Nawal al-Saadawi. Medikua eta feminista egiptoarra

«Mubarak barrezka ari zaigu bere ohetik»

A. IRAZABAL.
Ane irazabal
Kairo
2012ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Herrialde arabiarretako feminismoan erreferentzia da Nawal al- Saadawi psikiatra ospetsua (Kafr Tahl, Egipto, 1931). Gaztetatik, ablazioa egin ziotenetik, emakumeen eta zapalduen aldeko borroka izan da haren iparra. Bidean, nonahi izan izan ditu etsaiak. Anwar el-Sadat presidentearen garaian Egiptoren politika ekonomikoa salatu eta kartzelara bidali zuten. Hamarkada bat geroago, AEBetara alde egin behar izan zuen, islamisten mehatxuak zirela eta. Bere obretan, osasuna eta klase zein genero borroka lotu ohi ditu. Tahrir plazan iaz bizitakoak «energia» eman ziola nabarmentzen du. Halere, oso eszeptikoa da Egiptoko ustezko trantsizio demokratikoarekin.

Zer iruditu zaizu presidentetzarako hauteskundeen lehen txanda?

Ez dut botorik eman, eta, noski, bigarren txandan ere ez dut parte hartuko. Hauteskundeen aurka agertu naiz hasieratik. Kontseilu Militarrak parlamenturako eta presidentetzarako bozak erabili ditu iraultza eragozteko. Nola gidatu dezakete militarrek ustezko trantsizio demokratikoa? Ez gaitzatela engainatu. Egipton ez ditugu hauteskunde askeak izan. Bestalde, mesfidatia naiz ustezko herrialde demokratikoetatik iristen ari den demokrazia ereduarekin.

Ahmed Xafik edo Mohamed Mursi izango da presidente berria. Iaz Tahrir plazara irten ziren iraultzaileentzat amesgaiztoa izan dira emaitzak.

Horregatik irten behar dugu kalera berriz ere. Batetik, ez dugu Mubaraken garaira itzuli nahi, eta, bestetik, ezin dugu onartu Anaia Musulmanen kontrolpean Iran edo Afganistan bezalako herrialdea bilakatzea. Boterea haien eskuetan uztea arduragabekeria litzateke.

Une arriksutsua dugu hau, iraultzaren aurkako kontraerasoa antolatzen ari baitira, bai Egipton, baita nazioartean ere. Ez dezagun ahaztu Mubarakek eraikitako sistemak bere horretan jarraitzen duela. Kontseilu Militarra, hedabideak eta Xafik dira horren ageriko hondarrak. Anaia Musulmanak ere erregimen zaharraren parte dira, Mubaraken garaian jazarpena sufritu zutela dioten arren.

Bestalde, Mubarak babestu zuten nazioarteko potentziak, AEBak, Israel, Saudi Arabia eta Qatar, iraultzaren aurkako kontraerasoa antolatzen ari dira. Ardatz boteretsua osatzen dute. Horregatik, batuta egon behar dugu, eta borrokatzen jarraitu.

Baina kalean herritar askok diote nekatuta daudela, ez dutela berriz ere plazara irten nahi. Egiptok «normaltasuna» berreskuratu behar duela irizten diote.

Hori da hedabideek iraultzaren kontra zabaldu duten lelo berria. Gure errua izan zen hogei egunetan iraultza bat egitea posible zela pentsatzea. Prozesu luzea izango da, eta urte asko beharko ditu betetzeko. Bitartean, normala da herritarrek beren bizitza egiten saiatzea. Nik, nire pribatutasunetik abiarazi nuen jarrera iraultzailea, eta handik atera nintzen kalera. Iazko protestek herritar askoren kontzientzia zabaldu zuten eta begiak irekiarazi zizkien. Sormenaren eta disidentziaren arteko harremana irakasten diet ikasleei, eta ez dut zalantzarik sormena landuz ikuskera kritikoa eta iraultzailea bultzatzen direla.

Erlijioak politika gidatzearen kontrakoa zara. Baina Egipto islam politikorako bira egiten ari da. Erregimenaren aurkako erantzuna izan dela uste al duzu?

Ez. Erlijio oro ideologia politikoa da, nire iritziz. Anaia Musulmanen historia aztertuz gero, nork babestu zituen XX. mende hasieran? Kolonialista britainiarrek. Nork finantzatu ditu parlamenturako eta presidentetzarako hauteskundeetan? Saudi Arabiak eta AEBek. Anaia Musulmanak eta salafistak talde politikoak dira, eta kanpoko potentziekin harreman estuak dituzte. Ez dira Egiptoren alde lan egiten ari.

AEBek adierazi dute arduratuta daudela islam politikoaren eraginagatik, baina hori gezurra da. Elkarri laguntzen diote. Biek babesten dute klaseetan oinarrituriko kapitalismoa eta finantzen inguruko diskurtso hotza. Oso ondo ulertzen dute elkar. AEBak Egipton indar hartzen ari diren feministen eta sozialisten beldur dira, klase eta genero zapalkuntza batzen dituztelako. Horregatik zentsuratzen gaituzte hedabideetan.

Gaur Hosni Mubaraken eta haren bi semeen aurkako epaia iristea espero da. Beste aukera bat, ordea, erabakia atzeratzea litzateke, ustez bozen bigarren txandan eragina izan ez dezan...

Epaiketa gezur hutsa besterik ez da. Hasiera-hasieratik ikuskizun bat antolatu dute, herritarrak nolabait isiltzeko. Egungo egoera ikusita, Mubarak barrezka ari zaigu bere ohetik. Eta Junta Militarraren laguntzaz, kontrairaultza antolatzen ari da ezkutuan. Mubarakek, bere familiaren bidez, zeresan handia du oraindik Egipton.

40 urte pasatu dira Emakumeak eta Sexua liburu aurrendaria idatzi zenuenetik. Herrialde arabiarretako feminismo berriari ireki zion bidea. Egun, zein unetan daude emakume egiptoarrak?

Emakumeak eta Sexua idatzi nuenean birjintasunaren esanahia eta emakumeen sexu organoen ebaketa aztertu nituen, eta polemika handia eragin nuen. Zoritxarrez, bi gai horiek arras korapilatsuak dira egun ere.

Nik uste dut ekonomiak gidatzen duela gizartea, eta, zoritxarrez, mundu kapitalista, patriarkal, arrazista eta erlijioso batean bizi gara. Testuinguru horretan, atzera eta aurrera ari dira emakumeak. Egiptoren kasuan, eremu pobreetako emakumeak inolako babesik gabe daude.

Baina kontuz hedabideetatik iristen diren mezuekin. Estatu demokratiko bezala definitzen diren herrialdeek hijab-a (beloa) erabiltzen dute Egiptoko emakumeen kontrako bidegabekerien sinbolo gisa. Beloa daraman emakume bat beste edozein bezain askea edo otzana izan daiteke. Ni bezain feministak diren emakume belodunak aurkitu izan ditut Tahrirren. Nolanahi ere, burua estaltzearen aurkakoa naiz, sinbolo erlijioso gisa bada. Izan ere, auzi politikoa da azken finean. Gizarteko sektore bat zapaltzea du helburu, bestea gailentzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.