Sanferminak Iruñean. Hirugarren entzierroa

Azkarra eta jendetsua

Dolores Aguirreren zezenek erritmo bizian egin dute lasterka, eta gazte frantziar bat adarkatu dute Telefonicako zatianLarunbata izanik, lasterkari ugari bildu da entzierrora, batez ere Estafeta kalean

Asteburuaren eragina nabaria izan zen atzoko entzierroan. Jende andana bildu zen zezenen tartean lasterka egitera. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2011ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Bizi eta elegante egin zuten lasterka Dolores Aguirre ganadutegiko zezenek atzo. Larunbata izanik, aurreko bi egunetan baino korrikalari gehiago zegoen ibilbidean, eta zati batzuetan aurrera egitea nahiko zaila izan zen lasterkarientzat. Telefonicako zatian korrikalari bat izterrean adarkatu zuten arren, entzierroa azkarra izan zen, eta nahiko garbia.

Zintzo ospeari eutsi zioten Dolores Aguirreren zezenek atzokoan. Sevillako ganadutegiko (Espainia) sei zezen astunak —530 kilo arinenak eta 605 pisutsuenak— elkarturik eta samaldan atera ziren Gaseko eskortatik. Berehala, taldearen gidaritza joaldunek hartu zuten, eta Santo Domingoko aldapan aurretik joan ziren. Aldaparen erdialdera zezenetako batek aurrea hartu zien besteei, eta lasterketa buruan jarri zen, joaldunen parean. Behin baino gehiagotan, zezena eskuineko espaloira igo zen. Lasterkariak begiratzen zituen arren, ez zien ekiteko imintziorik egin, eta saldoarekin batera bideari jarraitu zion. Halere, ustekabean harrapatutako lasterkari batek baino gehiagok lurrean bukatu zuen.

Elkarturik eta joaldunak aurrean zirela igaro zituzten adardunek Udaletxe plaza eta Mercaderes kalea. Kale horretan, ohi baino lasterkari gehiago bazegoen ere, zezenek inolako arazorik gabe igaro zuten Mercaderesko bihurgunea, eta ez ziren hesiaren aurka talka egin ondoren erori. Zezenak ez, baina bai lasterkariak. Elastiko horia jantzita zeraman batek irrist egin zuen, eta lurrera erori zen. Mugitu gabe eta bildurik gelditu zen, eta adardunek ez zuten hankapetu ere egin. Estafetan elkarturik sartu zen taldea, baina, gutxika-gutxika, luzatzen joan zen.

Estafeta jendez mukuru

Asteburuaren lehen eguna izanik, makina bat lasterkari zebilen adardun taldea inguratzen Estafeta kalean. Izan ere, hainbeste ziren korrikalariak, gutxi batzuk bakarrik lortu zuten zezenen adarren ondoan sartu eta arineketan egitea. Taldea kalearen erditik zihoan, eta zirrikitu gutxi uzten zituen korrika egiteko. Adardunen artean sartzeko balentria ausartenek bakarrik erakutsi zuten. Batek baino gehiagok, tokia hartzeko, besoak ezker-eskuin dantzatu behar izan zituen.

Kalea jendez mukuru bazegoen ere, adardunek erritmo bizia zeramaten, eta erorketa dezente izan ziren. Taldea ixten zihoazen hiru zezenak atzean gelditu ziren kalearen bukaeran. Hiru adardunok bakarrik iritsi ziren Telefonicako zatira, eta adardunetako batek 23 urteko lasterkari frantziar bati adarra sartu zion ezkerreko izterrean.

Joaldunekin batera aurretik zihoazen beste hiru zezenek, plazan sartu orduko, ukuiluko bidea hartu zuten. Besterik egin zuten atzetik heldu ziren bi zezen beltzek. Plazako ukuiluko bidea hartzera zihoazela bazirudien ere, itzuli egin ziren, eta plazari itzuli erdia eman zioten. Unaiak kapotearen laguntzarekin saiatu ziren ukuilura bideratzen, baina alferrik. Azkenean, atzetik azkeneko zezenarekin batera zezen plazara sartu zen joaldunarekin hartu zuten ukuilurako bidea bi adardun beltzek.

Guztira, lau lagun eraman zituzten erietxeetara atzo. Telefonicako zatian eskuineko izterrean adarkatutako frantziarrari ebakuntza egin zioten Bideko Amabirjina erietxean. Adarkada ez zen larria izan, eta arriskutik kanpo dago. Beste hiru lagunak koolpeengatik artatu zituzten. Beste hiru zaurituetatik bik aurpegian hartu zuten min, batek Telefonicako zatian eta besteak Santo Domingoko aldapan. Hirugarrenak horkatilan zauria egin zuen Udaletxe plazan, eta zaintiratua du. Arin zauritutako hiru korrikalariok senda-agiria jaso zuten eguerdirako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.