Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna. Eztabaida Frantzian

Euroituna berresteko proposamena onartu egin dute diputatuek

Frantziako Asanblean 510 diputatuk bozkatu dute lege proposamena: 361 boz izan dira aldekoak eta 149 boz aurkakoakIpar Euskal Herriko hiru diputatuek lege proposamenaren alde bozkatu dute

Aitor Renteria.
Baiona
2014ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Frantziako Asanblea Nazionalak Euroituna berresteko proposamena onartu du. 529 diputaturen artean 510 boz izan ziren atzoko saioan: 361 boz konstituzioa aldatzearen aldekoak, eta 149, aurkakoak. Prozedura laburra izan zen. Orotara oren erdi iraun zuen bozketak eta bozen azalpenak. Colette Capdevielle Baionako diputatu sozialistak nabarmendu zuen bozketaren helburua dela gobernuari erakustea gehiengo zabala duela hizkuntza gutxituen aldeko lege xedea aurkezteko. Gobernuak bere egiten badu proposamena, erreferenduma egin beharra saihestuko luke. Gisa berean, proposamena senatuan aztertzeabaztertuko luke aukera horrek.

Preseski, erreferendumaren arriskua gogoratu zuen Thierry Benoit Bretainiako UDIko diputatuak, gobernuari mintzatuz: «Proposamena erreferendumaren menpe uzten baduzue, ez du gerorik izanen, zeren guztiek jakin badakigu Frantziako gizartean ez dagoela oraindik heldutasunik hizkuntza gutxituen tokia onartzeko».

Talde sozialistako diputatuek izan ezik, gainerateko taldeetako diputatuek ausardia gehiago eskatu diote gobernuari. Izan ere, prozedurak zein lege proposamenaren testuak gobernuaren kontrako ahotsak entzunarazi ditu ozenki. Hizkuntza gutxituen alde diharduten eragileek, horien artean Martxoaren 31ko kolektiboan daudenek, proposamena dagoen bezala ez bozkatzeko eskatu zieten diputatuei eta senatariei. Aurelie Filippetti Kultura ministroaren hitzek euskalgintzaren abegia lortu bazuten ere, testuak biltzen dituen elementuek alarma gorriak piztu zituzten. Proposamena dagoen bezala pasatzen baldin bada eta interpretazio zorrotza eginen balute, funtzio publikoa duten egitura guztietatik at geldituko litzateke euskara.

Joan den asteko eztabaidan bezala, gobernuaren borondatea bertze bat dela nabarmendu zuen Colette Capdevielle Baionako diputatuak. «Helburua gehiengo zabala lortzea da: hiru bostenak. Sostengu zabala duela ikusirik, gobernuak bere egin dezake proposamena», berretsi zuen.

Gobernuaren «jukutria» salatu zuen, ordea, Guy Geoffroy UMPko diputatuak. Haren arabera, gobernuaren helburua ez da proposamenaren prozedura bururaino eramatea erreferenduma antolatuz, baizik eta kongresura deitzea eta, diputatu eta senatarien hiru bostenak lortuz, lege xede bat pasaraztea. «Gure taldeko diputatuek, hizkuntza gutxituen alde egon arren, kontra bozkatuko dute», jakinarazi zuen. Hala ere, bozkatzeko askatasuna utzi zien taldeko diputatuei, eta batzuek sostengatu zuten proposamena. Testuarekin ados ez bazen ere, alde bozkatuko zuela iragarri zuen Marc Le Fur Bretainiako diputatu eskuindarrak ere. Le Furrek joan den asteko eztabaidan ohartarazi zuen hizkuntza gutxituen aurka egin dezaketen elementu ugari daudela diputatu sozialisten proposamenean.

Ezohiko elementuak nabarmendu zituen Geoffroyk; bertzeak bertze, proposamena eztabaidatzeko Kultura ministroa egotea, eta ez, ohi den bezala, Justizia ministroa. Jokaldi politikoa baztertu, eta egiazko asmoak argitzeko eskatu dio gobernuari.

