Nafarroa Oinez Tuteratik Zangozara doa, euskarak etenik izan ez dezan

Oso ongi baloratu dute aurtengo Nafarroa Oinez, baina Tuterako ikastolaren egoera larria da oraindik ere

Aurtengo Nafarroa Oinez-eko hasiera ekitaldia kolorez betetakoa izan zen. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2013ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
«Gorena», horrela baloratu du Nafarroako ikastolen elkarteak aurtengo Nafarroa Oinez. Partaidetza eta ekonomia datuak eman ez badituzte ere, oso ongi baloratu du Nafarroako ikastolen aldeko jaia Anika Lujan Tuterako Argia ikastolako zuzendariak. Lujanek eskerrak eman dizkie urriaren 20an Tuteraraino joan ziren guztiei, baita antolakuntza lanetan era batean edo bestean ibili ziren guztiei ere. Hala ere, Lujanek gogoratu du horrelako jai batekin ezinezkoa dela Argia ikastolaren arazoak konpontzea. Era berean, Zangozako ikastolak datorren urteko jaia aurkeztu du. Ikastola horren egoera larria da, urteak baitaramatza mailegu bat kitatu ezinik. Hori lortu arte «ikastola ekonomikoki irauteko gai ez da izango», adierazi du Leire Rebole Zangozako ikastolako zuzendariak.

Milaka euskaltzale bildu ziren urriaren 20an Tuterara. Argia ikastolak alarma gorria piztua zuen, ia 2 milioi euroko zorrak baitzituen. Susana Suarez Argia ikastolako lehendakariak aurtengo Nafarroa Oinez-eko balorazio ekonomikoa egin du. Datu zehatzik eman ez badu ere, Nafarroa Oinez «larrialdiko laguntza» izan dela aitortu du. Gogoratu du irekiak dituztela kontu korronteak eta aldiro-aldiro laguntzak jasotzen jarraitzen dutela. Era berean, Oinez Basoa eta ibilbideko metroak erosteko aukera badago oraindik Nafarroa Oinez-eko web orrialdearen bitartez. Suarez «oso pozik» agertu da norbanakoek emandako laguntzekin. «Guk deia egin genuen, eta Euskal Herriak erantzun zuen», adierazi du Lujanek. Horrez gain, azaldu du Nafarroa Oinez-ekin «elkartasun hitzaren benetako zentzua ezagutu» duela.

Jendearen erantzuna «oso ona» izan bazen ere, krisiaren eragina nabaritu dela esan du Suarezek. Besteak beste, eguneko kontsumoa nabarmen jaitsi zela esan du. «Badakigu jende askok gu laguntzeko ahalegina egin duela baina bere kontsumorako ahalmena nahiko jota dagoela», aipatu du Suarezek. Ostera, ez ditu horren hitz gozoak izan erakunde publiko eta administrazioentzat. Horien laguntzak nabarmen gutxitu baitira, eta kasu batzuetan desagertu ere bai. Hala nola badira bost urte Nafarroako Gobernuak ez diola Nafarroa Oinez-i diru laguntzarik ematen. Egoera horri aurre egiteko, erabakitzeko ahalmena duten eragile politikoek esku hartzeko eskatu du Suarezek. «Euskararen muga Ebroren beste aldean jarrai dezan».

Helburu ekonomikoaz gain, Argia ikastolaren eta euskararen presentzia eskualdean zabaltzeko helburua zuten. Lujanek esan du hori erabat bete dutela. «Urte osoan ekitaldi ugari egin ditugu bai Tuteran bai Erriberako beste herri batzuetan. Jendearen erantzuna oso positiboa izan da», adierazi du Lujanek. Antolatutako hainbat ekintzatan eta Nafarroa Oinez-eko egunean bertan ere eskualdeko jende askok parte hartu duela nabarmendu du. Haren aburuz, «horrek beste toki batean ez luke zentzu handirik izango», baina euren kasuan euskararen normalizazioaren bidean horrelako ekintzak berebiziko garrantzia dutela esan du. Tuteran pozteko arrazoiak badituzte ere, etorkizunean pentsatzeak «zorabio puntua» eragiten die.

Hurrengoa, Zangozan

Zangozako ikastolak antolatuko duen hirugarren Nafarroa Oinez izango da 2014koa. Aurretik 1987an eta 1998an antolatu zuten Zangozan ikastolen aldeko jaia. Azken jaiaren ostean eraikin berria egin zuten. Geroztik eraikin horren mailegua ordaintzen ari dira, eta hori zama ekonomiko handia da ikastolarentzat. «Mailegua kitatu arte, ikastola ez da ekonomikoki bideragarria izango soilik diru ekarpen eta kontzertuen bitartez», azaldu du Rebolek.

«Orain dela gutxi KEI Kalitate Egitasmo Integratuko ziurtagiria lortu dugu, kalitatezko zentroa ziurtatzen duen ziurtagiria. Hobekuntzarekin jarraitzeko konpromisoa dugu», azaldu du Rebolek. Alde batetik, bankuekin duten mailegua kitatu nahi dute, kalitatean inbertsioak egin ahal izateko, besteak beste, irakasleen prestakuntzan eta instalazioen hobekuntzan. Beste alde batetik, DBH eta LHko eraikinak energetikoki eragingarriak izateko eraberritze lanak egin nahi dituzte. Horrek aurrezpen ekonomiko handia ekarriko luke ikastolarentzat.

Hurrengo Nafarroa Oinez-eko leloa eta irudia aurkeztu dituzte. Nagore Oria eta Izaskun Baztan ikastolako irakasleek egin dute leloa: Esan, izan, Zangozan. Esan, euskarak Zangozan esateko asko duelako. Izan, esateko hizkuntza sentitu behar delako, Zangozan euskaldun izan nahi dutelako. Goza, euskararekin gozatu nahi dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.