erabilita irabazi du, eta Irujoren aurka jokatuko du finalerdietan

Oinatz Bengoetxea pilota astintzen, Jon Jaunarena begira duela, atzo Hendaian jokaturiko partidan. GAIZKA IROZ.
Imanol Magro Eizmendi.
2013ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Iraupena. 49.15.

Pilotakadak. 162.

Saketik. Bengoetxea VI.ak 4; Jaunarenak 2.

Markagailua. 0-2, 2-2, 2-7, 7-7, 14-7, 14-8, 21-8, 21-10 eta 22-10.

Bestelakoak. 650 ikusle Hendaiako Daniel Ugarte pilotalekuan, asko Leitzatik joanikoak. Ez zen artekaririk egon. Ipar Euskal Herrian ez dago pilotaleku apusturik.

Irakasleak ezin dio ikasleari den-dena irakatsi. Maisuak pixka bat zuhurra izan behar du, eta zerbait gorde gazteak gora egiten duenerako. Oinatz Bengoetxea Jon Jaunarenaren monitore izan zen Leitzako pilota eskolan, eta makina bat ordu pasa zuten elkarrekin entrenatzen. Gazteak ezpal ona zuela ikusita, ziur aholku asko eman zizkiola, baita buruz buruko jokorako ere. Baina badaezpada ere zerbait ez zion azaldu Bengoetxea VI.ak: sake-errematea. Eta horri esker irabazi zion atzo Hendaian. Sakea hartu zuenean, 18-1eko partziala kateatu, eta buruz buruko finalerdietarako sailkatu zen bosgarren aldiz. Finaleko atarian Juan Martinez de Irujo izango du aurkari bi aste barru.

Jaunarenak buruz burukorako dohain handiak ditu, eta horiei esker irabazi zien Olaizola I.ari eta Zabaletari. Oraindik, baina, koska bat falta zaio azken urteetan modalitatean nagusi izan diren hautatuen klub horretan sartzeko. Hala ere, hasieran ondo estutu zuen Bengoetxea VI.a. 21 urteko aurrelariak etxetik prestatua zuen sakea gurutzatu behar zuela irakasle ohiak airez errestatu ez zezan. Pareta ere bilatu zuen, oso motz eta bortitz sakatuz. Piloteoan aginduta, eta horma-bikoei esker, 2-7 aurreratu zen.

Ustekabekoa egon zitekeela zirudien, Bengoetxea deseroso zebilelako. Bi pareta, baina, arma arriskutsua da, eta Bengoetxea iritsi zen aurrenekoan sakea berreskuratu zuen. Eta sakea alde, dena aldatu zen. Hendaiako pilotalekuko ezaugarriak ezin hobeak dira sake-erremate jokorako. Pilota gutxi irteten da frontisetik, eta zorua bizia da. Bengoetxeak lotsagabe bilatu zuen, eta 12-0 partziala lortu zuen (14-7). Erremate asko zailak izan ziren, jarrera oso behartuetan. Tanto pare batean ere bere burua saldu zuen (11-7 eta 12-7), dejada harroekin, eta Jaunarena iritsi zen zango biziei esker, baina bietan ez zuen bere aukera baliatu, eta bi huts egin zituen jarraian.

Bengoetxearen hutsa piloteoan iritsi zen (14-8), eta Jaunarenak hartu zuen sakea. Tanto bakarra iraun zion, piloteoa bizi batean nahastu eta Bengoetxeak dejada ona egin zuelako (15-8). Azken txanpako tantoetan egon ziren piloteo batzuk, baina Bengoetxeak sotamanoz agindu zituen. Botera Jaunarena gehiago zen, eta haren maisu izandakoak hori bazekienez, airez sartzera behartu zuen. Borroka hori abilezia kontua izan zen, eta eremu horretan Bengoetxea ia garaiezina da. Txapeldun ohiak tanto politak lortu zituen ezker airez (21-8).

Jaunarenak bi tanto egin zituen bukaeran, eta emaitza atondu zuen azken tantoan pilota txapara bidali aurretik. Polita izan zen partida bukatu berritan elkar besarkatu eta belarrira elkarri hitz batzuk esan zioten unea. Maisuak beste aholku bat emango zion agian, eta ikasleak, ziur asko, jasotako lezioa eskertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.