Cristina Iglesias. Artista

«Jendeari zentzumenak pizteko mekanismoak dira artelanak»

Arkitekturaren tresnak erabiltzen ditu maiz Cristina Iglesias artista plastikoak, baina ez du arkitekturarik egiten. Ikuslea geldiaraztea eta haren zentzumenak esnatzea du amets, eta horretarako sortzen ditu eskultura, grabatu eta instalazioaren artean diren piezak.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2014ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Airea harrapatzen dute Cristina Iglesias artistaren lanek (1956, Donostia). Grabatuaren, eskulturaren eta instalazioaren arteko bidegurutzean, arkitekturatik gertu dira haren lanetariko asko. «Lekuen eraikitzailea naiz», deskribatzen du bere burua. Habitatzeko moduko piezak dira harenak. Eta hor harrapatzen du airea. Hori da bere ibilbidean behin eta berriz ageri den konstanteetariko bat, eta hori da haren lana ezagun egin duen ezaugarrietariko bat. Kimikari ikasketak hasi, baina azkar jo zuen artera, eta eskultura instalazio eta arkitekturarantz zabaltzen aritu da geroztik. 1993an jaso zuen Espainiako Arte Plastikoen saria, eta oihartzun handia du haren lanak nazioartean. Bilbon izan da egunotan Avignongo Foroan hizlari.

Putzuak, teilatuak, hormak, saretak... Babeslekuak irudikatzen dituzte zure lanetariko askok.

Lekuak eraikitzen ditut, eta haietariko askok dute babesleku zentzu hori. Badut eraikuntza mota batzuk egiteko obsesioa. Behin eta berriz agertzen dira, baina ez duzu jakiten zergatik. Hasieratik izan dut lekuak eraikitzeko gogoa. Hasieran. lotsati ageri zen asmo hori, ez nuelako pieza handiagoak egiteko modurik, baina gero garatuz joan da joera hori.

Badira materiala kenduz sortzen duten eskultoreak, eta badira materiala jarriz lan egiten dutenak. Zu bigarrenetarikoa zara.

Eraikitzen aritzen naiz, bai, baina ez soilik zentzu fisikoan, materiala gehitzen; plano mentalean ere eraiki egiten dudala esango nuke. Eta hor gauza asko sartzen dira. Niretzat, nire lanari buruz egiten ditudan bideoak ere artelan dira zentzu batean, edo, behintzat, badira nire hizkuntzaren parte. Denbora asko da eskulturak hesirik ez duela. Pintura ez denak hartzen du eskultura izena, kasik. Nik esango nuke eraikitzailea naizela. Lekuen eraikitzailea.

Maiz, labirinto bat dirudite zure piezek, baita zure erakusketek ere.

Bai. Egin ditut pieza batzuk naturaren erdian, eta egin ditut beste batzuk hiriaren erdian. Labirintoaren erreferentzia hori ageri da, eta basoaren ideiarekin lotura du gainera. Behin eta berriz agertzen da ideia hori. Gai aberatsak direlako errepikatzen ditut. Nire piezak esperientzia fisiko bat ere badira ikuslearentzat. Eta esperientzia fisiko horrek kolpez jartzen zaitu harremanean zure gogo egoerarekin. Aktibatu egiten zaitu horrek, esnatu. Piztu egiten dizkizu pertzepzio erregistro batzuk.

Ikuslea har dezakete zure pieza batzuek. Sartzeko gonbita egiten dute.

Argia ere piezaren parte da. Egin ditudan sareta batzuek, adibidez, testu narratibo bat osatzen dute hormetako hizkiek, eta haien itzalak proiektatzen ditu argiak. Iberdrola dorrean [Bilbon] dagoen pieza, adibidez, halakoa da. Ehun moduko bat da, eta zientzia fikzioko idazle baten leku baten deskribapena du saretak. Ikusten duzu pieza, eta espazio bat mugatzen du, baduzu aukera haren azpian jartzeko, baina era berean esanahi geruza asko ditu, eta pixkanaka doaz azaleratuz. Gustatzen zait pieza lehen kolpean ez amaitzea.

Erakusketetan piezak ordenatzeko ikuslearen balizko ibilbideak kontuan hartzen dituzula irakurri dizut. Lehen kolpeko interpretazio horretaz harago joateko da hori ere?

Bere inguruan mugimendu estrategia bat duela jaiotzen da pieza. Arkitekturan ere pasatzen da hori, noski, baina nik erabiltzeko dudan modua bada pertsonala.

Ez duzu izan tentaziorik arkitekturara pasatzeko?

Ez, sekula ere ez.

Arkitekturatik oso gertukoak dira, halere, zure pieza batzuk.

Bai, hori egia da. Badira arkitektura diren eskultura batzuk. Airean zintzilik dagoen pabiloi bat, korridore bat..., baina beti dira igarobideak. Habitatzeko moduko piezak dira, baina zentzu poetikoan ulertuta, ez zentzu estuan. Ezin zara horra joan zure aulki eta ohearekin. Leku poetiko edo filosofiko horretan kokatzen dut neure burua. Eskulturak ikustera doana edo kalean piezen albotik pasatzen dena geldiaraziko duten piezak sortu nahi ditut. Artista ororen ilusioa da: bere piezez jendearen zentzumenak piztea.

Madrilgo Prado museorako egin zenituen ateak ere arkitekturaren eta eskulturaren mugan dabiltza.

