Antton Iturbe.
Bi ahotsetara

Topikoak

2013ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Espero zitekeen moduan Lou Reeden heriotzak irrati, telebista kate, aldizkari eta webguneetan oihartzun handia izan du. Bakoitzak bere erara azken agur bat esan nahi izan dio New Yorkeko musikari eta poeta handiari.Burutapenak, analisiak, sentimenduak, pasadizoak... interesgarriak batzuk, hunkigarriak beste hainbat, benetan adierazgarriak gutxi batzuk ere bai... eta noski, konpromisoaren estutasunean botatako konbentzionalismoak barra-barra ikusi ahal izan ditugu: zikintasunaren poeta, alde basatiaren kronista, gaztaroko gehiegikeriak gaindituta jakituriaz hitz egiten duen punkaren aitona... eta antzekoak. Topikoak azken batean, lagungarri bezain kaltegarriak.

Topikoak dira ere Mursegoren abesti berriaren protagonistak. Eusnob izenpean, euskal musika eta kulturaren inguruko artista, zale eta kronisten hainbat leku komun aipatzen ditu zorroztasunez, ironia finez eta umore handiz. Kafea eta Galletak, zineklubak, Kaurismaki, Kokoshca, Rockdelux, Primaverasound eta Ertz jaialdiak... Gure mikrokosmos txiki honetan, ezinezkoa da esaldiren batekin identifikatuta ez sentitzea. Abestiak modu bikainez erakusten digun bezala, jabetzen garena baino topiko gehiago erabiltzen ditugu eguneroko jardueran.

Topikoak. Jakinak beti, aspergarriak askotan, eta batzuetan lagungarriak izan arren sarritan ez oso bidezkoak. Horixe sentitu dut Yoko Onoren musika ederra entzun eta bere ibilbidea gogoratzerakoan. Besteak beste, Beatlesen banaketaren arduraduna zela, Lennonen diskoetan zentzugabeko oihuak besterik sartzen ez zituela eta fundamentuzko ezer egin gabe bere memoriaren etekinaz bizi izan dela entzun behar izan baititu. Tira bada, ehunka proiektu artistikotan eta sozialetan aritzeaz gain, 80 urteko emakume miresgarri honek Take Me To The Land Of Hell izeneko disko berri bat plazaratu du, ausarta, bizia, freskoa, atxekigarria, sakona eta arras dibertigarria gainera. Eta ez, topikorik aurkitzen ez saiatu, zorionez hankaz gora utzi baititu denak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.