'Gravity' filmarekin hasi da Veneziako jaialdia

Bernardo Bertolucci epaimahaiburu dela, 21 film emango dituzte Urrezko Lehoia irabazteko lehian

Agentziak
Venezia
2013ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Alfonso Cuaron zuzendari mexikarraren Gravity filmaren emanaldiarekin eta Cuaron beraren eta George Clooney eta Sandra Bullock aktoreen adierazpenekin jarri zen abian atzo Veneziako zinema jaialdiaren 70. ekitaldia. Gravity-k bi pertsonaiak espazioan egindako bidaia bat kontatzen du, oztopoz eta zailtasunez betea. Clooney eta Bullock dira filmeko aktore bakarrak, baina bi aktoreen lana bezain nabarmengarria da ia-ia Emmanuel Lubetzki argazki arduradunarena. Pertsonaiek espazioan eta grabitaterik gabe egindako mugimenduen berezitasuna zaindu du, bereziki, Lubetzkik. Clooneyk eta Bullockek ere lan handia egin behar izan zuten grabitaterik gabeko errealitatera egokitzeko.

Nolanahi ere, bere lanaren oinarri nagusia fikzioa dela nabarmendu du Cuaronek. «Ez da dokumental bat», ohartarazi du. Trama espazioan kokatzearen berezitasunari irudimenaren indarra gehitu baitio.

Cuaronen lanaz gain, 70 zinema zinemagilek bakoitzak film labur bat zuzenduz osatutako filma aurkeztu zen atzo Venezian, jaialdiaren 70. urteurrena gogoratzeko egina. Jaialdiaren aurtengo ekitaldiko epaimahaiburua da filmean parte hartu duten zuzendarietako bat, Bernardo Bertolucci zinemagile ezaguna. Berak zuzendu duen film laburrean gurpil aulkidun baten irudiak nagusitzen dira, eta egileak berak izaten dituen zailtasunak islatzen, bizkarrean dituen osasun arazoen ondorioz aulki gurpildun batean ibiltzen baita batetik bestera azkenaldian. Scarpette rose da Bertoluccik zuzendu zuen film laburraren izenburua.

Irailaren 7a amaituko da Veneziako zinema jaialdia. Bien bitartean, Sail Ofizialean 21 film lehiatuko dira Urrezko Lehoia irabazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.