Thailandiak eta Kanputxeak NBEra jo dute

Bi herrialdeetako armadak borrokan aritu dira azken egunotan, mugako eremu txiki bat kontrolpean hartzeko

Erredakzioa
2011ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Thailandiako eta Kanputxeako Atzerri ministroek heldu den astelehenean agerraldia eginen dute NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan, azken egunotan mugako eremu txiki batean izan duten gatazkari buruz bakoitzaren bertsioa azaltzeko. Bi herrialdeetako armaden arteko borroketan gutxienez zortzi lagun hil dira, eta desplazatuak milaka dira. Elkarri egotzi diote borrokak hasi izana.

Bangkok Post egunkariaren arabera, bi herrialdeetako Atzerri ministroek bertze herrialde batean elkartzea adostu dute Segurtasun Kontseilura joan aitzinetik. ASEAN Asia Hego-ekialdeko Nazioen Elkarteko bozeramaile Marty Natalegawa bien arteko elkarrizketa sustatzearen alde azaldu da. Kanputxeako lehen ministro Hun Senek, ordea, bien arteko negoziazioak «alferrikakoak» direla erran du, eta Thailandiari exijitu dio nazioarteko bitartekaritza onartzea. Gatazka hori «egiazko gerra» dela erran du Hun Senek.

Tenplu baten lurrengatik

Khmer herriaren Preah Vihear tenpluaren inguruko lur eremua da gatazka lekua. 1962an Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiak erabaki zuen lurralde hori Kanputxeari dagokiola. Thailandiak dio, baina, tenplua Kanputxearena den arren inguruko 6,4 kilometro karratuko eremua berea dela. Gatazka 2008an berpiztu zen, Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak Preah Vihear gizadiaren ondare izendatu zuenean. Gatazka konpondu arte izendapena atzeratzeko eskatu zuen Bangkokek.

Izan ere, Thailandiako gizartean asaldura sortu du Kanputxearekin duten gatazkak. Abhisit Vejjajiva lehen ministroak urteko lehen erdialdean hauteskundeak antolatuko dituela iragarri du, oposizioko alkandora gorriek istilurik sortzen ez badute. Istiluak, ordea, Vejjajiva sostengatzen zuten alkandora horiek eragin dituzte, haien ustez lehen ministroak Kanputxearekin ez duelako behar bezain gogor jokatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.