Ateak dira, noski, baina ez dira ohiko ateak. Sei atal ditu atariak eta oso neurri handikoa da. Ez da egunerokorako atea, okasio berezietan zabaltzen dute soilik, eta nik pieza publiko gisa pentsatu nuen. Paseoan dabilen edonork ikus dezake. Egunean sei aldiz mugitzen da, eta hainbat espazio sortzen ditu mugimendu horretan. Mugitzen den aldiro sortzen ditu gune berriak. Badu naturarekin lotura, baina erabateko fikzioa da, bestalde. Interesatzen zait erabateko fikzioa, irudimenaren mundua, baina baita naturari erreferentzia egitea ere. Natura ere asko interesatzen zait. Brasilgo baso gune batean, aldi berean labirinto, pabiloi eta gela den pieza bat egin dut. Lau ateko gela bat da, labirinto sinple baten moduko bat. Mundu natural hartan, sastraka artean piezaraino doan eta piezaren parte den bide bat zabaldu dut, eta eraiki dudana artifizioari buruzko gogoeta bat da. Natura eraikiari buruzkoa.

Natura eta giza eraikuntza. Bi ideiak batzen dituzte zure obra frankok. Nola uztartzen dituzu bi munduak?

Natura eta kultura; gizakia eta natura. Lorategiaren espazioa interesgarria iruditzen zait. Natura eraiki hori, hortus conclusus hori: unibertso osoa kabitzen da hor. Ideia horri bueltaka aritu naiz. Hirian edo naturaren erdian lan egin dut, eta pieza batzuk ikustera joateko bide luzea egin behar da, gune urrunetan daudelako. Bidaia horiek egitea onartuz gero, pertzepzioak aktibatu egiten dizkizu, eta aberastu egiten zaitu. Garrantzitsua iruditzen zait azpimarratzea nire artearen bidez ez naizela saiatzen mundua leku hobe bihurtzen. Handiustekoa litzateke hori egitea.

Maiz desilusionatuko zinateke.

Bai. Baina lortu nahi nuke jendea leku batean geldiaraztea. Piezara bueltatu eta haren ziklo osoa ikusi ote duen pentsatzera bultzatzea. Nahi nuke pieza hiriaren bizitzaren parte bilakatzea. Arteak begiratzeko prestatzen gaitu, eta esango nuke nire lanaren zati handi bat begiratzeko ariketa bat dela. Eta nik uste dut beharrezkoa dela hirian erakustea adierazpide mota ezberdinak daudela, jendea haz dadin ulertuz badaudela eguneroko beharrez harago doazen hizkuntza abstraktuagoak ere. Ez hizkuntza zailak, baina bai hizkuntza konplexuak.

Naturan bertan ere txertatu dituzu zure eskultura batzuk. Mexikon itsaso hondoan dago Estancias sumergidas izeneko pieza (Urpeko gelak).

Natura babesteko ekintza bat egiteko eskatu zidaten han. Eta monumentu bat egin beharrean, itsas biologoekin elkarlanean itsaso hondoan aritzea erabaki nuen. Itsas babesak sortzeko kanpaina bat zuten martxan, eta itsasoko gune batzuetan arrantza galarazteko asmoa zuten buruan. Ikerketa bat egin eta hala aurkitu genuen pieza uzteko gune egokia. Sareta modukoz osatutako bi pabiloi dira, eta sareta horretako figurek Atlantidari buruzko testu bat osatzen dute. Orain gutxi egon naiz berriz han, eta arrainez beteta daude jadanik pabiloiak.

Babesgune poetiko zena, beraz, babesgune erreal bihurtu da.

Bai. Saretak babes pantaila moduko bat osatzen du mangladietan bizi diren arrain txikientzat.

Donostiarra zara jaiotzez. Natura eta eskultura uztartzen dituen Txillidaren Haizearen orrazia etorri zait burura zure azalpenak entzutean.

Niretzat, oso naturala izan da ulertzea hizkuntza abstraktuak ere hunki zaitzakeela. Gogoa zabaltzen du horrek. Eraman zaitzake lehen sentitzen ez zenuen zerbait sentitzera, edo lagundu zaitzake bizi duzuna lehen imajinatzen ez zenuen modu batean adieraztera. Nik nire bidea bilatu dut, baina abiapuntu hori izan dut. Praktikatu egin behar da sentiberatasuna musikan, plastikan, poesian... Oso zaila da zeure buruari askatasuna ematea. Pentsatzen duzu denak duela kode bat, eta ezagutzen ez baduzu ezingo duzula ulertu, baina benetan zeure baitan daramatzazu kodeak, eta daramazun memoria eta zama guztiaren arabera interpretatzen dituzu lanak. Ona den obra heltzen da zabaltasun hori lortzera.

Pradoko ateen harira, museoa katedral gisa deskribatu duzu, eta...

Ez, ez. Ez dut inoiz esan museoa katedrala denik, esan dut tenplua dela. Ez da gauza bera.

Aipatu dizut ze zure piezetan igartzen da espiritualtasun moduko bat.

Ez nintzen horretaz ari tenpluarena aipatzean, baina iruditzen zait isiltasun bat edo hutsune bat sortzeko balia dezakezun edozein espazio lotu ohi dugula espiritualtasunarekin, leku horretan zeure baitan zaudelako. Baina nik ez dut hori magnifikatzeko asmorik. Museoa bada tenplu, baina ez tenplu erlijioso bat, baizik eta irudimenaren tenplu bat. Eta horregatik esan nuen hori, ateak igarobide bat direlako kaletik irudimenaren tenplu horren barrura.

Baina interesatzen zaizu isiltasun espazioak sortzea.

Bai. Sakonean pertsonaren zentzumenak pizteko mekanismoak dira artelanak. Halako gauzak proboka ditzaketen lekuak eraiki nahi nituzke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.