Futbola. Polonia eta Ukrainako Eurokopa: Espainia-Portugal finalerdia

Aurkari izango ditu lagunak

Cristiano Ronaldo da Portugalgo selekzioaren zutabe nagusia. Gaur lau taldekide izango ditu aurrean: Alonso, Ramos, Casillas eta Arbeloa.

jon eskudero
2012ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Familia giroko norgehiagoka izango da Espainiaren eta Portugalen artekoa. Bai, behintzat, Cristiano Ronaldorentzat. Izan ere, Real Madrilen bere elastiko bera jantzita eduki ohi duten jokalariekin egingo du topo. Hain zuzen ere, Xabi Alonso, Arbeloa, Casillas eta Sergio Ramosekin. Portugalen aldetik Pepe eta Coentrao ere zelaian izango dira. Ordea, familian edukitzen den giro goxotik gutxi izango du partidak. Sutondoan egotetik sutan egotera badago aldea, eta bigarrenetik gehiago ikusi ahal izango da. Eurokopako finalean sartu ahal izatea dago jokoan, eta inork ez du hutsik egin nahi. Lagunak lagun izan arren, partida batez aurkari bilakatuko dira.

Ronaldo futbolari azkarra da, jaurtiketa bortitzekoa, baina, batez ere, nortasun handikoa. Ez zaio ezertan galtzea gustatzen. Irabazle amorratua da, eta gutxi axolako dio gaur nor duen aurrean. Une oro kontzentratuta dago, eta distantzia gordetzen du taldekideengandik. Hotza da, baina mundu guztiak dio errespetua taldean, zelaian erregea delako. Denbora librean ariketa fisikoa egiten aritzen da bere kasa, edota filmak ikusten. Hitz gutxiko portugaldarrak, baina, kalitate asko dauka, eta azkenaldian gola ere bai. Beraz, hobe dute espainiarrek erne ibili futbolak emaniko fenomeno horrekin.

Portugalgo selekzioko zutabe nagusia da Cristiano. Hark funtzionatzen duenean, taldeak emaitza onak lortzen ditu. Esaterako, Eurokopako lehen bi partidetan galduta egon ondoren, azken bietan hiru gol sartu ditu, eta beste hainbatetan egin du topo zutoinarekin. Herbehereen aurka birritan sartu zuen gola, eta Txekiaren kontra behin. Sasoi betean dago, eta ez da erraza gelditzen. Bestela, galde diezaiotela Arbeloa Espainiako eskuin hegalekoari eta portugaldarraren taldekideari. Gaur elkarren ondoan egongo dira, eta espainiarrak ezingo du une batez ere arnasa lasai hartu: «Cristianoren bizkarra zaintzea erronka latza da. Partidaren minutu guztietan gainean egon beharra dago, nahikoa baitu segundo bat gola sartzeko. Jokalari aparta da».

Bistan denez, Arbeloak ez du lan errazik izango, baina ezta Cristiano berak ere. Izan ere, Vicente Del Bosque Espainiako hautatzaileak plan bat prestatu du portugaldarra gelditzeko: «Cristiano jokoz kanpo uzten ahaleginduko gara, eta, horretarako, laguntza sistema erabiliko dugu». Antzeko sistema erabili zuten espainiarrek Hegoafrikako Munduko Txapelketako Portugalen aurkako partidan, eta ongi atera zitzaien. Ordea, Cristiano orduan baino jokalari hobea da egun, eta errebantxa gosez dago.

Talde bat 11 jokalarik osatzen dute, eta Portugal Ronaldo baino zerbait gehiago da. Ongi dago Real Madrileko jokalaria gertutik zaintzea, baina Espainiari ez zaio komeni harekin itsutzea, Nani ere area inguruan ibiliko baita. Ikusiko da ze izarrek egiten duen distira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.