Ezarian. Sanferminetako pankartak

Ironiaren buelta

Umorea, kritika eta ironia berreskuratu dituzte Iruñeko peñek pankartetan, eta askariak egingo dituzte zezenketen orduan.

Irrintzi peña. Ironiaz betetako nahas-mahasa egin dute Irrintzi peñako kideek. Asko dira gaiak: Japoniako tsunamia, festarako aurrekontuen murrizketa, hauteskundeetan Bilduk izan duen presentzia eta kuien krisia. - / BERRIA.
Inigo Astiz
Iruñea
2011ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Itzuli dira koloreak, kritikak eta umorea. Itzuli da «betiko zuria» Iruñeko peñen pankartetara, Endika Lacuey Iruñeko Peñen Federazioko lehendakariak adierazi duenez. Salbuespena izan zen iazkoa, izan ere. Beltz atera zituzten pankarta guztiak, udalak adierazpen askatasunaren eta jai herrikoien aurka eginiko erasoak zirela-eta protesta egiteko bide gisa. Baina aurten bueltatu egin dira marrazkilariak, eta peñen pankartetan ohiko begirada kritikoa ikusi ahal izango da festetan. Bueltan da parodia, berriz ere, eta 2011ko hiriaren argazki umoretsua eskaintzen dute pankartek. Ironikoa.

Bat eta bakarra da erregea pankartetan. Erregina: Yolanda Barcina. Hamabi urtez izan da Iruñeko alkate, eta Nafarroako presidentea da orain, aurreko ostegunaz geroztik. Harreman luzea, eta gorabeheratsua izan dute urte hautean harekin, eta aukera ez dute galdu peñek. Despedida egin diote. Umoretsua, bai, baina batez ere kritikoa. Sanfermineroa, funtsean. Hamasei pankartetariko hamairutan ageri da UPNko burua, eta Simon Santamaria du ondoan haietako askotan, Iruñeko udaltzainen burua.

Eta behin baino gehiagotan ageri da Barcinaren aurrean Julieta Itoiz iruindarra ere, La Chula Potra ezizeneko rap abeslaria. Barcinari buruzko La Bofetada izeneko abestiaren egilea, orain gutxi alkate zenak helegitea jarri baitio haren hitzek iraindu egiten dutelakoan. Asko dira gaiak, halere: Japoniako tsunamia, hauteskundeetan Bildu koalizioak izan duen presentzia, Aranzadiko baratzeen desagertzea, emakumeen aurkako bortizkeria, Jose Antonio Camacho Osasunako entrenatzaile ohia...

Lacuyren hitzetan, halere, iazko protesta ez zen alferrekoa izan. «Iazko pankarta beltzekin, eta egun batez zezenketetara ez joateko erabakiarekin zabaldu nahi izan genuen jai herrikoien aldeko aldarria, eta jendeak bat egiten zuen eskari harekin».

Zezenketen alternatiba

Hori da Lacueyren hitzetan peñen asmoa. Horregatik, aurten, zezenketetara joaten ez diren herritarrentzako herri askariak antolatuko dituzte sanferminetan San Frantzisko plazan. «Gero eta gutxiago dira urtez urte zezenketetara joaten direnak. Hutsune bat badago festetan zezenketen orduan zezenetara joaten ez direnentzat, eta hori betetzen lagundu nahi dugu». Bi txaranga bidaliko dituzte peñek, horregatik, askarietara.

Ez da gisa horretako ekimen bakarra izango. Peña txikien egunak ere antolatuko dituzte. Eta jadanik galduta den ohitura bat berriro antolatzen saiatuko dira. Zezen plazan dantza berezi bat egiten zuten iruindarrek garai batean, zezenketak bukatzen zirenean, Pilindros jota izenekoa. Iaz ere egin zuten hura berreskuratzeko ahalegina, baina ez zuen arrakastarik izan, eta aurten bigarrenez egingo dute saioa. Hala, zezenketa bukatzean, txarangen musikarekin dantza egitera animatu dituzte herritarrak.

Saferminen aurretik ere izango da prestaketarik. Larunbata honetan, adibidez. Egun osorako antolatu duten festa egunean, Peñen Egunean, hain zuen ere. Goizetik hasi eta gauera arte izango da festa, eta egun horretan erakutsiko dituzte pankartak ofizialki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.