Ainhoa Aznarez. PSNko militantea

«Hilabeteko maskaradak kalte egin dio PSNri; askok kide izateari utziko diote»

«PSN erdibituta dago». Lurralde Batzordeko kideen erdiak soilik eman zion babesa alderdiko zuzendaritzari. Aznarezen esanetan, buruek kargua utzi beharko lukete hitza ez betetzeagatik.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2014ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Osteguneko Lurralde Batzordearen bileran, PSNko sektore batek zuzendaritzaren dimisioa eskatu zuen. Ainhoa Aznarez Iruñeko zinegotzi ohia ez zen batzordean egon, baina sektore horren proposamenarekin bat egiten du. Alderdia «erdibituta» dago.

Zer iritzi duzu azken egunetako gertaeren inguruan?

Lurralde Batzordeko kideen erdiek antzeko iritzia dugu. Otsailaren 13an, PSNko idazkari nagusiak esan zuen zentsura mozioa egongo zela Barcina andereak gobernutik alde egiten ez bazuen eta hauteskundeetara deitzen ez bazuen. Hori guztia egokitu zaigu, pentsatuz aurrera egingo zutela, nahiz eta aurrekariak baziren. Gero, Jimenezek esan zuen Nafarroan PSOE bera dela eta Lizarbek zentsura mozioari ere eutsi nahi izan zion. Bagenekien zer gertatzera zihoan, baina itxaropena genuen. Gure aldarrikapena zen zentsura moziorik izan ezean zuzendaritza guztiak dimisioa eman beharko lukeela.

Osteguneko bileran, zuen proposamena ez zen bozkatu ere egin.

Lurralde Batzordetan zuzendaritzaren ebazpena aztertzen da, eta soilik testu hori bozka daiteke. Batzuetan, testu horren gaineko zuzenketak aurkez daitezke, baina, gure proposamena zuzendaritza guztiak dimisioa eman behar zuela zenez, ez zen bozkatu.

26 lagunek ez zuten bozkatu, zazpik aurka bozkatu zuten, eta 45 abstentzio izan ziren. Hala, erdiek soilik bozkatu zuten zuzendaritzaren ebazpenaren alde. Zer esan nahi du?

Esanahi garrantzitsua du, eta azpimarratzekoa da. Alderdia erdibituta dago. Batzuok gauza bat aldarrikatzen dugu, eta beste batzuek, beste bat. Beharbada, 2007an gauzak ez zeuden orain bezala. Egoera aldatu da, eta Nafarroan hainbat eragile gabiltza esparru berrietan lan egiten, beste sentsibilitate batzuetako jendearekin hitz egiten, politika berri bat egiteko asmoz. Betiko politika hau amaitzear dago. Politikariek bere burua berritu behar dute, eta jabetu adostasunak lortzeko beste tresna batzuk erabili behar dituztela, eta herritarrek beste gauza bat nahi dutela. Hilabete bateko maskaradak kalte egin dio alderdi sozialistari. Jende askok utzi egingo dio kide izateari. Gogorra izan da.

Zeinena izan da erru handiagoa, PSOErena ala PSNren zuzendaritzarena? Hasieratik ez al zituen PSNk ondo neurtu bere pausoak?

Hor dago arazoa. Idoia Nieves Nuinek bere salaketa egin zuenean, horrek eraman zuen beharbada Jimenezek bere hitzak ez neurtzera. Jakina, PSOE alderdi federala da, eta hartzen diren erabakiak beti derrigorrean pasatu behar dute zuzendaritza federaletik. Nik ez dakit nola gerta daitezkeen horrelako gauzak eta nola har daitezkeen erabakiak adostu gabe. Adostuta ez bazeuden, gaizki, eta adostuta bazeuden, norbaitek ez du egia esan. Hori jakitea falta da. Mesfidantza bat sortu da herritarren artean eta alderdi barruan. Horrek behartzen du Roberto Jimenez eta zuzendaritza guztia dimisioa aurkeztera eta alde egitera, ez dutelako bete esandakoa. Berriz ere aldaketaren ideia saltzea zail dute... Ezkerrak eta Geroa Baik eta Bilduk sentitu behar dute iruzur egin dietela, eta hala gaude alderdi barruan ere.

Alderdi barruan gauzak alda daitezke? 2007an ahots kritikoak altxatu ziren,eta espedientea ireki zieten berehala.

2007an Fernando Purasek, bere koherentziari eutsiz eta duintasun handiz, bere kargua utzi zuen eta hori da egin behar dena norberaren proiektua ez bada aurrera ateratzen. Kargua alderdiaren eskuetan jarri behar dute. Ez da ezer gertatzen. Apustu bat egiten duzu, eta ez da aurrera ateratzen. Ezin duzu alderdia zatitu horregatik. Lurralde Batzordea ostegunean ipini zuten. Jende asko herrietatik etorri behar da, lanorduak dira eta denak ez ziren agertu. Batzordea egin zezaketen iragan larunbatean. Bazekiten zertan zebiltzan, eta bazekiten zein zen emaitza eta zer ondorio izango zituen. Agonia bat izan da.

Kezkaz ikusten al duzu PSNren eta PSOEren arteko ikusmolde distortsionatua? Nafarroan gauzak modu batera ikustea eta Espainian bestera?

Beti esan dut Nafarroan bizitzea eta Ferrazen bizitzea oso desberdina dela. Ferrazek ikusten du hemendik kontatzen dena. Hemendik kontatzen bada istorio bat, hori sinetsi behar dute. Politika egiteko formula hori aldatu egin behar da, eta, PSOEk nahi badu bere sinesgarritasuna berreskuratu, egin behar duena daerrepublikanismoa eta federalismoa jorratu. Ez dut ikusten alderdia federalista denik. Maiatzeko Europako hauteskundeetara begira ere ez dakit zein den proposamena. Federalismoa, Espainiako ereduari beste buelta bat emateko? Hori bada proposamena, oraindik orain gure alderdian izan duguna zentralismo hutsa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.