Osakidetzak 30 urte. Elkarrizketak (I). Jose Antonio de Leniz. SATSEko idazkari nagusia

«Batuta jardun dugunean erdietsi ditugu lorpenik handienak lan baldintzetan»

Osakidetzaren 30. urteurrena dela eta, elkarrizketa sorta bat kaleratuko du aste honetan BERRIAk. Sindikatuek egindako lanaz aritu da SATSEko idazkari nagusi Jose Antonio de Leniz.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2013ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
«Lana eta familia uztartzeko lorpenak». Horiek izan dira, Jose Antonio de Leniz (Bilbo, 1959)SATSE erizainen sindikatuko idazkari nagusiaren arabera, sindikatuek urte hauetan Osakidetzan lortu dituzten gauzarik garrantzitsuenetakoak.

Zein balorazio egiten duzu Osakidetzaren 30 urte hauetaz?

Edozein erakunderen historiarekin gertatzen den moduan, gorabeherekin. Argiak eta ilunak izan ditu. Garai onak, erdipurdikoak eta txarrak egon dira. Erizainen sektoreari dagokionez, 30 urte hauetan garapen profesional, akademiko eta zientifiko handi bat lortu du erizainen sektoreak. Horretan jarraitu behar dugu.

Zein izan da urte hauetako lorpenik garrantzitsuena?

Lana eta familia uztartzea ahalbidetu dituzten lorpenak dira gure ustez garrantzitsuenak. Izan ere, erizainen gehiengoa oraindik ere emakumezkoa da. Pixkanaka aldatzen ari den arren, oraindik ereemakumeak dira haurren zein adinekoen zaintzaz nahiz etxeko egunerokoaz arduratzen direnak. Hori dela eta, gure ustez, garrantzitsuak dira familia eta lana uztartzeko neurriak. Lorpen horiek, dena den, langile guztientzat dira garrantzitsuak. Izan ere, langileak gustura egoteko gako garrantzitsuetako bat da lanetik kanpo ere gustura egotea. Asko borrokatu behar izan gara. Argi dago sindikatu guztiak batuta egon garenean izan direla garairik oparoenak eta aproposenak horretarako. Jaurlaritzarekin lortutako akordioen artean, hiru nabarmenduko nituzke: 1992 eta 1996 urte artekoan urrats garrantzitsuak izan ziren. 2000. urtekoari esker, 35 orduko lanaldia ezarri zen, aspalditik genuen eskari bat. Azken akordioari esker, 2007 eta 2009 artekoa, lorpen horiek egonkortuz joan ziren. Orain, zoritxarrez, akordiorik gabe gaude.

Garai txarrak aipatu dituzu. Zeintzuk izan dira horiek?

Egungo krisiaren ondorioz ditugunak: lanaldiak luzatzea, murrizketak langileen kontratazioan, baimenak eskatzeko arazoak... Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren murrizketen ondorioz, 30 urte hauetan lortu ditugun eskubideetako asko galtzeko arriskuan gaude.Horrek guztiak, beti salatu izan dugun moduan, ondorioak dakartza zerbitzuaren kalitatean. Osasun publikoa arriskuan dago. Horrek erantzun argi bat eskatzen du. Izan ere, osasuna ezin da negozio bat bihurtu, batzuek nahi duten moduan. Bestalde, nabarmendu nahi dut Osakidetzak horren ospe ona badu langileen ahaleginari, konpromisoari eta profesionaltasunari esker izan dela, eta ez dela behar beste aitortu. Zorionez, erabiltzaileek aitortzen dute.

Egoera horretan, nola da posible sindikatuak ados ez jartzea?

Zaila da azaltzen, ez bakarrik gizarteari, baita langileei ere. Astero hogeitik gora ekintza egiten ditugu sindikatuek elkarrekin murrizketen aurka erietxe eta osasun zentroetan: elkarretaratzeak,manifestazioak, sinadura bilketak... Hori akordio zabalagoetara eramaten saiatu garenean, ez da lortu. Horretan ari gara, baina aldeak handiak dira. Estrategietan ez gatoz bat. Dena den, ez dut itxaropena galtzen, eta espero dutakordio hori posible egitea.

Zertan oinarritu dira sindikatuen arteko akordioak 30 urte hauetan?

Nik uste negoziazio kolektiboa arriskuan egon den uneetan jakin izan dugula ados jartzen eta elkarrekin lan egiten. Negoziazio hori une gogorrenetan egon den garaietan, batera erantzuten jakin izan dugu, eta orain ere hala izatea espero dut. Guk horren alde egingo dugu.

Zer nabarmenduko zenuke urte hauetan Osasun sailburu izan direnen inguruan ?

Ezagutu nuen aurrenekoa Jose Manuel Freire izan zen. Eusko Jaurlaritzak osasun eskumenak jaso zituen garaia izan zen. Hari egokitu zitzaion hori guztia kudeatzea. Ondoren, ia hamarkada batez, Iñaki Azkuna izan zen sailburua. Nahiz eta sindikatuak ez geunden ados egiten zituen gauza askorekin, onartu behar da bultzada handia eman ziola gure osasun sistemari. Onentsuenen artean jarri zuen. Osasuna zainduz planaren bidez egin zuen. Egungo sistemaren oinarriak jarri zituen. Gabriel Inclanen agintaldian lasaitu egin ziren. Hori dela eta, ez atzera ez aurrera ibili ginen, eta kalitatean atzera egin genuen. Onentsuenen artean egoteari utzi genion. Rafael Bengoa oso sailburu teorikoa izan zela uste dut. Kronikoei buruz aurkeztu zuen estrategia oso egokia iruditzen zaigu. Besteak beste, garrantzi handiagoa ematen dio erizainen lanari. Guk beti eskatu izan dugu hori. Baina praktikan ez ziren gauzatu haren asmoak. Alde horretatik, huts egin zigun. Oraingoak, Jon Darponek, estrategia horri eutsiko diola esan du. Ikusiko dugu.

Nola ikusten duzu egungo sistemaren kalitatea?

Uste dut inguruan gertatzen ari dena zuzenean ari zaigula eragiten: adibidez, Espainiako Gobernuaren murrizketak. Gainerakoak bezala, atzera egiten gara.

Zer iruditzen zaizu Eusko Jaurlaritzaren jarrera egoera horren aurrean?

Ulertezina. Gai batzuetan, tinko defendatzen ditu eskumenak, eta, beste batzuetan, ez. Legea ezinbestean aplikatu behar dela dio. Gu ez gaude ados. Espainiako Gobernuak ezarritako murrizketa asko gure eskumenen aurka doaz. Tinkoago defendatu beharko lituzke eskumenak.

Zertan lan egin behar du datozen urteetan Osakidetzak?

Osasun sistema publiko, doako eta kalitatezko bati eustean. Horretarako dagozkion baliabideak jarri behar ditu Osasun Sailak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.