Bizkaia Gernika atzerritarrik gabe geratzen ari da, diru arazoak ditu eta

Sasoiko azken partidei aurre egiteko, hamasei jokalari besterik ez du Jorge Gimenez entrenatzaileak

Donostia
2013ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Arazo ekonomiko larriak ditu Bizkaia Gernika errugbi taldeak. Denboraldia Ohorezko Mailako txapelketa irabazteko helburuarekin hasi zuen, baina taldeak bizi duen egoera ekonomiko konplexua dela eta —babesleekin ez da hasiera batean hitzarturiko akordioa lortu—, jokalari garrantzitsuenek kluba utzi behar izan dute. Joan den astean Wilson, Torres Suar eta Voltan izan ziren maletak egin zituztenak, eta atzo, Cusack izan zen kluba utzi zuena. Laurak, Bizkaiko taldeko jokalaririk baliotsuenak. Ihesaldia, baina, ez da jokalari horietara bakarrik mugatzen. Litekeena da, etzi Ordizian jokatu beharreko Espainiako Kopako finalerdia baino lehen atzerriko beste lau jokalarik taldea uztea: Amosak, Diasek, Mazzochik eta Montagutek.

Egoeraren ondorioz, Gernikak apenas du jokalaririk entrenamenduak osatu ahal izateko. Asteartean, adibidez, hamasei jokalarik soilik egin zuten lan saioa, eta gehienak harrobiko jokalariak izan ziren. Jokalari multzo horrek, dena den, denboraldia «duintasunez» amaitzeko konpromisoa hartu du. Jose Alberto Pradera presidenteak, taldea ez dela desagertuko esan zuen: «Ez da egoera samurrena, baina denboraldi amaieraraino borrokatuko dugu, eta taldea ez da desagertuko».

Etxekoekin bakarrik

Etxeko jokalariekin lehiatzeko ordua iritsi da, beraz, Gernikarentzat. Orain arte, atzerritarrak ziren basurdeen enbor nagusia, baina gaurtik aurrera klubaren apustua etxeko jokalariak izango dira. Horietako batzuk, gainera, soldaten ordainketak bertan behera uzteko prest agertu dira. Bien bitartean, Ohorezko Mailako denboraldiak aurrera egiten jarraitzen du eta basurdeei sei partida falta zaizkie jokatzeko. Etxetik kanpo jokaturiko azken bi lehiak galdu dituzte bizkaitarrek, eta joan den astean Vigon jasotako porrotaren ondoren, lehen postua Quesos Entrepinaresen eskuetan utzi dute. Igandean Espainiako Kopako partidan Ordiziari irabaztea dute orain buruan bizkaitarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.