Kritika. Musika klasikoa

Erasoa euskal musikagintzari

2013ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Bilbao Orkestra Sinfonikoaren denboraldiko 7. kontzertua.

Zuzendaria: Michael Sanderling. Sopranoa: Maria Espada. Egitaraua: Franz Schubert eta Gustav Mahlerren lanak. Non: Euskalduna Jauregian. Noiz: Herenegun.

Bilbo Orkestra —Sanderling zuzendari zuela— kontzertu ederra ematen ari zen bitartean, euskal kulturgintzak frankismoaren ostean jasango duen erasorik bortitzena prestatzen ari dira: hots, Euskal Autonomia Erkidegoan, Bizkaian eta Bilbon dauden botereek iragarri dute Euskadiko eta Bilboko orkestrak bat egiteko prozedura martxan jartzea, Orkestra Nazional? bat sortzearen truke eta krisiak eragindako murrizketen aitzakiaz. Horrek eragingo luke Bilboko Orkestra desagertzea instituzio moduan eta hainbat murrizketa Euskadikoan. Bilboko orkestrak 90 urte ditu: hau da, Iberiar penintsulan sortu zen lehenetarikoa da, Iruñkoaren atzetik,urte askotan hegoaldeko hiru probintzietako erreferentzia izan zena eta Athleticen atzetik Bizkaiak izan duen markarik ohoretsuena. Ez dugu ulertzen agintari berriek hartu duten jokabidea Espainiako gobernuaren murrizketen alde eta herritarren gehiengoaren aurka, eta ez, esaterako, Islandiak hartu zuen bidea ustelduen kontra! Egon litezke barrabaskeriak Bilboko Orkestran; bada, garbi ditzagun! Izan litezke kudeaketa desegokiak, zuzen ditzagun! Posible lirateke ustelkeriak eta putzu ilunak izatea, argi ditzagun kontuak. Azken batean, diru publikoa da; agintean daudenak bitartekariak baino ez dira, eta zergadunen eskuetan legoke lehentasunak erabakitzea: AHTa, San Mames Barria edo Bilboko eta Euskadiko Orkestrak. Aurreztu egin behar da, ziur, bai! Baina kentzea, inolaz ere ez! Nire iritzian, euskal orkestra biek tokia izan beharko dute hain musikazale den euskal jendartean. Bilbokoak, berriz, lan gehiago egin beharko du etxean, beharbada. Baina biek ala biek dute goi maila, gazte ikasleen erreferentzia dira, milaka eta milaka melomano mugitzen dira haien inguruan; dirua baino zer edo zer gehiago betetzen dute. Hutsegite historikoa litzateke Bilbokoa erailtzea eta Euskadikoa erdira laburtzea.

Entzun dugun kontzertuari dagokionez, harritu egin gaitu Bilboko Orkestrak lortu duen garbitasuna, instrumentu bakoitzaren tinbreen lerdentasuna, ganbarako orkestra bat balitz bezala, Mahlerren 4. sinfonian. Orkestraren gaitasunaz gain, Sanderling zuzendariak jarri zuen instrumentuen ezohiko kokapena, eta haren zuzendaritza saiatu, fresko eta jakintsua egon litezke arrakastaren oinarrian. Hasierako txandan, Schuberten Rosamundaren Oberturan eta Liederren hautaketan orkestrak ondo interpretatu zuen musika samurra, biolin baten tarratada txikien eta tronpa baten desafinatze laburraren salbuespenarekin. Maria Espada sopranoak, gustuz abestu zuen konpositore beraren 5 lieder, fraseo adierazkor, afinazio, azentuazio eta ahoskera egokiekin. Eta, modu berean, txukun abestu zuen Mahlerren laugarreneko liederra ere, nahiz eta haren ahotserako hain egokia izan ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.