Pablo Berasaluze. Asegarceko pilotaria

«Norbaitek kale egin badu, ni izan naiz»

Orpazurda hautsi aurreko mailara iristeko denbora behar duela uste du; horri egotzi dio behar bezain ongi ezin aritzea. Dena den, zorteak ere ez diela lagundu dio. «Hiru tantogatik ez gaude finalerdietan».

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2014ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Jator dago, zintzo. Bilboko pilotalekuak bere etxea dirudi. Paretik pasatzen den edozeini jotzen dio adarra Pablo Berasaluzek (Berriz, Bizkaia, 1977). Pilota aukeraketaren aurretik jakin du igandean Aritz Beginok berriz ere ordezkatuko duela Mikel Beroiz. «Aritz ondo ari da azkenaldian, horrek ez du partida askorik aldatzen».

Hitz egin al duzu Oinatz Bengoetxearekin. Hortik pasatzea zer den badakizu.

Astelehenean deitu nion, eta lasai zegoen. Pazientzia izateko esan nion, lehen asteak gogorrak direlako. Igeltsua eta kendu arte, makuluekin... Lehen bi hilabeteak oso luzeak egiten dira. Nik uste dut hiru hilabete inguru beharko dituela berriz jokatzeko.

Gero sasoia hartzea ere ez da erraza.

Bai, hankako behealdeko lesioak... Laster urtebete beteko da min hartu nuela. Ez naiz lehengoa, ezta inondik inora ere. Nik ezkerreko hankan ez dut gihar bikirik, ezin dut giharra egin [bi hanketakoak erakutsi ditu eta badago aldea]. Nik sentitzen dut ez nagoela lehen moduan.

Noiz nabaritzen duzu gehien?

Zabalerantz, atzerakako pausoetan... Asko nabaritzen da.

Zenbat denbora beharko duzuaurrekora itzultzeko?

Medikuak esaten dit denbora behar dela. Denbora gutxi pasa da. Nik entrena dezaket, pisuak altxa, baina... Hanka oneko orpazurdan 5.000 hari baditut, bestean 3.000 ditut. Urrian itzuli nintzen. Hilabete batean sei partida jokatu nituen, eta gero, txapelketa. Erritmo falta ere nabaritu dut, ez nagoela sasoiko. Gozatu barik, sufritu egin dut. Gura nuke bai, baina gorputzak ez du ematen.

Kosta zaizu zure maila ematea.

Hor dago, egia da. Ni saiatu naiz, egunero entrenatzen naiz, baina gorputzak ezetz badio, ezin da ezer egin. Ni lasai nago, badakidalako sasoia hartuko dudala, udan asko jokatuta. Jarriko naiz sasoiko.

Gustura zaude orain arte binakakoan eginikoarekin?

Finalerdietan bageunde politagoa litzateke. Baina, tira, lesio larri batetik irtenda ezin dut esan desilusioa izan denik. Baina, tira, oraindik hor gaude.

Espero zenuen egoera honetan egotea? Faboritoen artean zineten.

Nik ez dakit nolatan kazetariek gu faboritoen artean sartu gaituzuen. Iazkoa iaz gertatu zen, eta orduan Jon Ander eta biok sasoi bikainean ginen. Aurten, dena ezberdina izan da, ni lesio larri baten ondoren sei partida bakarrik jokatuta hasi nintzen, eta gu faborito izatea... Hori asko esatea da.

Ez sailkatzea bizkarrekoa litzateke?

Ez. Nik ahal izan dudan guztia egin dut. Une jakin batzuetan nik asko estutu dut neure burua, eta horregatik ez dut eman pixka bat gehiago. Baina, tira, zorterik ere ez dugu izan.

Hiru 22-21, bi 22-19, nabarmen irabaziz joandako partidak galdu...

Zorte kontua da, eta ez. Partida batzuk ia erabakita zeuden, baina ez ditugu itxi. Aurrekoan, Iruñean , 17-11 galduz joan, 19-18 aurretik jarri, eta gero biok huts bana egin eta galdu genuen. Une erabakigarri batzuetan ez dugu zorterik izan. Olaizola II.aren aurka 20-15 gindoazen, 20-13 Xala-Zubietaren kontra... Bi tanto, normalean, beti egiten dituzu... Baina, tira, aurkariek ere jokatzen dute.

Behin zorte kontua izan daiteke, baina hainbestetan... Bukaera estuak kudeatzeko arazoak dira?

Presioa ere hor dago. Lehen partida 22-21 galdu, bigarrena ere galdu... Partida batzuetan pasatuko zen biok horretan pentsatzen egon, eta bata edo bestea urduri jarri delako galtzea. Baina, tira, hori pilota da, kirola da.

Albisu oso ondo ari da.

Txapelketa handia egin du, hasieratik. Pena ematen dit batzuetan laguntza apur bat gehiago ezin ematea. Pixka bat hobetoegon izan banintz, partida batzuk gehiago aterako genituen. Iaz,berak arazoak izan zituen, eta nik laguntzen nuen, eta aurten alderantziz izan da. Pilota bikote eta lagun ikaragarria da.

Oraindik ez zaudete kanporatuta.

Aukera txikia dugu, baina hor daude. Biak irabaziz gero, eta Titinek biak galdu —izan daiteke—,gu sartuko gara. Oraindik gauza asko pasa daitezke, eta ez bagara sailkatzen, behintzat ahogozo onarekin bukatu. Norbaitek kale egin badu, ni izan naiz, baina zorterik ere ez dugu izan. Hiru tanto gehiago egin izan bagenitu...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.