Capdevielleren aldaketa ez da iritsi legebiltzarrera

Hasiera batean baiezkoa eman baldin bazuen ere, azkenean aldaketa atzera bota du Finantza Batzordeko buruak

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Azkenean Colette Capdevielle diputatu sozialistak deszentralizazio erreformari aurkeztu aldaketa ez da iritsi Frantziako Legebiltzarrera. Hasiera batean onartu baldin bazuen ere, iritziz aldaturik, atzera bota du Gilles Carrez Frantziako Finantza Batzordeko presidenteak. Hori dela eta, Capdeviellek ezin izan du bere testua legebiltzarrean azaldu.

Konstituzioaren 40. artikuluan oinarritu da Carrez erabakia azaltzeko orduan. Artikulu horren arabera, parlamentarien aldaketek ezin dute gastu berririk sortu. «Zentsura kezkagarria» salatu du diputatu sozialistak. Bere keinuaren esplikazioa diputatuen aitzinean azaltzeko exijitu diote Carrezi hainbat parlamentarik. Legedia zorrotz aplikatu beharra daukala erantzun du Carrezek.

Capdevielleren aldaketa ez da 40. artikuluaren aitzakiarekin baztertua izan den aldaketa bakarra. «Ondare kulturalean berezitasun bat» izateaz gain, «elkartasun espazio bat» osatzen duten lurraldeentzat lurralde elkargo bat osatzeko aukera planteatzen zuen testuak. Horrez gain, poloei buruzko artikuluei ere aldaketak aurkeztu zizkien, egitura horiek «irekiak» izatea galdetuz. Horiek ere atzera bota ditu Carrezek.

Batasuna ez da uniformetasuna

Erabakia salatzeko hitza hartu zuen atzo Capdeviellek: «Batasuna ez da uniformetasuna, Paris ez da Lyon, Lyon ez da Brest, eta Brest ez da Baiona. Lurralde batzuek dituzten eskaerei begira dagoen erresistentziaren arrazoiei buruz galdezka nabil». Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak egin lanaren berri emateko baliatu zuen hitzartzea.

Ipar Euskal Herriko aldarriakParisen entzuna izateko duen zailtasunaren berri ere eman zien. Lurralde elkargoaren eskaera eta hori ez onarturik, sindikatu mistoarena legebiltzarrean entzuna izateko hiru aldaketa aurkeztu behar izana deitoratu zuen. Alta, Konstituzioak ahalbidetzen duen esperimentazio prozesuaren bidez aldarriari erantzuteko aukera bazegoela ohartarazi zien.

Ipar Euskal Herriaren egituraketari begira Capdeviellek eta Frederique Espagnac senatari sozialistak aurkeztu aldaketak ez direnez onartuak izan, ez da, beraz, Ipar Euskal Herriaren aipamenik izanen erreforman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.