Auzipetuei leporatu diete herri akusazioek sumarioa luzatu izana

Goirizelaiak dio AVTk eta DyJk ordaindu behar lituzketela prozesuaren kostuak absoluzioa emanez gero

Hodei Iruretagoiena.
Madril
2014ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Bi auzipeturenak salbu, guztien aurkako zigor eskaerak mantendu zituzten joan den ostegunean AVT eta Dignidad y Justiciak herri akusazioek. Santiago Hernarndoren eta Isabel Mandiolaren aurkako karguak erretiratu egin zituzten, eta ondorioz, absolbituta geratu ziren. Gainontzekoen aurka, ordea, hamar eta hamabi urteko zigor eskaerak eskatzen dituzte oraindik, fiskalak beste zazpi auzipeturi ere karguak erretiratu eta zigor eskaerak nabarmen jaitsi arren. Atzo argudiatu zuten jokabide hori.

Funtsean, fiskalak aipatutako «luzamendu bidegaberik» ez dela egon diote herri akusazioek. Horregatik jaitsi zituen eskaerak hark, baina AVTren esanetan, auzipetuen errua da luzamendurik egon bada. Zergatik? Batasunaren jarduerak eten ondoren ere jarduera politikoa egiten jarraitzeagatik. Horrek «zaildu» du sumarioa, herri akusazioen iritziz. Defentsako abokatu Iñigo Iruinek gogora ekarri zuen, ordea, pertsonek ez dutela eskubiderik galtzen alderdi bat legez kanporatu arren. Eta auzitegien erabakiekin arrazoitu zuen. 2003az geroztik egindako jarduera politiko eta publiko ugarietatik, bik bakarrik bukatu dute auzitegietan: 2004ko azaroan Anoetako proposamena aurkezteko ekitaldiak —badaezpadako neurririk ez zela urratu ebatzi zuten, Ermuko Foroak hori eskatu arren—, eta ezker abertzaleko kideek Juan Jose Ibarretxe lehendakariarekin eta PSE-EEko kideekin egindako bilerak.

«Fede txarrez»

Gainontzean, elementu berriren bat gaineratu nahi izan zuten, fiskalak karguak kendu zizkienen aurka. Adibidez, «ihesean zeuden ETAko kideei» dirua bidaltzen ziela haietako batek, Cabo Verdera. Jone Goirizelaiak erantzun zion: Cabo Verdekoak deportatuak direla, gobernuen erabakiz, eta kontu korronte arruntetatik bideratzen zela dirua.

Beste batzuen kasuan, defentsak aipatutako argudioa bota nahi izan zuten atzera. ETAri laguntzea egozten dieten auzipetuen artean badaude 1997an ETAren Alternatiba Demokratikoa zabaltzeagatik epaitu zituztenak, orduan ere, ETAri laguntzea leporatuta. Hori kausa beragatik bi aldiz epaitzea litzatekeela ukatu, eta gertaera ezberdinak zirela esan zuten.

Ondorio moduan, fiskalari jarraitu zioten HB epaitzeko eskatuz, eta herriko tabernen aurkako neurriak ere justifikatu zituzten, «oro har, sare terroristaren barruan duten paperagatik».

Herri akusazioen jarrera salatu zuen Gorizelaiak bere txandaren amaieran. «Fede txarrez» aritzea leporatu zien, besteak beste, fiskalak baino eskaera nabarmen handiagoak egiteagatik, defentsako abokatuaren hitzetan, arrazoirik azaldu gabe. Horregatik, eskaera luzatu zion epaimahaiari, auzipetuak absolbitzea erabakiko balu, AVT eta DyJ elkarteen gain uzteko prozesuak eragindako kostuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.