Kusturica gerran girotutako film bat zuzentzen hasi da, Monica Belluccirekin

Bosnian eta Serbian filmatu, eta Cannesko Zinema Jaialdiaren hurrengo ekitaldian estreinatzeko asmoa du

Agentziak
Sarajevo
2013ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Monica Bellucci eta Emir Kusturica izango ditu aktore nagusi Kusturicak zuzendutako hurrengo filmak, eta filmaketa lanak hasiak ditu jada hark zuzendutako lantaldeak, Sutjeskako parkean, Bosnia ekialdean. Bosnian ez ezik, Serbian ere egingo dituzte filmaketa lanak. Na mlecnom putu izango da filmaren izenburua (Esne Bidean). Gerra garaian identitatea aldatzea erabaki duen inteligentzia agente bat da pertsonaia nagusia (Monica Bellucci). Gizon batek lagunduko pasaporte faltsua lortzen (Emir Kusturica), eta biak maitemindu egingo dira. Gidoia Emir Kusturica eta Dunja Kusturica aita-alaben artean idatzia da.

«Aldez benetan gertatutako istorio bat da, aldez fikzioaren fruitu», Emir Kusturicak kazetarien aurrean azaldu duenez. «Amodioaren eta gerraren inguruko filma izango da, eta baita sugeak Itun Zaharreko garaietatik giza bizitzan duen dimentsio mitologikoari buruzkoa ere». Cannesko Zinemaldiaren hurrengo ekitaldian estreinatzeko asmoa du.

Teknologia berrietara ohitzeke

«Zaila da film kaxkar bat egitea, are zailagoa film on bat egitea; batez ere, teknologiak dena aldatu duen garai honetan», azaldu du zuzendariak. «Irudi digitalaren basakeriak murriztu egiten du lehen film bat zuzentzean sentitzen zen ilusioa». Teknologia berrien mundura erabat ohitzeke, oraindik ere «oin bat aurreko mendean» duela uste du. «Nire estetizismo guztia eta arte zinematografikoaren inguruan dakidana garai hartakoa da. Baina bada oraindik indar bat, hunkidura bat, eta horrek eusten nau».

Bellucciren ustez, Kusturicaren film berria «poetikoa eta biolentoa» da aldi berean. «Batzuek basatiegitzat jotzen dituzte nik lan egiten dudan filmetako asko, biolentziak agerpen handia duelako haietan, baina uste dut ez dagoela errealitatea baino basatiagoa izan daitekeen fikziorik». Kusturicarekin lan egiteko gogoz dago Bellucci. «Uste dut Kusturicak konfiantza duela nigan nik harengan dudan bezala, ez baitit probasaiorik egiteko eskatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.