Olaizola II.ak eskua mindua du, eta astebete atzeratu du finalerdia

Ekainaren 9an jokatuko du Urrutikoetxearen aurka, Bilbon; eta, ondorioz, buruz buruko finala 23ra atzeratu dute

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Aimar Olaizolak eskuineko eskua mindua du, eta EPELeko epaile bakarrak onartu egin du aurrelariak buruz buruko txapelketako bigarren finalerdia atzeratzeko eginiko eskaera. Horiek hala, ekainaren 9an jokatuko du Mikel Urrutikoetxearen aurka, Bilboko pilotalekuan. Aurkariari ere ez dio kalterik egingo, eskuetatik pixka bat justu bukatu zuelako final-laurdenetako partida. Atzerapen horrek, ziur asko, finaleko egunari ere eragingo dio, eta, beraz, ekainaren 23an jokatuko dute. Lehen finalerdia, berriz, igande honetan jokatuko da, Bengoetxea VI.a eta Martinez de Irujoren artean, Donostian.

Olaizolak ez zuen itxura ona eman joan den larunbatean, eta, pilotariak halakorik ez aipatu arren, ia ziurra zirudien atzerapena eskatuko zuela. Are gehiago, finalerdia zuzenean eman behar duen telebista kateak publikoki onartu zuen larunbat honetarako, badaezpada ere, beste plan bat bazuela —Elezkano II.a eta Mendizabal III.aren arteko 2. Mailako buruz buruko finalerdia ematea, Arrigorriagatik—. Beraz, ezin esan ustekabeko handia izan denik. Halakoetan pasa ohi den bezala, epaileak eskaera onartu du, eta astebetez atzeratu du. Mikel Urrutikoetxeak ere begi onez ikusi du aldaketa, joan den astean pilota ukitu ezinik egon baitzen eskuetako minaren ondorioz. Erabakiak eragina izango du finalean ere bai, astebetez gutxienez atzeratuko delako. Bigarren finalerdiko irabazleak beste astebetez atzeratzeko aukera izango luke, eta ekainaren 30a da muga. Horrek, baina, Bengoetxea VI.a edo Martinez de Irujo hilabetez zain izango luke.

Victorren debuta, ekainean

Victor Esteban aurrelari errioxarrak ekainean egingo du profesional mailako debuta Asegarcerekin. Ezkaraikoa da jaiotzez, eta Gorka bere anaia zaharrak Aspen jokatzen du. 20 urte ditu eta aurrelari bizia da. Bere debuta ez da ezusteko albistea, duela bi urte sinatu zuen aurre akordioa Bilboko enpresarekin eta jakina zen aurtengo udan emango zuela jauzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.