Hernanik eta Gernikak ligako lehen jardunaldiko partidak galdu dituzte

Gipuzkoarrek itxura txukuna eman dute VRACen etxean; bizkaitarrek, berriz, astindua jaso dute

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Bizkaia Gernikak eta Hernanik Ohorezko Mailako lehen jardunaldiko partidak galdu zituzten atzo. Bizkaitarrek astindua jaso zuten etxean Bathco Santanderren aurka (21-36); gipuzkoarrek, berriz, itxura txukuna eman zuten VRAC iragan sasoiko txapeldunaren zelaian (38-22). Ez batak ez besteak ez zuen bonusik lortu.

Gernikak azken sasoietan baino helburu apalagoa du, baina atzo lehen puntuak lortzeko aukera ona zuen. Bathco mailaz igo berria da, baina Urbietan gehiago izan zen. Aurkariak fitxaketa asko egin ditu, eta horien maila lehen zatian ikusi zen (9-22). Bigarrenean are gehiago zabaldu zen kanpokoen aldea (9-36, 55. min.) eta partidari buelta ematea ezinezko bihurtu zen. Gernikak, halere, ez zuen amore eman eta bukaerako emaitza atondu zuen entsegu pare bati esker (21-36).

Galtzeko moduak eta moduak daude, eta Hernanik harro egoteko moduko porrota jaso zuen Valladoliden. VRAC ligako talde indartsuenetakoa da eta Hernanik ordubetez aurre gin zion. Lehen zatian aurretik jartzea ere lortu zuen, Pello Perezen entsegu bati esker (13-14, min 27). Apurka, baina, logika inposatzen joan zen, eta etxekoak aurretik ziren atsedenaldian (21-14). Hernani berriz gerturatu zen (21-17, 51. min), baina azken hogei minutuetan etxekoak gehiago izan ziren.

Beste bi euskal taldeek gaur jokatuko dituzte lehen jardunaldiko partidak. Ampo Ordiziak El Salvadorren aurka, Altamiran (12:00), eta Getxok Atletico Madrilen zelaian (11:30). Ordiziak Superkopa galdu zuen iragan astean eta orduko porrota ahaztu nahiko du. Santos Regilen ligako lehen partida izango da entrenatzaile postuan. Getxok, aldiz, zail izango du irabaztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.