Gerezien sasoirako musika

Musika izango da uztailaren 18tik 21era Itsasun egingo duten Errobiko festibalaren osagai nagusia

Turkiako Oksit taldeak hilaren 20an emango du kontzertua Itsasun, Errobiko festibala jaialdian. ERROBIKO FESTIBALA.
Erredakzioa
2013ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Gerezi sasoia da gerezi lurretan, eta gerezi hotsa dakar antolatzaileen galderak: «Menturatuko ote gira etorkizunaren sortzera?». Prest da dena Itsasun (Lapurdi) uztailaren 18tik 21era egingo den Errobiko festibalerako. 18. aldia izango du aurtengoa, eta aurkeztu dute egitaraua. Beñat Axiari jaialdiko zuzendariaren hitzetan argia da helburua: «bizitza dantzan jartzea». Musika, arte eta hitzaldi aukera aparta izango da, Euskal Herriko, Okzitaniako, Turkiako eta Europa ekialdeko hainbat talde eta artistari esker. Hiru eguneko gerezi sorta.

Oparoa da egitaraua, baina bada egitarauan sartzeko aukerarik izan ez duten ekitaldirik. Izan ere, aurten estreinatzeko asmoa zuten Itxaro Bordak idatzitako Gerezien denbora hiri pastorala, baina, azkenean, 2014ra atzeratu behar izan dute emanaldia. Baina festibalak ez dio utzi festibal izateari, argi dago, antolatzaileen esanetan, eta badute horretarako arrazoirik. Musika izango da nagusi, eta gauean izango dira eguneko emanaldi nagusiak.

Nelson Mandelari buruzko hitzaldi eta ikuskari batek abiatuko du jaialdia, 18ko arratsaldean. Mahai ingurua izango da lehenik, eta dantza eta musika ere izango dira. Afalostean izango da lehen musika saioa Atharrin, gune nagusian. 21:30etik hasita, Beñat Axiarik, Michel Queuille piano jotzaileak eta Julen Axiarik osatutako Larrosa Salbaiak taldea izango da oholtza gainean, eta ekialdeko Europako jazza jotzen duen Papanosh taldea arituko da ondoren.

Ostiralean, Andre Minvielle abeslariak eta Lionel Suarez eskusoinu jotzaileak osatutako bikotea izango da oholtzan lehenik, eta La Reunion Uharteko Christine Salemek eskainiko du emanaldia ondoren, Maloyako izeneko generoaren abeslari handienetariko batek. Larunbatean Turkiako Oksit taldea, klezmer musika eskainiko du Artichaut orkestrak, eta Tolosa (Frantzia) eta Euskal Herriko musikariek osatutako Big Band taldeak itxiko du jaialdia.

Egun osoko egitaraua

Musika saioak izango dira eguneko ekitaldi nagusia, baina egun osokoa da egitaraua, eta goizetik hasita izango da zer egina Itsasun. Eta adar asko ditu eskaintzak. Itsasuko ahots berriak hitzaldia emango du, esaterako, Francis Marmand kazetari eta idazleak 19an, eta artzainen kantuak izango dituzte mintzagai 20an. Beñat Axiarik gidatuko du saioa, eta Mixel Etxekopar, Jean Mixel Bedaxagar eta Mizel Theret izango ditu lagun.

Saio esperimentalagoak ere izango dira jaialdiko bigarren eta hirugarren egunetan. Poesia eta musika uztartzeko emanaldiak egingo dituzte, eta oholtzatik kanpo ere eramango dituzte artistak. Basoan arituko dira Matthieu Lebrun eta Meryl Marchetti ostiralean, esaterako, eta zuhaizpean kantatuko du Bedaxagarrek larunbatean. Baina jaialdian ez dira izango musikari horiek bakarrik. Luzea da zerrenda: Joseba Irazoki, Christine Martineau, Mobembo hirukotea, Jeanne Adeed eta Marielle Chatainere izango dira Itsasun.

Tailerrak ere izango dira, eta Jean Pierre Comte artistaren erakusketa jarriko dute Sanokin ikusgai jaialdiak iraun bitartean. Eta, azkenik, martxa poetiko bat egingo dute igande goizean «olerkiak eta kantuak hegalarazteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.