Albistea entzun

Greba orokorra

Sindikatuek adierazi dute greba mugarri izango dela

Enpresetako batzarretan ikusitakoa aintzat hartuta azken urteotako lanuzterik arrakastatsuena izango dela diote

Zabaletarentzat, «muturreko baliabidea da greba, muturreko testuinguru batean»
LABeko hainbat ordezkari, biharko grebarako karabanak prestatzen.
LABeko hainbat ordezkari, biharko grebarako karabanak prestatzen. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Miren Garate -

2012ko martxoak 28

Sindikatuek ez dute zalantzarik. «Arrakasta hutsa» izango du biharko greba orokorrak, azken urteotan egindako handienak. Enpresetan egindako batzarretan, lan erreformarekin erabat haserre ikusi dituzte langileak, Espainiako Gobernuak indarrean jarritako neurriei protestaren bidez erantzuteko prest. Beste faktore batek ere lagun dezake mobilizazioa jendetsua izaten, azken urteotan lehen aldiz Hego Euskal Herriko sindikatu guztiek deitu baitute grebara. Dena den, ez dira guztiak elkarrekin aterako. Bi deialdi izango dira: bata, ELA, LAB, EILAS, EHNE eta CGTk antolatutakoa; bestea, CCOO eta UGTrena. Batzuek zein besteek esan dute grebarekin ez dela ezer amaitzen, mugarri izan behar duela nabarmenduz.

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren esanetan, «ikusgarriak» dira lanuztearen babesari buruzko datuak. «Greba orokorra oxigenozko mezua izango da hain beharrezkoak diren langile borrokentzat». Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak hainbat langaberekin batera egin du agerraldia Bilbon. Lan erreforma «lantokietatik bakarrik» geratu daitekeela esan du, «ez dute geratuko ez elkarrizketa sozialak ez Gobernuak, hark bultzatu baitu». Horrez gain, langabeen «erabilera hipokritarik» ez egiteko eskatu du.

Euskal sindikatuek adierazpen bateratu bat ere atera dute Kataluniako, Galiziako eta Kanariar Uharteetako sindikatuekin. «Ez dugu ikusle huts gisa jarduteko asmorik arlo publikoari eta jendartearen babesari erreferentzia egiten dion adierazpen oro eraisten den bitartean».

Espainiari, eskaera

CCOOk eta UGTk Bilbon egin dute agerraldia. Unai Sordo eta Damaso Casado Euskadiko idazkari nagusiez gain, han izan dira Ignacio Fernandez Toxo eta Candido Mendez Espainiako arduradunak ere. Gobernuak grebaz baliatu beharko lukeela azaldu dute, negoziatzera eseri eta legebiltzarreko tramiteetan erreforma zuzendu ahal izateko. «Lan erreforma lan baldintzen aukako marea beltza da, enplegu gehiago deuseztea eta eskubideak murriztea eragingo duena», esan du Mendezek.

Nafarroako CCOOk eta UGTk jakitera eman dutenez, 300 enpresa batzordek eta 1.500 delegatuk eman diote atxikimendua biharko deialdiari.

Jaurlaritzak, gogoeta eskaera

Aitzitik, grebaren aurka hitz egin du Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietako sailburuak. «Greba orokor bat ez da inoiz positiboa, ekonomiaren geldialdia dakarrelako». Hala ere, deialdia bateratua izateak «gogoeta sakon bat» eragin behar duela azaldu du, lan erreformak izango dituen ondorioen inguruan. Kaleratzea gehien erraztuko duen lan erreforma dela zehaztu du, inongo ordainik eta langileentzako segurtasun neurririk gabea. «Ostegunerako deitutako greba orokorra muturreko baliabidea da, muturreko lan erreforma baten testuinguruan».

Sindikatuek helegiteak jarri zituzten Jaurlaritzak finkatutako gutxieneko zerbitzuen aurka. «Espero dugu auzitegiek ez dituztela kontuan hartuko, eta bere horretan geratuko direla, aurreko deialdietan finkatutako zerbitzu ia berberak baitira», adierazi du Idoia Mendia bozeramaileak. Ospitaleetan jaiegunetako lantaldea bermatuko du Jaurlaritzak eta garraioetan ohiko zerbitzuen %30.

Nafarroako Gobernuak atzo eman zuen gutxieneko zerbitzuen berri. Hezkuntzan, unibertsitatez kanpoko zentro publikoetan, zuzendari eta ikasketa buru guztiek joan beharko dute lanera, eta hiru ikasgelako irakasle batek ere bai. Garraioan, ohiko zerbitzuen %28 mantenduko dira, eta ospitaleetan, jaiegunetako langile kopurua.

Confebask patronalak lanerako eskubidea errespetatzeko eskatu die grebaren antolatzaileei. Horrez gain, grebak ekonomiari are kalte handiagoa eragingo diola azaldu du.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.