Deportivo 2. Alaves 1

Badu zer zuzendua

Azken ordu laurdenean Deportivo estu hartu duen arren, Alavesek ezin izan du punturik bildu liderraren etxean

Guzman Casaseca, baloiarekin, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
2013ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Deportivo. Lux, Laure, Insua, Marchena, Luisinho, Alex, J. Dominguez, Culio, Juan Carlos (Rudy, 81. min), Borja (Kaka, 77. min) eta Luis Fernandez (Sergio Teles, 86. min).

Alaves. Goitia, Oscar Rubio, Mora, Jarosik, Manu Garcia, Jaume (Toti, 76. min), E. Sanchez (Lazaro, 43. min), Guzman (Quiroga, 51. min), Oscar Serrano, Borja Viguera eta Ion Velez.

Golak. 1-0. Juan Carlosek (28. min.); 2-0. Borjak (47. min.). 2-1. Viguerak (penaltiz, 67. min.)

Epailea. Gonzalez Fuertes. Txartel horiak: Deportivoko Insuari, Culiori eta Juan Carlosi; eta Alaveseko Jaumeri eta Ion Velezi.

Bestelakoak. 21.000 ikusle A Coruñako Riazor zelaian.

Lan gogorra du aurretik Juan Carlos Mandiak. Nahiz eta azken hogei minutuetan itxura ona eman, Alavesek atzo ezin izan zion Deportivori aurre egin Bigarren Mailako hamazazpigarren jardunaldiko partidan. Ez zen aurkaririk aproposena entrenatzaile postuari ekiteko, liderraren etxean debuta egitea ez baita samurra. Dena den, Gasteizko taldearen ahuleziek, batez ere atzeko lerroan, bere horretan jarraitzen dutela ikusi zen.

Hasieratik geratu zen agerian bi taldeen arteko desoreka. Deportivok alde batera eta beste batera mugitzen zuen baloia, eta bi hegaletatik saiatzen zen erasoan. Batez ere eskuin hegaletik, Juan Carlosen jokaldiekin. Alaves, berriz, kontraerasoak antolatzen saiatu zen, Vigueraren kontura. Lux atezainak, baina, 12. minutuan bakarrik eduki zuen lana, Viguerak berak eginiko jaurtiketa gogor batean. Deportivok, tartean, hegaletatik jarraitu zuen min egiten, eta halaxe etorri zen Juan Carlosen gola (28. min), Luisinhoren erdiraketa bikaina sareetara bidaltzean.

Alavesek lehen zatiko lepotik izan zuen burua bigarrenaren hasieran, eta Deportivok 47. minutuan egin zuen bigarren gola. Kasu horretan, Juan Dominguezek atzelarien artean erditik ikusi zuen zuloa, eta goleko pasea eman zion Borjari. Alaves okerrenean zegoenean, baina epaileak penaltia adierazi zuen gasteiztarren alde (67.min). Viguerak baloia sareetara bidali ondoren, partida zeharo aldatu zen; azken txanpan Mandiaren taldeak estu hartu zuen Deportivo.

Etxekoek azken minutuetan sufritu zuten arren, teknikari berriak ezin izan zuen punturik eskuratu bere estreinakoan. Atzoko emaitzarekin Alavesek azken aurreneko postuan jarraitzen du, hamasei punturekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.