Sareb 'banku txarrak' %63 merkeago bereganatuko ditu kreditu eta etxeak

Nazionalizatutako bankuen 45.000 milioi euro hartuko ditu hasieran, eta ondoren, 90.000 milioi gehienez

joxerra senar
2012ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Espainiako Bankuak zehaztu du zer preziotan baloratuko dituen banku txar delakoak bere gain hartuko dituen aktibo toxikoak. Fernando Restoy FROB funtseko arduradunak sozietate horren nondik norakoak aurkeztu zituen atzo Madrilen. Lehenik eta behin, aurreko egunetan hainbat informaziok zioten bezala, Sareb izena hartuko du. Lehen fasean, nazionalizatutako bankuen etxe, zoru eta kredituak hartuko ditu. Guztira, aktibook 45.000 milioi eurorenak dira. Bankuek kontu liburuetan emandako balioa baino %63 merkeago bereganatuko ditu Sarebek batez beste.

Hortan datza gakoa. Transferentzia batez beste %63 merkeago egingo da. Zoruaren kasuan, ordea, %79,5 merkeago izango da; amaitu gabeko etxe sustapenen kasuan, %63,2 merkeago; amaitutako etxeen kasuan,%54,2 merkeago. Kredituei ere eman die beren balioaSarebek. Etxe sustatzaileei bankuek emandako kredituetan beherapena %45,6koa da, eta hirietako zorua finantzatzeko kredituetan, %53,6koa.

Zifra dantza horrek islatzen du, hein handi batean, etxebizitza merkatuen prezioen jaitsiera batez beste noraino hel daitekeen, Sareben arabera. Izan ere, aktibook prezio horretan bereganatu ditu, ondoren 15 urteko epean salduz joateko eta prozesu luze horretan negozioa egiteko. Bere kapitalaren gaineko %10-15eko errentagarritasuna lortzea espero du.

Fernando Restoyk argi utzi nahi izan du transferentziaren balorazio hori ez dela erreferentzia izango gainerako bankuek balantzeetan dituzten aktiboak baloratzeko. Gai polemikoa da; izan ere, oso behetik baloratuz gero, osasun onean diren bankuen balantzeetan ere arazoak ager daitezke. Hori dela eta, Espainiako hiru banku handienak —Santander, BBVA eta Caixa— ez daude ados transferentzianegindako balorazioarekin, eta airean dago haien partaidetza. Sozietate horren partaidetzaren %49 publikoa izango da, eta beste %51, pribatua.

Hasiera batean, nazionalizatutako bankuen aktiboak hartuko ditu bere gain Sarebek: Bankia, NovaGalicia Banco, Catalunya Banc eta Banco de Valencia. Bigarren fasean, Oliver Wymanen azterketa gainditu ez duten banku gehiago sartuko dira, baina gehienez ere Sarebek 90.000 milioi hartuko ditu bere gain: 100.000 eurotik gorako etxe eta zoruak; etxe sustatzaileei finantzatutako 250.000 eurotik gorako aktiboak eta higiezin sektoreari lotutako enpresa partaidetzak.

Finantza erreskateko Ulermenerako Memorandumean zehaztutako baldintzetako bat da banku txarra. Hari esparru juridikoa ematen dion lege dekretua atzo bozkatu zen Kongresuan, eta aurrera atera zen PP, EAJ eta CiUren aldeko botoekin. Behin hori onartuta, abenduaren 1erako abian egotea espero da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.