Koofizialtasunetik urruti

Proposamena onartuz Frantzia zatitzeko arriskurik ez dagoela erran zuen, ironiaz, Paul Molac diputatu ekologistak. Alderdi politikoen aniztasunak bezala, hizkuntza aniztasunak demokrazia indartzen duela nabarmendu zuen. Alta, tokiko hizkuntzen aldeko urratsak ausartagoak, indartsuagoak izan behar direla gogoratu zuen. Frantziako hizkuntza ofizial bakarra frantsesa da. «Estatuak ezin ditu herritarrak moldatu indarrean den eredu bakarraren bidez». Bizirik irauteko eta garatu ahal izateko tokiko hizkuntzak arlo publikoan presente egon behar direla esan zuen, ardatz nagusitzat hartuz hezkuntza, seinaleak eta hedabideak.

Tokiko hizkuntzak arrisku gisa hartzen dituzten diputatuei gogorarazi zien I. Mundu Gerran borrokatu eta hil ziren soldadu askok ez zekitela frantsesik eta bizia Frantziaren alde eman zutela.

Paul Giacobbi RRDPko diputatu korsikarrak ohar zorrotza egin zion Frantziako Gobernuari: «Euroituna berrestea ez da iraultza, eta ez du berez bermatuko gure hizkuntzen berpiztea. Iraupena bermatzeko urrats bat da, baina legearen sostengu handiagoa behar du».

Frantziako Konstituzioko 75-1 artikuluari ere egin zion erreferentzia. «Gure hizkuntzak ez dira ondare hilak; bizirik daude, erabiltzen dira egunero. Legeak horien erabilera bermatu behar du; Frantzia osoa dago horren beha». Ironia ere baliatu zuen gogorarazteko duela bi mende korsikera ez zekien idazkari batek gaizki idatzi zuela sorterriaren izena, eta geroztik gaizki ahoskatzera beharturik dagoela herriko seme izan arren.

«Errepublika arriskuan dagoela erraiteak ez du oinarririk. Gizartearen gehiengoak badu heldutasuna ulertzeko Euroituna berrestearen beharra», erran zuen Capdeviellek. Onarpenak Frantzia Europako gainerateko estatuen pare jarri, eta Frantziari sinesgarritasun handiagoa emanen diola azaldu zuen. Hizkuntza arloan duen bakartzetik atera eta gainerateko estatuen pare jartzeko pausoa dela gaineratu zuen.

Jokaldiaren zain

Diputatuek argiki adierazi zuten: atzoko bozketaren garrantzia ez zen testuren onarpena, hizkuntza gutxituen aldeko bozen kontaketa baizik. Capdeviellek argi finkatu zuen aitzinetik helburua: hiru bostenak lortzea. Emaitzak erakutsi du lortu dutela helburua. Prozedura arrunta segituz gero, senatura joan beharko litzateke proposamena, eta, ondoren, erreferendumean bozkatu. Bide itsua litzatekeela onartu dute proposamen egileek, hala ere.

Gisa berean, proposamenak, duen testuarekin, bizitza publikoaren ateak itxiz, hizkuntza gutxituei kalte eraginen die, onura baino gehiago. Bi elementu horiek argitu beharko ditu ondoko egunotan Frantziako Gobernuak.

Batetik, prozedura arloan, argitu beharko du kongresura deituko dituen diputatu-senatariak eta erreferenduma saihestu. Bertze alde batetik, menturaz garrantzitsuena, testua argitzea da. 53.3 artikuluak hamasei lerro ditu, eta hamabost lerro hizkuntza gutxituei mugak jartzeko dira. Martxoaren 31 kolektiboan dauden eragileek eskatu dute labur eta zorrotz idaztea artikulua: «Frantziak Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berretsiko du». Lerro bakarreko aipamena, saihesteko kontrako interpretazioak, eta, aldi berean, konstituzioan kokatuz, saihesteko Konstituzio Batzordearen traba.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.