Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: eguneko erreportajea

Iragana? Zer da hori?

Euskalteletik Europcarrera igarota, «indarberrituta eta ilusioz gainezka» dago Romain Sicard lapurtarra. Iraganeko lesioak ahaztuta, txirrindulari sentitu nahi du berriz ere.

Romain Sicard, herenegun, Euskal Herriko Itzuliko lehen etapan, Gaintza igotzen, ihesaldian atzean geratu berritan. GOTZON ARANBURU / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Oiartzun
2014ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
«Ez, ez; euskaraz ez». Barkamen keinu txiki batekin hasi du azalpena Romain Sicardek. Lehen etapako egurraren ondoren, erdi herrenka iritsi da kazetariaren ondora, goizean goiz, autobusean sartu eta Oiartzundik Ordiziara abiatu aurretik (Gipuzkoa). «Goizeko bileran, autobusean, ez genuen erabaki ni ihesaldian sartzerik, baina aukera ikusi nuen, eta…». Hantxe sartu zen. «Ez nuen ezagutzen Gaintzako igoera». Eta horregatik egingo zuen aurrera, ziurrenik. «Oso ibilbide gogorra izan genuen, baina itzuli guztietan, lehen etapan, inork ez du jakiten zehatz-mehatz nola dagoen, eta saiatzea erabaki nuen. Hori da egin beharreko gutxienekoa». Tropelak gertutik zaindu zuen, ordea, ihesaldia. «Ez ziguten utzi denbora asko hartzen, faboritoen arteko lehia nahi zutelako amaieran».

Gaintzako aldaparik gogorrenean amore eman behar izan zuen arren, pozgarria da Sicard, aspaldiko partez, ihesean eta oldarkor ikustea. Tropelean «atseden hartzeko asmotan» zegoen atzo goizean. «Gorputz guztia nekatuta daukadalako». «Eskerrak» eman nahi izan zizkien bezperan errepide bazterrean bildu ziren zale guztiei. «Harrigarria izan zelako sortu zuten giroa». Bezperakoa lehenbailehen ahaztuta, ordea, «egun berezia» espero zuen atzo. Izan ere, Baionan bizi da egun. «Eta entrenamenduetako errepideetan barrena ibiliko gara egun guztian. Sufritu egingo dut, ziur, baina inguruak ezagunak izango dira gutxienez». Indarrak neurtzeko ez da txarra izaten hori. Behin Lapurdin sartuta, ez zitzaion falta izan etxekoen eta ingurukoen babesik. Tony Martinengandik (Omega) 30 segundora helmugaratu zen atzo, tropel nagusian.

«Euskal Herriko Itzulian egon beharra neukan». Azalpen zehatz horrekin argitu du taldearen azken orduko aldaketa. Parte hartzaileen lehen zerrendan ez zegoelako Sicarden izenik. «Baina niretzat oso berezia da lasterketa hau. Kadete mailatik hemen aritu naiz lehiatzen, eta etxean sentitzen naiz». Presioa ez, «motibazioa» da lapurtarrarentzat etxeko lasterketa. Eta, urte batzuk atzera egin zuena berresteko, dezente behar du, oraindik ere, sendagai horretatik.

«Beste etapa bat hasi dut», aitortu du, irmo, talde aldaketari buruz hizketan hasitakoan. Europcarreko etapa. «Oso ondo moldatzen ari naiz oraingoz. Beste talde batera egokitzen ari naiz, baina oso harrera ona egin didate denek». Urrutira joan gabe, kontratua sinatzeko etxean bertan azaldu zitzaion Jean-Rene Bernaudeau Europcarreko arduradun nagusia. «Keinu polita da hori». Bi aldeak ados jarrita, laranjatik berdera, aldaketa hainbestekoa ere ez dela izan onartu du. «Oso batuta dagoelako talde guztia, eta, Euskaltel-Euskadin gertatzen zen modu berean, harrobiarekin lan handia egiten dutelako hemen ere».

Profesionaletako taldeaz gain, gaztetxoena ere badauka Europcarrek. «Eta oso gaztetatik saiatzen dira txertatzen talde giroaren garrantzia eta jarrera erasokorra». Davide Malacarne atzo ihesaldian sartu zen txirrindulari italiarra du gelakidea itzulian. «Eta ez daukat inolako arazorik. Guztiak ari zaizkit asko laguntzen». Thomas Voeckler eta Pierre Rollandengandik hasi eta txirrindularirik apalenera arte, guzti-guztiak «oso pertsona arruntak eta gertukoak» direla argitu du.

«Taldera eta ingurura ondo egokitzeko». Lehenik eta behin, horixe eskatu diote taldean. «Eta bizikleta gainean berriz ere gozatzen saiatzeko». Ez zelako samurra izan Euskaltel-Euskadiren garaia. «Gogorra izan zen, bai». Orbean urtebetean zailduta, eta 2009an 23 urtez azpiko Munduko Txapelketa irabazita, World Tourrerako jauzia eman zuen etxeko taldearekin. «Eta lehen urtea ona izan zela uste dut». Baina belauneko arazoa izan zuen berehala. «Horrek, noski, ez zidan utzi benetan eman nezakeen mailarik ematen. Gutxi entrenatu nintzen, gutxi lehiatu nintzen, eta horrela ezinezkoa da goi-goi mailan aurrean ibiltzea». Belauna hitza entzun ere ez du egin nahi, hala ere. «Iragana da, iragana da», bota du birritan. «Aurrera begiratu nahi dut. Orain ondo dago dena, eta kito».

Euskaltel-Euskadi aipatuta, ezin utzi aztertu gabe proiektuaren itzalaldia. «Oso gogorra izan zen, talde soil bat baino askoz gehiago zelako; proiektu handi bat zen». Onartu du «zailak» izan zirela azken hilabeteak. «Eta denbora igaro ahala ohartuko gara benetan zer galdu dugun. Euskal Herriko Itzulian bertan, adibidez, edo Frantziako Tourrean, oso arraroa eta penagarria da Euskaltel-Euskadiren maillotik ez ikustea». Guztia «azkarregi eta modu gogorregian» gertatu dela uste du.

Klasikoak eta Italiako Giroa

Saiatzen da taldekide ohiekin harremana mantentzen. «Atzo bertan egon nintzen batzuekin, Ordizian, eta lasterketetan ere egoten naiz beste batzuekin». Eta gustatuko litzaioke aurrerantzean ere, denekin ez bada, gehienekin harreman hori mantentzea. «Oso giro berezia geneukalako taldekideon artean». Euskaltel-Euskadin argi samar edukitzen zuen denboraldi guztiko egutegia. «Baina klasikoak eta Italiako Giroa lehiatuko ditudala bakarrik dakit oraingoz. Aukeratutakoen taldean nago, behintzat». Eta ez da gutxi, lehia eta errepideko sufrimendua besterik ez zaizkiolako falta Sicardi 2009an 23 urtez azpiko Munduko Txapelketan erakutsi zuen sua berreskuratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.