Antton Iturbe.
Bi ahotsetara

Udako su artifizialak

2013ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Azkenik, gurekin da uda, gutxien espero genuenean bere bero eta argitasunaz ederki astindu gaitu. Eta berarekin batera noski, musika jaialdien eztanda iritsi da Euskal Herrira. Donostia, Bilbo, Gasteiz, Miarritze, Getxo… Eta ia edonon, estilo eta jarrera guztietako aukerak dauzkagula dirudi. Zaleok eta ez hain zaleok, egun hauetarako musika emanaldiekin erlazionatutako planen bat egitera animatzen gara edo animatzera behartuta sentitzen gara. Eta ondorioz, Zinemaldian eta beste antzeko ekitaldi kulturaletan ematen den pilaketa jasan behar izaten dugu hemen ere.

Garbi dago udako giroa egokiena dela kontzertuak antolatu eta jendea erakartzeko; hori ez dago ukatzerik. Baina antolatzaile, musikari, udal, babesle eta ikusleek bere arreta, interesa eta, azken batean, dirua denbora eremu hain mugatu batera eramatean nahi ta nahi ez saturazio sentsazioa eragiten da. Hilabete baten bueltan Depeche Mode ikusi ahal izan ditugu Bilbon, Neil Young eta Crazy Horse-ren orgia gitarrero ahaztezina dastatu Miarritzen, John Zorn-en maratoi musikal ikaragarria hartzera ausartu eta Pharoah Sanders moduko mito bat zuzenean entzun ahal izan dugu, edo Belle and Sebastian urteetan jarraitu ondoren doan gozatu dezakegu Donostian… Eta izen ezagunez gain, Sivia Perez Cruz moduko artista berri interesgarriak ikusteko aukerak ez dira faltako.

Aipatutako ekitaldi guztiak jendez gainezka egongo dira segur aski. Musikak hainbat jatorritako pertsonak elkarrarazteko duen indarraren ospakizun handi baten moduan… Tira, gozokia gure aurrean jarrita gustura hartuko dugu noski, baina jakin badakigu, den denok, ameskeria hutsa dela. Negu luzean zehar erdi-mailako kontzertuak antolatzeko zailtasunak geroz eta handiagoak dira eta areto kopurua murriztuz doa pixkanaka. Ez dezagun ahaztu hor dagoela benetako funtsa eta musikari/entzule komunitate sendo bat garatzeko hazia. Udakoa su artifizialak bezain eder, zaratatsu eta iragankorra da, azken batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.