Komunikazioa. Euskadi Irratiaren 30. urteurrena (eta IV)

Oroimena ur freskoa delako

Erakundeetako ordezkari, irratiko zuzendari ohi, gaur egungo esatari, kolaboratzaile eta entzuleekin ospatu zuten atzo urteurrena, Donostiako San Telmo museoan.

Mertxe Ezeizak 80ko hamarkadan aurkezten zuen Aizu, Aizu saioak jaso zuen Irratia saria. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Euskadi Irratia sortu zen tokitik, aurreneko langileek itsasoa ikusten zuten. Poza, ilusioa eta aurrera jotzeko gogoa zuten orduko langileek». Hala dute gaur egunkoek ere. Felipe Juaristi Euskadi Irratiko zuzendariak 30 urteotan itsasoratu diren uhinen gaineko begirada poetikoa eskaini zuen atzo Donostiako San Telmo museoan. «Oroimena ur freskoa da», iradoki zuen. Eta Euskadi Irratia bere entzuleekin oroitu zen urteurreneko ekitaldian. Entzule fin izan diren herritarren ordezkari modura, bost lagunek jaso dute Gertu saria: Julene Miner, Julian Goikoetxea, Aitor Mitxelena, Leire Esnaola eta Maite Zabaletak.

Gaur egun, 100.000 entzule inguru ditu Euskadi Irratiak. «Entzule datuak adierazgarriak dira. Irratiak lotura emozionala du audientziarekin, eta hori funtsezkoa da. Gure xedea audientzia mantendu eta handitzea da», adierazi zuen, euskaraz, Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak. Entzuleen fideltasuna eskertu zuen Suriok, baita Euskadi Irratiko langileek « euskal gizartearekiko duten konpromisoa» ere.

Entzuleak, sarituak, eta entzuleak, saioak oroitzen. Euskadi Irratiaren historiako irratsaio kuttunen, Aizu, Aizu lehiaketa aukeratu dute entzuleek. Mertxe Ezeiza esatariak gidatu zuen saio hura, 1983tik 1990era; programa, aurreneko urtean, Jesus Mari Gabirondok egin zuen. Irratia saria jaso zuen atzo Ezeizak, eta entzuleei eskerrak eman: «Erraz entzuteko moduko galderak egiten genituen, eta zailxeagoak ere bai. Oreka horretan asmatzen genuen». Oroitzapen oso ona du Ezeizak saioaz: «Jendeak parte hartzen zuen, eta horrek irratian funtzionatzen du».

Fideltasunaren saria, berriz,30 urteotan Euskadi Irratian irakargiak jarri dituzten bi enpresentzat izan da: Endañeta Altzariak eta Baque Kafeak.

Euskadi Irratiaren 30. urteurrena ospatzeko ekitaldia Alos Quarteten musikak girotu zuen. Eta kultura, politika zein irrati munduko ordezkari ugari izan ziren ziren bertan. Erakundeetatik, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Lourdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Juan Karlos Eizagirre Donostiako alkatea. San Telmon ziren baita ere Ramon Labaien Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua Euskadi Irratia sortu zen urtean, Jose Mari Otermin lehen zuzendaria, zein Julian Beloki, Odile Kruzeta eta Rosa Diez Urrestarazu zuzendari ohiak. Ekitaldira gerturatu ziren, besteak beste, Patxi Baztarrika, Jose Luis Lizundia, Garbiñe Biurrun, Denis Itxaso, Laura Mintegi, Marian Beitialarrangoitia, Miren Azkarate, Mikel Izagirre, Mariasun Landa, Arantxa Urretabizkaia, Iñaki Murua eta Joan Mari Larrarte.

Gailu eramangarrietan

Euskadi Irratia gaur egun zuzenean entzun daiteke telefono eta tabletetako EITBren aplikazioetan —Google Playn zein Apple Storen jaits daitezke—. EITB taldeko beste irratiak ere entzun daitezke aplikazio horietan. Halaber, EITB Nahieran zerbitzuaren bitartez Euskadi Irratiko saio onenak entzun daitezke, baita sare sozialetan partekatu ere. Aipatutako aplikazio horiek Xare Euskarazko Teknologia Berrien Azokan aurkeztu zituzten atzo.

Kostaldeko trena-k eguneroko emisiotik Internetera jauzi egin duen moduan, Euskadi Irratiak ez du etorkizuneko trena galdu. Arantxa Kaltzada programazio buruak esan zuenez: «Irratiaren etorkizuna orain hasten delako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.